Categoría: Documentos VII Asamblea
Visitas: 3802

 

   

1974. ETAren Agiria

                             

ETA-REN VII. Biltzar Nagusia 1976 ko irailean izan zen, eta sei egunez ehun bat militante bildu zituen: gehienak ETApm-ren izenean, baten batzuk Komando Berezien ordezkari bezala eta, azkenik, ETAm-ren bi kide behatzaile modura.

 Biltzar Nagusian bi txosten eztabaidatu ziren, Otsagabia txostenak bi zati zituen: lehenaren egileak Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur eta Javier Garaialde Erreka izan ziren, eta 76-VII-7ko data zeukan. Handik egun gutxitara Pertur desagertu zen, eta ondorioz ezin izan zuen bigarren zatiaren idazketan parte hartu (76-VIII-4eko data zuen bigarrenak), ezta Biltzarrean bertan ere. Otsagabia txostena, Documentos Y bildumako 18. liburuan argitaratua dago: lehen zatia 107. orrialdean eta bigarrena 197.ean.

 Beste txostena, PCko kide ohia zen Tomas Goikoetxea hernaniarrak egin zuen, eta bere izenburua «El Partido socialista del Pueblo Trabajador Vasco» izan zen.

 Bildutako gehienak, ETAm-ko bi behatzaileak barne, Otsagabia txostenaren alde azaldu ziren argi eta garbi. ETAm-rentzat, txosten horren edukia (ondoren azaltzen dugun VII. Biltzarreko erabakien agiria bezala), bat zetorren ETAm-k berak 1974eko urriaz gero erabilitako ikuspuntuarekin: borroka armatua eta masa borroka banandu beharra.

 Beraz, polimili-en ikuspegiak, Otsagabia txostenean eta VII. Biltzarreko erabakietan gauzatua, ordura arte ETAm-rena bakarrik izandakoarekin bat egin zuen. Logikoa zen, horren ondorioz. mili-en bi ordezkariak bi agiri haien alde agertzea.

 Ondoren emango ditugun VII. Biltzarreko azken erabakiak, Otsagabia txostenaren nolabaiteko laburpena dira eta erakunde militarraren eta alderdi politikoaren arteko destolestea bultzatzen du. Honek ETA pm-ren norabide aldaketa nagusia erakarriko zuen, ordura arte ETAm-rekiko banaketa eragin zuen planteamendua defenditzen baitzuen, hau da, adar armatuaren eta masa erakundeen arteko batasuna. Ez da harritzekoa, beraz, VII Biltzarreko erabakietan bertan, aurreko desadostasun horiek gaindituta, ETAm-rekiko berbatze asmoa ere aipatzea.

 ETAm-k, bere aldetik, Biltzar polimili-aren erabakiak bere egin zituen. 1976ko azaroko Zutik 67.ean, hain zuzen ere, erabakiok osorik argitaratu zituen aurretik ondoko hitzok azalduta: «Ikusten denez, ongi bereganatu ditu erakunde honek (ETApm-k) azken urte hauetako esperientzia eta hor dauzkagu, fruitu gisan, oraintsu egindako VII Batzarreko erabakiak. Hona hemen delako puntu programatiko eta ideolojikoak. Bat gatoz gu beraiekin».

 

VII. Biltzar Nagusiaren Agiria

Sar hitza

ETA-k bere VII. Biltzar Nagusia egin du. Duela gutxi oraindik, VI. Biltzar Nagusiaren II. zatia egin genuen, baina gertakizun berriak Euskadin biziki azkar gertatzen ari diranez, gure egintzaren onak eta txarrak aztertzeko, eta askatasunerantz Euskal Herriak daraman bidean gure eskuhartzea zer izan behar duen ikusteko ordua dela iruditu zaigu.

 Faszist diktaduraren bukaeraren atarian gaude Euskadin, kriminalki Euskal Herria deusezten saiatu arren, bere asmoak bete ezin izan dituen diktadura basati horren bukaeraren atarian.

