HITZAURREA

LEVIATHAN

 

Thomas Hobbes Malmesburytik hurbil, Westport izeneko ingeles herritxoan jaio zen, North Wiltshire Konderrian, 1588ko apirilaren 5ean, Ingalaterrako Armada Menperaezinaren inbasio-mehatxupean ikaraturik zegoen urtean[1].

Eliz bikario baten semea, antza denez, izaera suminkor eta tolerantzigabekoa zen; Hobbesen lehen hezkuntza otoitz-liburuak irakurtzera eta bere aitaren sermoi eta homiliak beharturik entzutera mugatu zen. Westporteko bikariotzan ordezko izateko etorritako elizgizonarekin ika-mika bat izanik, pertsonaia atrabilario hark ustegabeki ihes egin zuen, etxea eta familia betiko utzirik, eta “laurogei urte geroago hil zen”, Londresko bazter ilun batean.

Hain goiz aitazurtz geratu izanak pisua izan zuen Hobbesen izaeraren erakuntzan. Nahiz eta haurtzaroak berezkoak dituen jolas eta olgetetan nolabait esku hartu zuen, hala ere bere lehen urteetatik izan zuen halako “malenkonia kontenplatzaile”, herabetasun eta ziurrezazko kutsu bat, gainerako bere bizitzaldi luzean bere hartan iraun ziotenak.

Amaren aldetiko osaba bat jabetu zen haurraz eta ikasketak jarraitzen lagundu zion Westporteko parrokia-eskolan sarraraziz, eta ondoren ikastetxe pribatu batera bidali zuen, non izan zuen irakasle Robert Latimer, kultura klasikoaren ezagutzaile bikaina, zeinak irakatsi zizkion ikasle gazteari grekoa eta latinaren hasi-masiak. Hizkuntza klasikoekiko lehen harreman horrek gerora haren idatzi guztietan nabarmenduko zen filologizaletasun bat iratzarriko zion. Hamalau urte zituela, osabak Oxfordeko Magdalen Collegen matrikulatu zuen, eta bertan jarraitu zuen, erdipurdiko arrakastarekin, orduan indarrean zegoen ikas-egitaraua, doktrina eskolastikoz ugari hornitua. Nahiz eta Hobbesek ez zuen aparteko gozamenik izan han jasotako irakaskuntza akademikoarekin, lortu egin zuen Batxiler titulua eta, hogei urte zituela, Sir James Hussee Oxfordeko bere irakasleak gomendaturik Cavendish familia ahaltsuko lehen Earl of Devonshire-ren tutore pribatu gisa sartu zen, eta zenbait etenaldi gorabehera, enplegu horren jabe izan zen hil arte.

Cavendishtarren zerbitzuan emandako bere lehen aldian, behin baino gehiagotan izan zuen Hobbesek Kontinentera bidaia egiteko aukera; eta Ingalaterran, pentsamendua eta letretako figura handietakoren bat ezagutu eta harekin harremanetan sartzeko aukera izan zuen, besteak beste Ben Johnson eta Francis Baconekin, zeinak gomendatu zion bere entsegu sonatuetakoren batzuen latinezko itzulpena. Garia horretakoak dira Hobbesen antzeko beste ariketa batzuk, Tuzididesen Peloponesoko Gerren Historia-ren itzulpena bereziki, 1623an argitaratua; urte horretan familiburua hiltzean, eta etxeak zituen estuasun ekonomiko batzuengatik, Hobbes bere zerbitzuak ematetik libratu zuten eta denboraldi batean antzeko tutoretza bat onartu zuen Sir Gervase Clintonekin.

