Ver el ORIGINAL en PDF

 

 

AURKIBIDEA

Hitzaurrea alemanezko lehen argitalpenari 

Hitzaurrea alemanezko laugarren argitalpenari

Hitzaurrean ingelesezko 1892ko argitalpenari .

SOZIALISMO UTOPIKOTIK SOZIALISMO ZIENTIFIKORA

II 

III  

 

Engelsen Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora idazlana Anti-Dühringenko hiru kapituluz osaturik dago, Engelsek berak berrikusiak, langileei marxismoaren azalpen osatu eta xume bat eskaintzeko helburu bereziarekin.

 

HITZAURREA ALEMANEZKO LEHEN ARGITALPENARI

 

Ondoren argitaraturiko idatzia nire lan bateko hiru kapituluz osaturik dago, bera E. Dühring jaunak eginiko zientziaren subertsioa, Leipzig, 1878. Nik neuk bildu nituen kapituluak, adiskide dudan Paul Lafarguek frantsesera itzul zitzan, dedukzio osatuago batzuk gehituaz batera. Frantseserako itzulpena, neuk berrikusia, Revue Socialistean argitaratu zen lehendabizi eta argitalpen berezi batetan ondoren, Socialisme utopique et socialisme scientifique izenburupean, Paris, 1880. Ginebran polonierazko itzulpen bat agertu berri da, bertsio frantsesean oinarritua, honako izenburu honekin: Socyjalizm utopijny a naukowy. Imprimeire de l’Aurore, Genova, 1882.

Lafargueren itzulpenak frantsesa hitz egiten den herrialdeetan eta batez ere Frantzian bertan lortu zuen arrakasta harrigarriak, ezinbestean bultzatu behar ninduen pentsatzera ez ote zen komenigarria izango hiru atal horien alemanezko aparteko tirada bat ere egitea. Horretan nenbilela, Zuricheko Sozialdemokrateko erredakzioak jakinarazi zidan Alemaniako alderdi sozialdemokrataren barrenean propagandarako foileto berrien eskari orokorra nabari zela, eta galdetu zidan ea ez al nuen nahi aipaturiko hiru kapituluak horretara bideratzea. Noski, ados nengoen eta nire lana beraien eskuetan jarri nuen.

Baina orrialde hauek jatorrian ez ziren idatziak izan, ezta gutxiagorik ere, zuzenean masen arteko propagandarako balio izateko helburuarekin. Nola bideratu xede horretarako, beste ezer baino lehen, zientifiko hutsa zen lan bat? Zein aldaketa sartu behar ziren bertan forman eta funtsean?

Formari dagokionean, bertako hitz atzerritar ugariek bakarrik sor zitzaketen zalantzak. Baina jada Lassallek, bere diskurtsoetan eta propagandako idatzietan, erabiltzen zituen nahiko maiztasunez atzerriko terminoak eta, nik dakidala behintzat, horregatik inor kexatu gabe. Garai haietatik, gure langileek askoz aldizkari gehiago irakurtzen dituzte eta askoz erregulartasun handiagoarekin, ohituago daudelarik, hori dela eta, hitz atzerritarrekin. Horrenbestez, beharrezkoak ez ziren termino atzerritar guztiak kentzera mugatu naiz. Nahitaezkoei dagokienean, uko egin diot azalpenezko itzulpenak deritzenak gehitzeari. Ezinbesteko hitz atzerritarrak, gehienak termino zientifiko tekniko oso hedatuak, ez ziren hain zuzen ere ezinbesteko izango itzulgarriak izango balira. Horien itzulpenak, beraz, zentzua faltsutzen du; argitu ordez, desorientatu egiten du. Kasu hauetan, askoz erabilgarriagoak dira hitzezko azalpenak.

Aldiz, edukiari dagokionean, uste dut baiezta dezakedala langile alemaniarrei ez diela zailtasun handirik emango. Kapitulu zail bakarra orokorrean hirugarrena da, baina askoz gutxiago langileentzat burges “kultuentzat” baino, beraien bizi baldintza orokorrak laburtzen baitira bertan. Hain zuzen ere, hemen sartu ditudan azalpen gehigarri ugarietan, askoz gutxiago hartu ditut kontuan langileak irakurle “kultuak” baino, von Eynern diputatu jauna bezala, Heinrich von Sybel aholkularia eta beste Treitschke batzuk bezala, beren ignorantzia higuingarria eta, horren ondorioz, sozialismo kontuetan duten itsukeria erraldoi naturala beste behin ere publikoki agertzeko duten bulkada geldiezinak harturik daudela. On Kixotek bere lantza haize erroten kontra haustea azaldu daiteke, bere ofizioa eta misioa baita; baina Santxo Panzari ezin zaio halako ekintzarik onartu.

