Ver del ORIGINAL en PDF

 

 

Hitzaurrea

 

1. Lehen Kritikarekiko eta Oinarritzapenarekiko lotura

Europar Ilustrazioaren gorenean Immanuel Kantek garaiko ideia gidari bat, kritika, beste bi ideia gidariei aplikatzen die, arrazoimenari eta askatasunari. Horrela, Ilustrazioaren autokritika errotikoa eta zabala egiten du, bai lehen uneko garaiarena, filosofiaren eragin handia jaso zuenarena, baita geroko aldiarena ere, filosofiak indarra galdu zuen aldi horrena. Autokritika hori artean sonatu bihurtu diren hiru galderetan biltzen da: 1. Zer ezagut dezaket? 2. Zer egin behar dut? 3. Zer itxaron dezaket? Lehen galderari dagokion erantzuna, beste bi galderak ere jorratzen dituena, arrazoimenaren kritika transzendentala, hain da enziklopedikoa eta bereziki hain berria, ezen garai berri bat hasten baitu. Idazlan hori, hogei urte inguruko pentsamendu-ahaleginen ondorioa eta hamar urte lanik argitaratu gabe egon ondoren 1781ean agertzen dena, Arraziomen hutsaren kritika, Arthur Schopenhauer-en ustez “Europan inoiz idatzi den liburu garrantzitsuena” da (Gesammelte Briefe, arg. A. Hübscher, Nr. 157). Filosofo askok baliospen berbera egiten dutenez, Charles S. Peirce pragmatista estatubatuarrak ere Kanten lehen kritikari “filosofian edan dudan bularretako esnea” zeritzon (My pragmatism laneko sarreran, 1909), Kanten beste lanak ezkutuan geratzen dira sarri. Horrez gain, 1788an argitaratu zuen Arrazoimen praktikoaren kritika Kantek filosofia moralaren eremuan idatzi zuen lehen idazlan kritikoaren itzalpean dago (Ohituren metafisikaren oinarritzapena, 1785).

Gutxiespen bikoitz horren aurkako bi arrazoi ditugu. Batetik, lehen kritikarekin loturan, ezin da ukatu haren tesiak artean asko erlatibizatu direla, adibidez ikuspegi transzendentala hizkuntzaren filosofiak egindako biraketa dela eta (“linguistic turn”) eta matematikaren teoria judizio matematikoen izaera sintetikoari buruzko zalantzak direla eta. Aitzitik, Kanten filosofia moralaren oinarrizko osagaiek egun ere onespena lortzen dute: baliotasun mugaezina, kategorikoa, agindu moralen adigai-osagai gisa, orokorgarritasuna haren beharrezko irizpide gisa eta gizakiak duen izaera bere baitarako xede gisa, bere duintasun utziezina, bere gaitasun moralaren “ondorio” gisa. Bi mendetik gorako eztabaida sakonen ondoren bigarren kritikako oinarrizko baieztapen batzuek lehen kritikakoek baino indar gehiago erakusten dute.

Bestalde, Oinarritzapenarekin loturan, bigarren kritikak betebeharraren printzipioari dagokionez “behin-behineko ezagupena” eta “formula jakin” baten aipamena baino zertxobait gehiago dauka (lanaren hitzaurrean aipatzen denez). Gainerako hori gaiaren zabalpenetik abiatzen da. Horrela, filosofia moralaren oinarritzapenak, zentzu hertsian, “arrazoimen praktiko hutsaren analitikak” irakasgai berri bat jasotzen du, “arrazoimenaren egitatea”. Horren bidez arrazoimen praktiko hutsak bere “errealitatea egintzaren bidez” frogatzen du (lanaren hitzaurrean). Horri “Arrazoimen praktiko hutsaren dialektika” gaineratzen zaio, hirugarren galdera jorratzen duena: zer itxaron dezaket?, eta azkenik “metodoaren irakaspen” bat.

Kanten filosofia moralaren eragin historikoan Ohituren metafisikaren oinarritzapenak izan du garrantzi handiena. Baina maila filosofikoari erreparatzen bazaio, orduan Arrazoimen praktikoaren kritika da nagusi. Idazkiak Oinarritzapenak baino gai gehiago jasotzen ditu eta, gainera, argiagoa da arazoa plazaratzerakoan, zehatzagoa adigaietan eta sendoagoa pentsamen-bidean.

Hala ere, Kantek ezagutzaren hizkuntza erabiltzen du, ez apelatiboa. Inoiz ez du nagusitasun moralaren ikuspegitik gaitzespenik egiten.