1630ean berriro Cavendishtarrengana itzultzen da bigarren Earl of Devonshire-z jabetzeko. Bere ikasle gaztearekin batera Europara beste bidaia bat egin zuen, non zuzenean ezagutu ahal izan zuen zientzia berria eta Errenazimentuko korronte berritzaileen emaitzatzat Ingalaterraz kanpo gertatutako aldaketa handia. Italian Galileori egin zion bisita eta, haren bitartez, orduan Pisako irakasle zen Claudio Berigardorekin adiskide-harremanetan sartu zen, bere gisa hartuz mundua eta jakiteari buruzko kontzepzio bat, zeina izango zen ezagutza eta gizarteari buruzko bere analisiak garatuko zituen esparrua. Hobbes Londresera itzuli zen 1673an, bere prestakuntza intelektualean behin betiko urrats bat eman zuela erabat sinetsirik, eta ordutik aurrerakoan “filosofoen artean onartua” izateko baliozko lizentziarekin. Urte horretan bertan egin zen Marin Mersenne fraidearen adiskide, zeinarekin harremanetan jarri zen Paristik igarotzean, aitortzen duenez, ezein unibertsitatek irakats ziezaiokeena baina askoz gehiago beragandik ikasiz. Aldizkako argitalpen espezialdurik ez zegoelako garaiko humanista eta zientzialarien arteko harremana zaila zen une batean, Mersennek bere gain hartu zuen bere zeldatik europar pentsamenduaren gizon handien arteko harremanak lantzea.

Ingalaterrara iristean, eta bere ikasleak ordurako ikasketak amaituak zituen arren, Hobbes familiaren baitan gelditu zen, bere nahietarako egokia zen bizimodua eginez. Etxearen adiskide gaztea zen Lucius Careyk Great Teweko landetxean antolaturiko tertuliek ingeles intelektualeriaren, aristokrazia eta apezeriako pertsonaien floria biltzen zuten, zeinen interesak izaera erlijiozko, politiko eta gizartezkoko auziei buruzkoak izaten ziren, orduan botere handiaren bi iturburu bakarrak zirenetatik eratorriak: monarkiatik eta elizatik.

1640an bukatzen du Hobbesek bere Zuzenbide Elementuak, hasieratik beretik ingelesez ondutako obra, zeinean aurreratzen diren ondorengo liburuetan landuko diren gai nagusiak. Tratatu horren asmoa “lehen printzipioen argitan”, absolutismoaren justifikazio bat proposatzea izan zen, eta administrazio politikozko aholku praktiko batzuk ematea araubide monarkiko baten barruan, izan ere urte haietan iraungitzeko zorian baitzegoen Ingalaterran. Bere joera erregetiarrek bere pertsonaren kontrako erreakzio bortitza eragingo zuten beldurrez, Hobbesek Parisera ihes egiten du 1640an. 1642an eztanda egiten du Ingalaterran lehen gerra zibilak. Monarkiaren aldeko taldea Marston Mooren (1644) gertatzen da eta ondoren Charles I lepamozten dute. Erregimen parlamentarioa ezartzean, beste erregetiar batzuek ere Frantzian bilatzen dute babesa, non Hobbesek bere gain hartzen duen Koroaren oinordeko zen Galesko Printzea eta etorkizunean Charles II. izenaren tutoretza.

Zuzenbide Elementuak izan ezik, Hobbesen obra nagusi guztia, Leviathan barne, Frantzian idatziko zen, ia etengabe, 1640-1650 hamarkadan zehar. Elementuak, autoreak bere gogoz erbestera jo baino lehen eskuizkribu gisara soilik hedatu zirenak, bi parte bereizitan argitaratu ziren (Giza izaera eta De corpore politico), biak 1650ean. De Cive 1642an inprimatzen da, eta, bi urte geroago, Mersennen gerizapean, bere “Tractatus Opticus” deritzana agertzen da Parisen Cogitata physico-mathematica bolumenaren barruan, Mersennek berak argitara emana.

1647an Hobbesen lana etenda gelditu zen hilabetetan ohean eduki zuen gaixotasun batengatik, eta ia-ia bizia galdu ere egin zuen. Mersennek absoluzio katolikoa eman zion, eta konfesio anglikanoko eta kredo kalbinistako beste ministro batzuek ere gauza bera egin zuten, nahiz eta Hobbes ez ados egon haietako bat ere onartzearekin.