Mota honetako irakurleak harritu egingo dira halaber, sozialismoaren historiaren zirriborro batetan Kant-Laplaceren kosmogoniarekin, zientzia natural modernoekin eta Darwinekin, filosofia klasiko alemaniarrarekin eta Hegelekin topo egiteaz. Baina sozialismo zientifikoa funtsean alemaniarra den produktua da eta bertako filosofia klasikoak dialektika kontzientearen tradizioa bizirik mantendu duen nazio baten artean bakarrik jaio zitekeen: Alemanian[1]. Historiaren ikusmolde materialista eta proletalgoaren eta burgesiaren klase arteko borroka modernoari eginiko bere aplikazio berezia, soilik dialektikaren bidez izan zen posible. Eta burgesia alemaniarraren maisutxoek filosofo alemaniar handien oroimena eta hauek landuriko dialektika eklektizismo astun baten putzuan hondoratu badute, egun errealitatean dialektikaren frogapen lekuko gisa zientzia natural modernoak arrazoitzat aipatzea beharturik gauden punturaino, gu, sozialista alemaniarrok, harro gaude, Saint Simonen, Fourierren eta Owenen ondorengo izateaz ez ezik, baita Kanten, Fichteren eta Hegelen ondorengo izateaz ere.

Engels.

Londres, 1882ko irailaren 21a.

 

HITZAURREA ALEMANEZKO LAUGARREN ARGITALPENARI

 

Suposatzen nuena, foileto honen edukiak gure langile alemaniarrei ez ziela zailtasun handirik emango nionean, bete egin da. Bat batean, 1883ko martxotik, lehen argitalpena agertu zenetik, hiru argitaraldi saldu dira, denera 10.000 aleko tiradarekin, nahiz eta sozialisten aurkako salbuespen legea bizirik zegoen, gaur egun indargabetua dagoena. Hau, aldi berean, adibide berri bat da errepresio politikoak proletalgo garaikidearena bezalako mugimendu baten aurka zer nolako ezintasuna duen frogatzen duena.

Lehen argitalpena agertu zenetik, itzulpen mordoa argitaratu da atzerriko hizkuntzetan: Pascual Martinettiren italierazko itzulpena: Il Socialismo utopico ed il Socialismo scientifico, Benevento, 1883; errusierazkoa: Razvitie nauchnago Socializma, Ginebra, 1884; danierazkoa: Socialismens Udvikling fra Utopi til Videnskab, Socialisk Bibliotek, I Bind, Kjóbenhavn, 1885; espainola: Socialismo utópico y Socialismo cientifico, Madrid 1886; eta holandesa: De Ontwikkeling van het Socialisme van Utopie tot Wetenschap, Haya, 1886.

Argitaraldi honek zuzenketa txiki batzuk jasan ditu; soilik bi zatitan agertzen dira azalpen garrantzitsuagoak: lehenengo kapituluan, Saint-Simoni buruzkoa, leku gutxiegi eskaini baitzizaion Fourier eta Owenekin alderatuz, eta hirugarren kapitulu amaieran ‘trusten’ ingurukoa, joan den denboran berebiziko garrantzia hartu duen ekoizpen modu berria baita.

Engels.

 Londres, 1891ko maiatzaren 12a.

 

 

HITZAURREA INGELERAZKO 1892KO ARGITALPENARI

 

Irakurleak aurrean duen idazlan txikia, jatorrian, obra handiago baten zatia zen. 1875 aldera, E. Dhüring doktoreak, pribat-docenta Berlineko Unibertsitatean, bat-batean eta zarata dezente atereaz sozialismora bihurtzen zela iragarri zuen eta publiko alemaniarrari aurkeztu zion, xehetasunez landuriko teoria sozialista bat ez ezik, baita gizartearen berrantolaketarako plan praktiko osatu bat ere. Noski, bere aurrekarien gainera joan zen, bereziki Marx ohoratuz, honengan isuri zituelarik bere amorruz beteriko kopak.

Hau Alemaniako Alderdi Sozialistako bi sekzioak —eisenaxarrak eta lasalleanarrak[2]— batu berri ziren garaian gertatu zen, modu horretan, honek indarren handitze izugarri bat ez ezik, oraindik eta garrantzi handiagoa zuen zerbait bereganatu zuelarik: indar hau guztia etsai komunaren gainean zabaltzeko aukera. Alemaniako Alderdi Sozialista potentzia batetan bihurtzen ari zen oso azkar. Baina, potentzia batean bihurtzeko, baldintzarik garrantzitsuena lortu berria zen batasuna aurriskuan ez jartzea zen. Eta Dühring doktorea publikoki prest agertzen zen bere pertsonaren iguruan sekta bat eratzeko, etorkizunean aparteko alderdi baten nukleoa izango zena. Ez zegoen, beraz, jaurtitzen zitzaigun eskuzorroa hartzea eta gudan aurre egitea beste erremediorik, hori oso atsegina izan ez arren.

