HITZAURREA
I
Karl Marx da eragimen handieneko pentsalaria garai modernoan. Izan ere, aurrerago jo eta defenda daiteke, zenbaki soilak hartuta, Marxen ideiek inpaktu handiagoa eta jende gehiagorengan izan dutela historiako beste inorenak baino, Jesus, Buda eta Mahoma haren arerio hurbilekoenak direla. Hala ere, gehienek gaur egun esango lukete marxismoaren aldia amaitu dela, Marxen ideien faltsutasuna enpirikoki frogatua dela eta moralki porrot egin dutela, eta badela garaia Marxen eraginaren hondarrak garbitu eta «historiaren trasteleku»ra botatzeko. Baieztapen horiek egia badira, orduan Marxen idazki filosofikoak gaur egun bitxikeria historiko bezala bakarrik azter daitezke, Mendebaleko pentsamenduaren baitan irteera gabeko kale baten atal bezala kontsideratuz.
Horrelako ondorioa, jakina, zerbait esatearren presazko eta goiztiarregia izango litzateke. Marxek pentsamenduaren munduari, geure burua eta gizartea ulertzeko dugun moduari, jakintzagai-barietate zabal bateko ikuspegi eta arazo nagusiei egindako ondarea ez dago hain errazki baztertzerik. Mundu modernoa ulertzea ezinbestean atxikirik dago Marx ulertzearekin. Zeren Robert Heilbroner-ek ohartarazi duenez:
Marxengana itzultzen bagara, ez da hutsezina delako, baizik ezinbestekoa delako. Marxek estreinatu zuen ikerketa mota jarraitu nahi duen orok, hor aurkitzen du Marx bere aurrean, eta horregatik berarekin bat etorri edo ezetz esan, hedatu edo alboratu, haren ondarea diren ideiak azaldu edo zuritu beharra dauka.[1]
Hemeretzigarren eta hogeigarren mendeetako filosofiaren berri zehatza izan nahi duenak, edo politikaz edo teoria politikoaz, edo soziologiaz edo teoria sozialaz, edo estetikaz, eta teoria literario eta kulturalaz interesaturik dagoenak ezin diezaioke uko egin Marxen obrarekin serioski topo egiteari. Badago oraindik zer ikasia franko Marxen sistema teorikotik, zeina baita azterketa filosofiko, araudi eta argudio kritikoaren, eta ikerketa enpirikoaren nahastura konplexu bat, nahiz eta hura alde askotatik kritikara zabalik dagoen. Eta Marxen teoria eta praktika iraultzailearen baturak argi-iturri izaten jarraituko du politika erradikalean tarteko direnentzat, nahiz eta arestiko urteetako jazoerekitxuraz haren porreta adierazten duten.
Baina zer eratako ikerketa estreinatu zuen Marxek? Alde batetik, Marx garapen-ildo nagusi baten gailurtzea izan zen filosofia sozial eta politikoan, zeina abiatu baitzen gutxienez Hobbes eta Lockerengandik eta jarraitu baitzuen Rousseau, Kant, eta Hegelengan barrena Marxenganaino iritsi arte. Ikuspuntu horretatik, Marxen egitasmoa daboterearen izaera filosofikoa azaldu eta kritikatzea gizarte modernoan, eta alde batetik, estatuaren, ordena politikoaren, eta bestetik, merkatuaren eta ordena ekonomikoaren arteko harremanak agertzea. Eginkizun filosofikoak gutxienez bi elementu ditu. Haren aurrekoek bezala, baina agian inork baino sakonago, Hegelek izan ezik, Marxek interesa zuen antropologia filosofiko bat, gizakiak sorkari historiko eta sozialak diren heinean haien ulerkuntza bat garatzeko. Eta filosofo politiko handi guztiek bezala, grekoenganaino atzera joz, Marxek bizitza politikoko forma jakin batzuk kritikatzeko ataza araugilearekiko interesa zuen eta komunitate politikoa egoki antolatzeari buruzko ikuspegi bat zirrimarratzekoa. Horrela, kritika moralaren dimentsioa ez dago inoiz urrun gainaldetik Marxen idazkietan. Sarritan Itun Zaharreko profeta batekin erkatu izan da, zeina ahalegintzen baitzen bere gizartea iratzartzera bideetara, zeinetan haien gaizki-ulertzeek praktika bidegabe eta ustelak sostengatzen baitituzte eta haiek salbamenerako errepidera gidatzen laguntzera.