 

2. Oinarrizko arazoa

Arrazoimen praktikoaren kritikaren ausardia ez da txikia. Izan ere, Kantek ordura arteko etikotasunaren edo moralaren oinarritzapen orori egiten dio aurre. “Taula” laburbiltzaile batean, “etikotasunaren printzipioan dauden determinazio-oinarri material praktikoak” sailkatzen dituenean, Kantek bere printzipio formala azaltzen du filosofia moralaren tradizio osoari, oro har determinazio-oinarrien materialtasunaren menpe ezartzen duenari, zorrozki aurkakotuz. Kant aurkakotza gutxi-asko zorrotzean ezartzen da hezkuntzaren (Montaigne), konstituzio hiritarraren (Mandeville), sentimendu fisikoaren (Epìkuro) edo moralaren (Hutcheson), betegintzarrearen (estoikoak, Wolf) eta jainkotiar nahimenaren printzipio etiko materialen aurrean. Taulak guztiz osoa izan nahi duen arren, harrigarriro Platon eta Aristoteles ez ditu jasotzen.

Moralaren beste oinarritzapen saiakera horiek huts egiten dutela lehen kritikan bezala frogatzen da. Izan ere, Kanten ustez bi kasuetan uzia berbera da, baliotasun zeharo orokor eta objektiboa. Han, eremu teoretikoan zientziak aurkezten du uzi hori. Hemen, eremu praktikoan, moralak, zeinak era berean lotespen mugaezina eskatzen duen: objektibitate praktikoaren maila gorena, bestela esanda, egia praktikoa, ez teoretikoa.

Kantek eskuarki arrazoimenaz sentsuen eremua gainditzeko ahalmena ulertzen du eta hori egitean zorrozki objektiboak diren printzipioei jarraitzea. Arrazoimen teoretikoa da gaindipen horren arduraduna ezagumenarentzat eta hori egitean printzipio teoretikoek determinatzen dute; aitzitik, arrazoimen praktikoa ez zaio lotzen zuzenean ekiteari, baina bai horren oinarrian dagoen desiramenari eta horren printzipio praktikoei. Arrazoimenak determinatzen duen desiramenak, subjektibitate praktikoak, nahimen ere izena du, zeina Kantentzat ez den indar irrazionala, baizik eta arrazoizkoa den zerbait: arrazoimena ekintzari lotuta. Kanten lan kritiko osoaren oinarrian dagoen bereizkuntza horrek, arrazoimen praktikoaren eta teoretikoaren arteakoak, oraindik guztiz ulertu ez den eragina du: arrazoimen teoretikoari zorrozki aurkakotuz arrazoimen praktikoa osagai ezagutzaile orotatik aske dago, osagai epistemikoak ia erabat suntsituta daude hor. Horrela, Kant Platonengandik urruntzen da guztiz gai honi dagokionez, hots, ongi moralak baldintza epistemikoekin duen lotura eta hortik ondorioztatzen den itxaropen bat, alegia, filosofoek eskumen berezi bat dutela moralean eta, horregatik, gaitasun berezi bat gizartea politikoki gidatzeko. Filosofoek filosofiaren bidez lortzen duten moral bati Kantek giza arrazoimen orokorraren morala aurkakotzen dio. Morala jakintza-osagaiekiko lotura orotatik askatzen denean (Platonengan ideien sistema, bereziki ongiaren ideia), eta alderantziz giza arrazoimen orokor eta arruntarentzat irekia dagoenean, filosofoek euren pribilegio moralak galtzen dituzte eta, gainera, hortik ondorioztatzen diren pribilegio politikoak. Kantek Platonen ideia horri egiten dion kritika ezaguna, hots, filosofoak errege izan behar duela (Betiko bakea, bigarren eranskina), edukiaren arabera honekin hasten da: arrazoimen teoretikoaren eta praktikoaren arteko bereizketa zorrotzarekin, moralaren demokratizazio bati lotuta.

Arrazoimen praktikoa, hobeto esanda, nahimena “errepresentazioei dagozkien objektuak sortzen dituen edo horiek sortzeko (ahalmen fisikoa nahikoa izan ala ez) bere burua, hots, bere kausalitatea determinatzeko” ahalmena da.