Gainera, eginkizunak, nahiz eta oso zaila ez izan, begibistan den bezala, izugarri astuna izan behar zuen. Ongi jakina da guk, alemaniarrok, Gründlichkeit beldurgarri eta botretsu bat dugula, hausnartze sakon bat edo sakontasun hausnartzaile bat, deitu nahi den bezala. Gutariko batek zerbait doktrina berri bezala aurkezten duen momentuan, lehendabizi egiten duena sistema unibertsal baten forman eratzea da. Frogatu beharra dauka logikaren printzipio lehenak bezala, unibertsoaren funtsezko legeak ere, ez direla existitu betikotasun batetatik, azken finean, ez bada aurkitu berria izan den teoria horretara eramateko ez beste xede bategatik, hau existitzen den guztia koroatzera etorri delarik. Horri dagokionean, Dühring doktorea erabat mugaturik zegoen eredu nazionalagatik. Filosofiaren sistema osatu bat alajaina —filosofia intelektuala, morala, naturala nahiz historiarena— Ekonomia Politikoaren eta Sozialismoaren Sistema oso bat eta, azkenik, Ekonomia Politikoaren Historia kritiko bat —hiru liburuki mardul oktaboan, astunak kanpotik nahiz barrutik, argumentuz osaturiko armada bateko hiru gorputz, orokorrean aurreko filosofo eta ekonomialari guztien aurka eta bereziki Marxen aurka mobilizatuak—; egia esan, erabateko “zientziaren subertsio” saiakera. Honi guztiari aurre egin behar izan nion; gai posible guztiak jorratu behar izan nituen, denbora eta espazioari buruzko ideietatik bimetalismoraino[3], materiaren eta mugimenduaren betierekotasunetik ideia moralen izaera hilkorreraino; Darwinen hautespen naturaletik etorkizuneko gizarte bateko gazteriaren hezkuntzaraino. Egia da nire aurkariaren unibertsaltasun sistematikoak aukera bat ematen zidala bere aurrean, hain aniztasun zabaleko materien inguruan Marxek eta nik mantendu genituen ideiak ordura arte egin zena baino modu koherentego batean garatzeko. Eta hori izan zen eginkizun hau egitera bultzatu ninduen arrazoi nagusia, bestalde hain eskergabea zena.

Nire erantzunak, Alderdi Sozialistaren organo nagusia den Leipzigeko Vorwärtsean[4] argitaraturiko artikulu sorta batean ikusi zuen argia lehendabizi, eta liburu moduan ondoren, Herrn Eugen Dührings Umwälzung der Wissenschaft [E. Dühring jaunak eginiko zientziaren subertsioa] izenburupean. 1886an idazlan honen bigarren argitalpen bat argitaratu zen Zurichen.

 

 

[1] “Alemanian” idatz akats bat da. “Alemaniarren artean” esan behar du. Hain zuzen ere: alde batetik, dialektika alemaniarra sozialismo zientifikoaren genesirako ezinbestekoa bazen, ez ziren gutxiago izan, bestalde, Ingalaterrako eta Frantziako garapen baldintza ekonomiko eta politikoak. Alemaniako garapen ekonomikoaren eta politikoaren mailak, berrogeigarren hamarkada hasieran gaur egun baino atzeratuagoa izanik, gehienez ere, karikatura sozialista bat edo beste erditu zezakeen (ikus Manifestu Komunista III. Kap. I. ‘Sozialismo alemaniarra edo benetako sozialismoa’). Ingalaterran eta Frantzian sorturiko errealitate ekonomikoa eta politikoa kritika dialektiko alemaniarraren menpe ezarri ondoren bakarrik lortu zitekeen emaitza eraginkor bat. Hori dela eta, ikuspuntu honetatik sozialismo zientifikoa ez da ESKLUSIBOKI alemaniarra den produktua, baizik eta gradu berean internazionala den produktua da. (Engelsen oharra)

[2] Gothako Kongresuan, 1875eko maiatzaren 22tik 25 bitartean ospatua, Alemaniako langileen mugimenduko bi korronteak batu ziren: Langileen Alderdi sozialdemokrata (eisenaxarrak) A. Bebelek eta W. Liebknechtek zuzendua eta Langile Alemaniarren Elkarte Orokorra lassallearra. Baturiko alderdiak Langile Alemaniarren Alderdi Sozialista izena hartu zuen (1890az geroztik gaur egungo izena hartu zuen: Alemaniako Alderdi Sozialista, SPD). Horrela lortu zen langile klase alemaniarraren lerroen zatiketa gainditzea. Baturiko alderdiaren programaren proiektua, Gothako kongresuari proposaturikoa, Marxek eta Engelsek eginiko kritika gogorraz gain, Kongresuan onartua izan zen aldaketa oso txikiekin.

[3] Bimetalismoa: sistema monetarioa, non diruaren funtzioa aldi berean bi metal monetariok betetzen baituten: urreak eta zilarrak.

[4] Vorwarts (“Aurrera”): Alemaniako Langile Alderdi Sozialista organo nagusia, Leipzigen argitaratu zen 1876/1/1etik 1878/7/7 bitarte. Engelsen Anti Dühringidatzia egunkari horretan argitaratu zen 1877/1/3etik 1878/7/7 bitarte.

 

 

 

Ver el documento completo         Ver el ORIGINAL en PDF