 Euskadik, jasan dituen eraso, tortura, erahilketa, zapalketa orokorraren gain, nazio zapalkuntza eta kapitalist esplotazioa burrukatzeko ukan duen tinkotasuna agertu du beti. Bere barneko krisiez ahitua eta herri burrukak horretara beharturik, egoera berri bat sortu nahi du egun oligarkiak, egoera berri horretan bere klase nagusigoa erosoago burutzeko. Ezer gutxitarako balio izan dute atsedenik gabe zapalkuntzaren mende, eta herriaren burruka zanpatu nahirik faszist sistima odolkoiaren ahaleginen azpian igaro ditugun 40 urte hauek. Ezer gutxirako balio izan zuten herriaren aurka espetxeak, tribunalak, porrak tirokadak . Ezer gutxirako balio du iraultzaileak erahiltzea eta «bainera», «kirofano» eta antzeko zenbait torturabide miresgarri erabiltzea. Ezer gutxirako herriaren nahi biziak sendotzeko ez ezik. Ezbehar guzti hauen gain, herri honek bere hilak jaso eta negarrez estali ondoren, lantegi, hauzo, ikastola edo unibertsitate bakoitzean jarraitu du burruka, esplotazio mota orotarik at, Aberri Sozialista Askea eraikitzeko asmotan.

 

Carreroz geroko egoera politikoa

Boterea bere eskuetan eusteko, oligarkiak behar zuenaren zehazpenak ziren Francoren botere guztiahalduna, eta botere hori finkatzen zuten erakundeak, politika eta sozial mailan eta hau horrela izan zen gerra ondoren urte askoren zehar.

 Garai honetan errealitate bat bera ziren aginte edo botere politikoa eta ekonomikoa, eta klase nagusiak zituen arreten kidetasuna agertzen zuen klase nagusia gogorra eta oso bateratua bihurtuaz. Honetaz gainera, herria, eta langileria bereziki, desorganizatuak zeuden eta guda-galduaren sendimendua oso bizia zen bere barnean. Eta hau dena, erresistentzi mota oro eragozten eta uxaarazten zuen errepresio eta beldur giro batetan kokatu behar da.

 Frankist sistima batasun biribiltzat agertuarren, alde batetara utzi ezin diren bi agerkari ba zituen bere barnean, produzio bideak aitzineratzen doazenean beti azaldu ohi direnak; gutxika gutxika, luzarora begira frankist sistimak irtenbiderik ez zuela erakutsiko zuten hauek, eta azpian, izkutuan ba zegoela krisi bat, argitara irtetzeko egoera eroso bat baino behar ez zuena.

 Bi agerkari horiek hauk dira: batetik, frankist sistimaren aldakoitztasuna, Espainol Estatuan kapitalismak hartu benar zituen bide berrietara egokitzea ezintzen ziona. Eta bestetik, klase herrikoien desorganizazioa eta guda-galduaren sentimenduak ez direla amaigabeak, baizik eta Frankist sistimaren aurka guda berrí eta antolatuago bat erakartzen dutela.

 Bi hauk batera jokatzen dute eta, mailaka mailaka, 60.eko urteetan politik eta ekonomi boterearen artean dauden kontrajartzeak aterako dituzte argitara.

 Herri burrukaren bilakaera eta klase nagusiaren barneko krisialdiak emeki emeki joanen dira aurrerantz. Hauen aitzinamendua Francoren botere pertsonalak eragozten zuen bereziki, klase nagusiaren barneko joera ezberdinak bateratzen baitzituen berak, eta beren arteko kontrajartzeak arintzen, aldi berean, herri burruka oro itotzen zuten indar zapaltzaileak bere manupean eta bere esanera izanik.

 Klase nagusiak ba zekien Francok agintea zuen bitartean, tinko zeudela bere nagusitzaren oinarria k; bainan, ba zekien baita ere, pertsona bakar batetan funtsatua zegoen batasun horrek hutsune nabaria zuela: pertsona horren suntsidura edo itzaltzea. Horregatik, Fracoren botere guztiahaldunaren ondoan «beste Franco bat» sortu behar zen, denbora gutxiren barnean haren ordez  jarriko zena, klase nagusiarentzat zalaparta handirik egon gabe. Pertsona hau gogorra eta zorrotza izan behar zuen, bereganatu zitzazkeen joera guztiek, bere ordezkari zuzentzat hartuko zutena, Franco ez zegoenean haren leku garrantzitsua betetzeko gai izanen zen zapalketa sistimaren barnean. Gizon hau Carrero Blanco zen.

 Bainan, klase nagusiak aurrez ikus ahal izan ez zuena zera izan zen: Francoren bizitza bukatzen ari bazen ere, Carrerorena ere politikoki ia bukatzera zihoala.

 Franco zahartua eta Carrero hila, gauetik goizera buruzagirik gabe gelditu da klase nagusia eta bere oinarriak tinko ez daudela ikusten du. Bere itxurazko biribiltzaren erdian kolpatua izan da. Hemen nabari nabaria da ia politik boterearen eta ekonomi boterearen arteko bikoitztasuna.