1648an Charles Printzeak Holandara aldatu zuen lekuz bere egoitza. Bere gaixotasuna gainditu eta tutoretzatik libre zegoelarik, Hobbes berriz ere bere obra handia, Leviathan egiten murgiltzen da buru-belarri, jatorriz gizakiaren grina antisozialek eragindako disoluzio politikoaren zuzengarri gisa pentsatua, eta hasiera batean, monarkiaren aldeko hatsez ondua. Baina liburuaren azken berrikusketan, gauzen egoera berriak erroak ongi ezarriak zituelarik Ingalaterran, eta amets hutsa izaki erregetiarrak garaile gertatzea berehalakoan, Hobbesek Errepasua eta Konklusioa titulaturiko saila eransten dio tratatuari, zeinean zentzu pragmatikoarekin eta gauzak nola aldatu ziren ikusia, galdera bat egiten du: noiz zaion zilegi menpekoari bere antzinako subiranoarekiko obedientziari uko egitea, baldin eta horrek era berreskuraezinean subiranotasuna galdua badauka. Eranskin labur horrek Hobbesekin Parisen bizi ziren erbesteratuen artean hainbeste urtetan bere lumaz monarkiaren kausa defendatu zuen gizonarenganako mesfidantza-sentimendua sortu zuen. Bitxia da, Hobbesi buruzko bibliografia urrian, Hobbesen ustezko “konbertsio” hori, Oliver Cromwell agintera igotzearen ia aldi bereko dena, ikustea nola Balmesek jasotzen duen Leviathan-en egilearen pentsamendu osoaren ezaugarri bereizgarritzat. Uste dut egokia dela hona aldatzea bere Historia de la Filosofia-n datorren Hobbesi buruzko kapituluan eskaintzen dizkigun testigantza eta iruzkina2:

Hobbesen arabera, gizakiak eskubidea du bere ahalmenek iristen dutenerako, eta egoera naturalean gaizki oro beste gizakiaren etsai da: homo homini lupus. Egintzen arteko diferentzia lege zibiletik dator; hori botere publikotik jaiotzen da, zeina bere aldetik gizakiek beren buruak ez suntsitzeko egin zuten hitzarmen batetik datorren. Botereak bere ahalmenak mugagabe ditu; zilegi da berak agintzen duen guztia, baita biraoa eta parrizidioa bera ere. De Cive eta Leviathan tirano guztien eta tirania guztien apologia dira.

Zer helbururekin hedatzen zituen Hobbesek doktrina hain arbuiagarriak? Entzun dezagun Lord Clarendon: “Espainiara nentorrela Paristik igaro nintzen; sarritan bisita egiten zidan Hobbesek esan zidan Leviathan izenburua jarri nahi zion liburu bat inprimatzen ari zela Ingalaterran, zeinetik astero zuzentzeko froga-plegu bat jasotzen zuen, eta hilabete barru amaiturik izatea uste zuela. Gehitu zuen bazekiela nik liburua irakurtzean ez nuela atsegin izango, aldi berean bere baitan zeuzkan ideia batzuk jakinaraziz; eta nik horrelako doktrinak zergatik argitaratzen zituen esatean, erantzun zidan erdi-benetan, erdi-txantxetan izandako elkarrizketa baten ondoren: Egia da Ingalaterra itzultzeko gogo bizia dudala3. Hona hemen enigma bat deszifraturik eta gizon bat erretraturik: Ingalaterrara itzultzeko gogoa zuen, morala eta gizadiaren lepotik bazen ere. Cromwellek agintzen zuen Ingalaterran; Hobbesen emigraziotik itzuli zen, eta babesleak ongi hartua izan zen. Filosofia mesprezagarria, egia eta ondrarekin horrela tratuan aritzen dena.

Hala ere, gauzak ez ziren erabat horrela izan. Obraren edukiari dagokiona orain alde batera utzirik (Balmesek uste duena baino aski konplexuagoa dena gainera), kontua da Leviathan-ek Parisko zirkulu monarkikoen artean sortutako etsaikortasun posibleak ez zuen eragotzi Hobbesek Charles Printzeari, Koroa berreskuratzeko ahaleginean huts egin eta Worcesterreko porrotaren ondoren berriz ere Parisen zegoenari, eskuizkribuaren ale bat igortzea, dotoreki koadernatu eta kaligrafiatua —-“engrossed in vellum in a marvellous fair hand”-—, Lord Clarendonek berak kontatzen digunez4.