Lau ikuspegi dira garrantzitsuak definizio horretan: 1. “Determinazio-oinarri” adierazpenaren arabera desiratze bat da, baina ez gustagarri eta gustagaitza denaren uneko sentimenduek gidatzen duena, baizik eta arrazoiek. Arrazoimen sinplea ere bai, ez soilik arrazoimen praktiko hutsa, printzipioen arabera gidatua den desiratze bat da; horren printzipioa bitarikoa izan daiteke, arrazoimen praktiko txikiena badu, agindu teknikoa izango da, horren goratzea bada, pragmatikoa. 2. “Sortze” adierazpenak indar ekoizlea adierazten du. 3. Baina, parentesiko esakune erdiak dioenez, fisikoki nahikoa ezin da izan; nahi izatearen eta ekitearen artean adigaien araberako aldea dago, eta sarri egitatezkoa ere bai. 4. “Norbere burua hori sortzera determinatzea” dioenean horrekin erabakia adierazten da. Arrazoimen praktiko hutsa nahimenarentzako arrazoimen-oinarrietan datza, hau da, ekitearen oinarrian dagoen desiratzea sentimenezko bultzatzaileetatik beregainki determinatzeko gaitasunean, hots, irrika, premia eta desioetatik, eta noski gustagarri eta gustagaitz denaren sentsaziotik beregainki. Bere printzipioak horretatik beregainak direlako, eta ondorioz, mugaezinak direlako, eta beraz, horiek kategorikoki balio dutelako, agindu kategorikoen maila dute.

 Arrazoimena ea oro har praktikoa izan daitekeen galdetzeak, eta horri lotzen zaion beste galdera honek, hots, ea arrazoimen praktiko huts gisa, subjektibitate moral gisa existitzen den, filosofiaren historia osoa zeharkatzen dute oinarrizko arazo gisa. Hori horrela dela ikusita, Kanten prozedura argia bezain laburrari “geniala” deitu behar zaio. Hasteko Kantek adigaia zehazten du eta horrela gaizki-ulertze asko gainditzen ditu, baita hainbat irtenbide faltsu ere: arrazoimen praktikoa ez da ezagutza-gaitasuna, objektu berezi bat izango lukeena, praxia. Aitzitik, hura funtsezko eran ezberdina den, ezagutzetik eratortzen ez den, baizik eta erabat beregaina den gaitasuna da, nahi izatearena. Arrazoimen praktikoa ezagutza-gaitasun gisa ulertzen den bitartean, objektu berezi bat duena, praxia, bada, arrazoimen praktiko huts baten pentsamenduak zentzugabekeria dirudi. Izan ere, nola gidatu beharko luke ekintza ezagutza gaitasun soil batek? Bestalde, arrazoimen praktikoa ekintzaren determinazio-oinarri gisa ulertzen bada, orduan arrazoimen praktiko hutsa pentsatzen zaila den baina pentsa daitekeen zerbait bihurtzen da, alegia, nahi izate hutsa, kanpoko eskakizunetatik beregaina.

Adigaiaren zehaztapen horri lotzen zaio zuzenean Kanten argudioaren bigarren urratsa, hots, galdera hau: nola determinatzen du bere burua nahi izate huts batek? Hirugarren urratsak ematen digu erantzuna: nahi izatearen materia nahi izatearen kanpotik datorkigunez, nahi izate hutsak baztertu egin behar du materiaren bidezko determinazio oro, halako moldez non “materia edo forma” alternatiba badugu, forma geratzen baita soilik determinazio-oinarri gisa. Bere aldetik forma huts bat, laugarren urratsak dioenez, berbera da nahi duen edonorentzat, hau da, zentzu praktikoan arrazoidunak diren zerizan guztientzat, eta horregatik berberatasun hori, hots, lege orokorra, nahi izate hutsaren zeinu ezagugarri bihurtzen da.

Teoriaren eremuan bezala, Kantek praktikoan ere bereizkuntza zorrotza aurkitzen du sentimenezko determinazio-oinarrien menpe dagoen ahalmen baten, hemen “patologikoki afektatuta dagoen nahimenaren”, eta horretatik guztiz beregaina den nahimen huts baten artean. Patologikoki afektatuta dagoen nahimena enpirikoki afektatuta dagoena da, eta nahimen hutsa arrazoimen praktiko hutsa. Enpirikoki baldintzatuta dagoen arrazoimenak bere determinazioaren zati bat kanpotik jasotzen du, irrika, premia, azturak eta pasioen eskutik, baina arrazoimen praktiko hutsak bere buruari begiratzen dio guztiz, hau da, bere forma hutsari.

Lanaren sarreran baieztatzen du Kantek dagoeneko lehen liburuko lehen zatian, hau da, “arrazoimen praktiko hutsaren analitikan”, “arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko legetik” eratortzen den “ondorioztapen” erabakigarria osatzen duena, ezen “arrazoimen hutsa berez izan daitekeela praktikoa”. Baieztapen horren bidez Kantek mugak erakusten dizkie enpirikoki determinatuta dagoen arrazoimen praktikoaren uziei. Hori dela eta, eremu praktikoan frogaren helburuaren iraulketa bat gertatzen da eremu teoretikoarekin alderatuz. Bi lanen izenburuetan adierazten da hori. Ezagutzan Kantek arrazoimen hutsaren hantustea apurtzen du, eta horregatik horri dagokion lanak “Arrazoimen hutsaren kritika” izena du, edo zehazkiago, “Arrazoimen teoretiko edo espekulatibo hutsarena”. Bestalde, ekintzari dagokionez, edo zehazkiago, nahimenaren eraketari dagokionez enpirikoki baldintzatutako arrazoimenaren hantustea apurtzen duenez, lanari “Arrazoimen praktikoaren kritika” deitzen dio, eta ez “arrazoimen praktiko hutsarena”. Errefusatu behar dena, hain zuzen, moralaren printzipioa esperientziaren menpe dagoela dioen ikuspegia da. Hume gogoan izanik, Kantek enpirismo etikoa baztertzen du.