 Erakunde aldakaitzei loturik dago botere politikoa, ideologi autarkizaleaz jabetua, faszista eta atzerakoia, beldurra eta errepresioa  sistematikoki erabiltzean oinarritua.

 Oligarkiaren ekonomi boterea; bere interesak ez dituela beregain hartzen frankist  aparatoak ikusten du oligarkia osoak egiten duena ez izan arren, eta gainera, urrats berriak ematerakoan zalantzak sortuarren, gauz bat ontzat ematen da orokorki; boterea eustea ez dela posible izanen sistimaren aldaketa sakonik gabe, eta nazioarteko kapitalismak eta herri burruken aurrerakada   handitu da (hautaketak, tolerantzia gehiago, 2. indultoa...) bainan azkenean, azpian, hor dago klase nagusiaren kontraesana; maniobramena herriaren eraginak itotzen du, eta bere azken euslekuari heltzera behartzen du: zapalketa eta indar errepresiboen jokabide kriminala.

 Azken batean, boterea galdu aurrez, oposizioko indar demokratiko-erreformazaleekin konpontzen ahaleginduko da oligarkia. Bainan, Euskadik, azken hamar urte hauetako burruka aurreratzen eta sakontzen jarraitzen duen bitartean, oligarkiak ezinen ditu bere egitarau demokratiko-burgesak burutu.

 Horregatik, egun Euskadin diren baldintza aurreiraultzaileak hartu eta, herriaren garaipenak itzul eginen dituzten erakunde herrikoietan hezurmamitzen ditugun neurrian, neurri horretan, euskal iraultza sozialista errealitate ukaezina izanen da. Utopia bat, garaipen posibilitate bihurtuko dugu.

 

 VII. Biltzar Nagusiaren Erabakiak

ETA-k, sorreratik beretik, Euskal Herriaren serbitzuko erakunde iraultzailetzat jo du bere burua, eta, Euskadiren eta Espainol Estatuko gainerakoaren bilakabidearekin batera. heltzen joan da urte hauetan zehar. Egun, urrats berri bat egiteko garaia iritxi dela dakusa.

 Horretara behartzen gaituzte baita ere, egungo Espainol Estatuko faszist sistima, burges demokrazia batetarantz aldatzeko bidean egoteak, Euskal Herri Langilearen kontzientzia eta burruka mailak, eta egoera berri horri abangoardia iraultzailearen aldetik erantzun egokia eman beharrak.

 Urrats honek, ideoloji mailako argipen batzu dakarzki lehenik, honoko puntu «minimo» hauetan zehatz detzazkegunak:

 1.- ETA independentziaren alde dago eta euskal estrategi batek oinarritzen du. Hau da, nazio zapalkuntzaren azken irtenbide bakarra Euskal Estatu Bateratua ezartzea dela uste du. Euskadi hartzen du klase burrukaren - eta beraz, iraultzaren - jokaleku autonomotzat, eta nazio itzalketaren aurka ari da, hau da, euskalduntzearen eta kultur berpizkundearen alde.

 2.- ETA, langileriaren serbitzutan dagoen erakunde iraultzaile bat da. Hau da, langileriaren gidaritzapean herrikoi klaseek agintea hartu eta gizarte sozialista eraiki dezatela nahi du eta, honetarako, produzio bideak sozializatu behar dira. Gizarte sozialista hori ezin da eraiki, oligarkia klase bezala -eta honek ezartzen duen bortxakeria- deuseztu gabe. Horregatik, beharreko izanen da bere aurka sozial, politiko eta militar bortxa erabiltzea eta bortxaren behar hau, ez da aginte politikoa herriak bere esku hartzerakoan amaituko.

 3.- ETA, burges demokraziaren barnean, Herri Boterean oinarrituriko estrategi baten alde dago; horren arauera, hautaketetan eskuhartzeari baino gehiago, euskal klase herrikoien erakunde autonomoen sorpen eta indartzeari emaien dio lehentasuna eta, bortxazko erasoen aurka, nazio eta klase erdiespenak zaintzeko eta defendatzeko Herriak duen eskubidea aitortzen du.

 4.- ETA-k erakunde iraultzaile denez, erdirakoitasun demokratikoaren arauak bereganatzen ditu, ideologi eta politika mailan batasun handia dagoenean bakarrik betetzen direnak.