Egia da Hobbes Londresera itzuli zela urte horren berorren amaieran (1651), eta Estatuaren Kontseilu berriari men egin ondoren, bakean bizi izateko aukera eman ziotela erdi-erretiro filosofiko batean. Baina goan izatekoa da, halaber, Cromwellen Babesgoaren formalizazio ez zela 1653 arte burutu, ordurako Hobbes Ingalaterran zegoela, data horretan idatzi baitzen Cromwelli nazioaren Lord Babesle titulua eta botereak ematen zizkion dokumentu konstituzionala. John Aubrey, Hobbesen mireslea eta adiskide pertsonalak horren guztiaren aipamena egiten du, Leviathan-ez hitz egitean eta esaten digu Hobbesek liburua idatzi eta argitara eman zuela “Bere Maiestateari kalte edo Oliverri lausengu egiteko inolako asmorik gabe (zeina ez baitzen babesle izendatua izan handik bizpahiru urtetara baizik), horrela bere itzulera errazteko, zeren ez baitago orrialde bakar bat ere obran hura (Cromwell) larderiatua ez denik)”5.

Fetter Lane, Londresko bere egoitzan sarturik, Hobbesek De Corpore bere tratatua amaitzen du eta 1655ean argitaratzen du. Garai horretan Hobbesek 67 urte ditu. Orduan berritu egiten ditu jadanik Londresko zirkulu politikoetatik aldendurik zegoen Cavendish familiarekiko bere harremanak, eta Seth Ward eta John Wallis, Oxfordeko profesoreekin polemika luze eta garratzean murgiltzen da, zientzien irakaskuntza unibertsitarioa zela eta. 1656an agertzen da De Corpore-ren ingelesezko itzulpena.

Oliver Cromwellen heriotzarekin, 1658an, Babesgoa Richard bere semearen eskuetara pasatzen da, eta urte bete geroago haren erabateko gainbeheratzea eta Monarkiaren Errestaurazioa gertatzen dira Charles II.aren agintepean. Hobbesi harrera beroa egin zion erregeak, behiala ikasle izanak, berau Londresera iritsi eta handik gutxira6, eta urtean ehun liberako pentsio bizialdirako bat eman zion. Horrezaz gainera, gaur egun National Portrait Galleryn dagoen eta guztiok ezagutzen dugun ordurako agureturik zegoen Hobbesen erretratua pintarazi zuen Charlesek Erret Etxearen kontura.

Baina erregearen babes pertsonala gorabehera, Errestaurazioaren garaiko giroak ez zion mesede egin Leviathan-en egileari, ez hainbeste liburuan adierazitako teoria politiko hertsiarengatik, nola bere antiklerikalismo porrokatuarengatik. 1665eko Izurrite Handiaren eta 1666an izandako Londresko Sute Handiaren ondoren, herriaren beldur superstiziozkoek Batzorde bat sortzera eraman zuten Komunen Ganbara “ateismoa eta profanazioaren kontra”, “joera agnostiko eta biraolariak” edo “Jainkoaren esentzia eta atributuen kontrako” edukiak zituzten argitalpenei buruzko informazioak jasotzeko ahalmenarekin. Horren ondorioz, “Leviathan titulaturiko Mr. Hobbesen liburuaren kontrako”  zentsura-eskari bat aldarrikatu zen jendaurrean eta Ganbararen eskuetan utzi zen auzia. Handik ez zen ezer larririk sortu, nahiz eta Hobbesek, okerrenaren beldur, hil ondora arte argi ikusiko ez zuen deskarguzko idatzi luze bat prestatu zuen. Liburuaren ingelesezko edizio berri bat konfiskatu egin zuten, eta Hobbesek latinez berridatzi zuen obra, eta Amsterdamen argitaratzea lortu zuen. Birpasa eta Konklusioa izeneko sail eztabaidatuaren ordez, latinezko edizioan hobbestiar proposamen teologikoen defentsa bat eta Heresiaren Historia labur bat sartu ziren. 1668 aldera onduriko bere beste bi obrari, inprimatzeko baimena ukatu zitzaien, halaber, Ingalaterran: Filosofo baten eta Ingeles Zuzenbide Komunaren Aditu baten arteko Elkarrizketa, eta latinez idatziriko poema neurtu Historia Ecclesiastica titulaturikoa, ziren obra horiek.