Horren ordez lehen atalaren egituran topatzen dugu filosofia moralean Kantek ordezkatzen duen arrazionalismo zorrotza, “Arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko esakuneez”. Spinozaren Ethica, Ordine Geometrico demonstratalanari hurbilduz, baina arrazoinalismoaren metodo matematikoa eta horren aparteko lan hori guztiz onartu gabe, Kant definizioak emanez abiatzen da (“Definizioa”). Eta horiei irakaspenak eta euren oinarritzapen, ondorioztapen eta oharrak jarraiki zaizkie. Hala ere, behar diren adigaien definizioak baino gutxiago eta gehiago biltzen du lehen paragrafoak. Gehiago barnebiltzen du, Kantek bere burua ere argitzen duelako; bere egitasmoa edo konpondu behar den arazoa aurkezten du: nola pentsa dezake gizakiak, duen sentimena izanda (patologikoki afektatutako nahimena), arrazoimen hutsa ezaugarritzen duen baliogarritasun orokorra ekintzaren eremuan eta, gainera, nola egikari dezake hori? Bestalde, definizioak gutxiegi jasotzen du, behin-behineko izenezko adigai-definizioak baino ez dituelako ematen. Adigai erabakigarriaren, lege praktikoaren definizio garatuagoa lehen atalaren amaiera aldera dator, 7. paragrafoan.

 

3. Egitura

Lehen Arrazoimen hutsaren kritika bezala, Arrazoimen praktikoaren kritika ere hitzaurre eta sarrera batekin hasten da. Ondoren lehen eta zabalen den zatia dator, “arrazoimen praktiko hutsaren osagaien irakaspena”. Kantek berak esaten digunez, horrek lehen kritikaren egitura hartzen du, baina orain estetika analitikaren barne ezartzen du. Bestalde, lehen kritikan bezala analtika batetik abiatzen da, orain arrazoimen praktiko hutsaren analitika dena egiaren erregela gisa, eta ondoren dator dialektika “arrazoimen praktikoaren judizioetan gertatzen diren liluren aurkezpen eta desegite gisa”.

Analitikak (ulermen berri hedatuan) lehen kritikaren analitikak bezala hiru zati ditu, baina lehen kritikarekin alderatuz atzetik aurreko norantzan. Lehen kritika sentimenaren teoria batekin hasten da, estetikarekin, han analitika transzendentalari aitzinatzen zaiona, eta ondoren adigaien analitika bat dator eta gero, gainera, oinarrizko esakuneen analitika. Bigarren kritika, aldiz, oinarrizko esakuneen analitika batekin hasten da, eta ondoren dator adigaiena eta gero (sentimenezkoak ez diren) bultzagaien analitika bat dator. Ordenaren iraulketa horren arrazoia beste nonbait topatu behar da. Ezagutzan arrazoimenak objektuekin duen erlazioa jorratzen da, sentimenik gabe ezinezkoa dena, eta orain nahimenari dagokionez kontua oinarrizko esakuneen nolakotasun morala, araztasuna, argitara ekartzen duen nahimena da.

Egitasmo horri eta froga-helburu horri jarraitzen zaien argudioa zazpi froga urratsetan bana daiteke: lehen urratsean, I-II tesietan (2. eta 3. paragrafoetan), Kantek enpirikoki determinatuta dagoen nahimen batek dituen maxima guztiak baztertzen ditu, horiek ezein lege praktikorik eskuratu ezin dutela erakusten du (2. paragrafoa), eta horien printzipio nagusiari norberaren maitasun edo norberaren zorion deitzen dio (3. paragrafoa). Ondoren, nahieraren heteronomia aipatzen du (kanpotiko determinazioa). Bigarren urratsean, Kantek e contrario argudiatzen du; moralaren printzipio izan ezin duenetik abiatuz, determinazio-oinarri material orotatik, printzipio moral egokia arrazoitzen du, nahimen huts baten determinazio-oinarri izateko balio duen forma, hobe, forma hutsa, eta hirugarren urratsean hori edukiz betetzen du: lege-emate orokorra (3. tesia, 4. paragrafoa).

 

 

 

 

 

Ver el documento completo         Ver del ORIGINAL en PDF