 Erakundearen barnean eginiko ideologi eta politika eztabaida iraunkor eta atseden gabeak bakarrik garantiza dezake batasun hori, eta eztabaidaren zehar agertu behar dira dauden joera guztiak. Arau hori benetakoa gerta dadin, erakundearen barnean demokrazia garantizatuko duten funtzionamendu arauak, estatutoak eta egiturak egon behar dira.

 Euskal iraultzaren aldi berriaren aurrean, masa burruka girotzen duten baldintza berrien aurrean eta endorioz, Ezker Abertzalearen eta Euskal Herri Langilearen barnean zuzendaritza politiko bat egon beharraren aurrean, masa burruka eta burruka harmatua, biak egiten dituen erakunde batek, ezin duela zuzendaritza politiko hori bete ikusiaz, bi eginkizun horiek bi erakunde ezberdinetara banandu beharra dakusa ETA-k. Ondorioz, Ezker Abertzaleko beste jende sail batzuekin batera, tresna politiko bat sortzea erabaki du, euskal langilearen alderdi iraultzaile bat, zuzendaritza politikoa beregain hartu eta betetzeko gai izanen dena. Erakunde iraultzaile izaten jarraituko du   ETA-k bere jokaleku bakarra burruka harmatuarena izanik. Burruka harmatu hori ikuspegi politiko-militar batez egin beharko du. Antolaketa aldetik, ETA guztiz independientea izanen da alderdiari dituen epeak ulertzeko moduan eta bai epe horietako bakoitzean, Euskal Herri Langileari aurkeztu behar zaizkan alternatiba konkretuen ikuspegian.

 ETA-ren ustez, burruka harmatuaren oinarri estrategikoei buruzko hiru puntu hauek, eta aurrez agerturiko ideologia mailako lau puntuak oinarritu behar dute talde iraultzaile harmaruaren teoria eta praktika. Era honetan, hauek puntu «minimoak» eta utzi ezinak izan behar dutela deritzaigu ETA-n sartu behar duen edonorentzat eta, zehatzkiago, ETA-militarrankin biltzeko bilakabiderako eta batutzeko posibilitaterako.

 VII. Biltzar hau, eta erakundeak aurrez egin duen guztia, gure kondairan jarri dugun zedarri garrantzitsu bat dela uste dugu egiatan.

Biltzarraz gero, langileriaren eta Euskal Herri Langilearen abangoardiako erakunde bihurtu nahi zuen ETA-k. Gaurdaindio bide kontraesanez, eta batean eskubitar -bestean ezkerretar- eginiko urratsez egina izan da. Hau ukatzea, zatiketa guztiak ukatzea izanen litzake, klase burrukaren egiaztasuna eta ETA hor kokatzen dela ukatzea.

 Bainan, hala ere, ETA langileriaren erakunde bihurtzen ari dela esan dezakegu: egun ezin da esan «agerkari burges tipia» denik «ekintzalari minoritarioak» garenik, t.a., t.a. Zuzentasun gehiago edo gutxiagorekin, Iraultza sozialistaren garaipenaren aldera zuzentzen du egun ETA-k bere burruka guztia, nazio zapalkuntza eta kapitalist esplotazioa bukatuko duen Herri Boterearen garaipenaren aldera.

 Agiri honen haseran, garrantzi handiko uneak bizi ditugula esan dugu. Burrukaren bidez -eta ez gizon ospetsuen esanen bidez - faszismak atzera egin dezala lortu dugu. Eta hau da Euskadiren askatasun osoa lortzeko bide bakarra, Bide hau ez deritzagu burgesiarekin akordioak eginaz eta berari baietza emanaz egin daitekeenik. Herri osoaren burruka eratuak bakarrik suntsi dezakeela etsaia ikusi ahal izan dugu urte askoren zehar.

 Hau guztia ikusi eta aztertu dugu, egin berri dugun VII. Biltzarrean. Ez da esan handietarako ordua. Praktikak erakutsiko digu zuzen ala oker gabiltzan.

 Erabaki batzuk hartu ditugu eta ondorioz egungo egoerarako egokiena deritzagun antolakera hartzea erabaki dugu. Gauza asko bizkarrera diezazkigukete, bainan inoiz, inork ez dezake esan burruka egin ez dugunik, gogo eta arreta guztia ez genuenik jarri langileria eta Euskal Herri guztia Nazioaren Independentziaren eta Iraultza Sozialistaren bidean aurrera eramateko, benetan askeak eginen gaituen egoera bakarra lortzeko: Euskal Estatu Sozialista.

 

Gora Euskadi Askatuta!

Gora Euskadi Sozialista!

Herri harmatua inoiz ez zanpatua!

     ETA

1976-ko lrailean