Une hartako Hobbesen kontrako giroak Daniel Scargil 1669an Oxfordetik kanpora bidaltzean jo zuen gorena behar bada, zeinak bere burua Hobbesen dizipulu aldarrikatuz, Leviathan-en inspiraturiko doktrinak irakatsi zien ikasleei, subertsibotzat eta estudianteen fedea eta morala hondatzeko modukotzat jo zirenak. Scargil jendaurrean bere hitzak jatera behartu zuten, bere errakuntzak ustez maisu omen zuenaren printzipio filosofikoei egotziz. Bost urte geroago, Dr. John Fell, Oxfordeko Kristoren Elizako Deanak, Anthony Wooden Historia eta Antzinatea liburuaren edizio oharrez hornitu batean, Hobbesen aurka zuzenean zihoan iruzkin-sorta bat sartu zuen, besteak beste, “irritabile illud et vanissimum Malmesburiense animal” izendapena ematen ziolarik7. Hobbesen kritiko eta arerioek Errestaurazioko bizitza intelektualean esku hartzen ez uzteko zuten deliberoa erabatekoa izan zen.

Bere azken urteetan, nahiz eta buru-lanetan ari izan, Hobbesek pixkanakako perlesia izan zuen. 1679ko abenduaren 9an hil zen hirugarren Earl of Devonshire-ren oinetxean, 91 urte zituela, ez sukarren edo ezein gaixotasunaren ondorioz, baizik “beregan bizi-jariakina ahitu  zelako” eta “kristau onaren gisara”. Aubreyk utzi zigun anekdotario bitxian filosofoaren nortasun eta ohiturez, irakurtzen dugu Hobbes aurpegi oso handia ez zuena izan zela, bekoki zabalekoa, bibote horixka eta berez gorantz kizkurtzen zitzaionekoa, zeina den buru-zorroztasunaren zeinu. Bizarra afeitaturik erabiltzen zuen, ............................................

 

 

 

[1] Hobbesen autobiografia, latinezko bertsotan idatzia, Thomas Hobbes Malmesburiensis Opera Philosophica Quae Latinae Scripsit izenekoen lehen liburukian sarturik dago, Sir William Molesworthen edizioan (Londres, 1845). Bada ingelesezko itzulpen bat Vita, carmine, expressa horrena, Benjamin Farringtoni zor zaiona eta 1958ko Rationalist Annual, 22-31 orr. argitaratua; horien artean Richard Blackbournerena, izenburutzat Vitae Hobbianae Auctarium darama, eta Aubrey´s Brief Lives-en dagoena, zeinaren berriki egindako edizio bat dagoen Ann Arbor, Michigan, 1962. Beroriez baliatu naiz ondoko biografi apunte laburra idazteko.

2  Jaime Balmes, Obras Completas, Biblioteca Perenne, Editorial Selecta, Barcelona 1948, 403 or.

3  Aipam. Dugald-Steward, Historia de la Filosofía, 1ª parte. (Balmesen oharra).

4 Claredon,, Survey of Leviathan, 1676, 8. or. Aipaturiko eskuizkribua gaur egun Britaniar Museoko Liburutegian dago gaur egun.

5  Aubrey, ob. aip., 151-152 orr.

6  Honela kontatzen du Aubreyk bi pertsonaien halabeharrezko topaketa: Itzulera zoriontsuaren ondorengo bizpahiru egunetara Bere maiestatea kotxez Strandetik igarotzean, Hobbes Jauna zutik zegoen Little Salisburyko villaren atean, non orduan bere Jauna (Lord Cavendish) bizi zen. Erregeak ikusi, adeitasunez kapela erantzi diosalageritzat, eta nola zegoen galdetu zion, handik astebetera Hobbesek elkarrikuste pertsonala izan zuen Bere Maiestatearekin Cowper jaunaren estudioan Erregea bere erretraturako posatzen ari zen bitartean. Bere Maiestateak atseginez aritu zen hizketan Hobbes jaunarekin, eta errege-faboreak bihurtu egin zitzaizkion. (Ob. aip., 152 or.)

7  Aip. Charles H. Hinnant in Thomas Hobbes, Twayne Publishers, Boston, 1977, 29. or.

 

 

 

Ver el documento completo