Baina Marx filosofo politiko hutsa baino zerbait gehiago zen, zeren politikoa existentzia sozial modernoaren alde bakar bat besterik ez baitzen eta Marxentzat, ez determinatzailea. Agian garrantzitsuagoa da Marxen ekarpena figura gailenetako batena bezala zientzia sozial modernoaren hasieran. Alde horretatik, kapitalismoaren egitura sakonaren, hemeretzigarren mendean Mendebalean existentzia sozialaren forma menderatzaile gisa sortzen ari zen erakuntza sozialaren analisi enpiriko bat ematen saiatu zen. Nahiz eta kapitalismoa izan haren arakatzearen objektu partikularra, haren egitasmo enpiriko zabalagoa giza historia bere osotasunean ulertzea zen eta, bereziki, erakuntza sozial batzergatik eta nola bilakatzen zen hurrengo. Horretarako materialismo historikoaren bere teoria formulatu zuen, zeina baita teoria enpiriko baten lehen adibidea, baina Marxen ikuspegi filosofiko eta metodologikoetatik bereiztezina.
Marx ez zegoen, noski, teorian, gizakien errealitate historiko eta soziala ulertzean bakarrik interesaturik. Analisi filosofiko, argudio araugile, eta ikerketa enpirikoaz haratago, Marxen ardura mundua aldatzea zen. Haren azken ataza denbora agurotzea zen, zeinean kapitalismoa ez baitzen gehiago bideragarri izango eta erakuntza sozial berri bat, sozialismoa (eta azkenik komunismoa), sortuko baitzen.
Marxen obra guztiko gai nagusia askapena da. Gizakiak naturakoak dira eta naturan daude eta beti bizi izan dira indar naturalen uztarpean. Naturaren menderakuntzaren aurkako haien arma nagusia sortzen duten teknologia da. Historia osoan zehar orain arte, hala ere, gizakiak ez dira gai izan urritasun-egoera iraunkor bat gainditzeko. Inguruabarnaturalak eta ongizate materialeko maila sarritan prekarioa kontuan harturik, zeina baita eskura izandako teknologiarekin produzitzeko gai izan diren guztia, jendeak egitura sozialetan bizitzera jo behar izan du, zeinek ekarri baitituzte zapalkuntza eta menderakuntza sozial eta politikoko forma desberdinak. Hau da, giza ongizatea mehatxatzen duten indar naturalak saihesteko gaitasunik eza eta dauden premia guztiak asetzeko behar beste produzitzeko gure gaitasunik ezak ekarri dute batzuek besteak esplotatzen eta menderatzen dituzten inguruabarretanbizitzea. Baina Marxen historia eta kapitalismoaren garapena ulertzeko moduaren arabera, denbora bat hurbiltzen ari zen, zeinean gure teknologia gai izango baitzen, naturaren erabateko jabe izateko ez bazen ere, hura neurri handi batean gure asmoetarako erabiltzeko eta gure bizitzak haren alde eta indar gogorrenetatik babesteko. Historiako puntu horretan, jadanik ez zatekeen beharrezko izango gizakiontzat besteen menderakuntza sozial eta politikoa ahalbidetzen duten eratan bizitzea. Egiazko giza askapena orduan eta orduan bakarrik izango zatekeen ahalgarri. Marxen arabera, askapen-borrokaren muina zapaltzen gaituzten indarrak ulertzea da; eta xede horri eta giza askatasuna sustatzeari eskaini zion bizitza.
Marxen lan teorikoa, beraz —gizakien izaera ulertzea eta beren mundu historikoa nola eraiki duten, kapitalismoaren izaera sakonagoa aurkitzera eta zergatik den ez-egonkorra, moralki justifikaezina, eta aldaketara irekia, eta botere politikoaren izaera maskaragabetzea— mundu soziala Marxek haren azken forma eta egitura bezala ikusten zuenera mugitzearen zerbitzuan jarrita zegoen. Marxentzat, teoria eta praktika elkarrekin txirikordaturik daude era konplikatuetan maila kopuru batean eta ezinezkoa da prezatzea zer duen berezirik haren «ikerketa motak», gai hori etengabe buruan izan ezik. Haren teoria, hau da, ulertze «soila»z haratago doan elementu kritiko eta emantzipatzaile batez informaturik dago. Baldin eta, komenientzia-arrazoiengatik, iraultzaren garai modernoa 1789an hasi zela esaten badugu (eta batzuen ustez, 1989an amaitu zela), orduan Marx ez da garai horretako pentsalaririk garrantzitsuena bakarrik, baita iraultzailerik handiena eta argi gidaria ere.
II
Marxen bizitza hemeretzigarren mendearen parterik handienean hedatu zen, Mendebaleko Europak eta Amerikak aldaketa sozial, ekonomiko eta politiko bizkor eta sakonak izan zituen garaian. Haren bizitza ulertu behar da Europa kapitalismoaren garai modernora, garapen industrialera, eta teknologiara bultzatzen ari ziren indarrak atze-oihaltzat zituela. Marx 1818an jaio zen Rhinaldeko Trier herritxoan, gaur egun Alemaniaren alderdi mendebaldarra den horretan. Haren familia judua zen eta rabino-erro sakonak zituen aitaren eta amaren aldetik. Marxen aitak, Heinrichek, goiz eten zituen familiarekiko bere hezkuntza juduarekiko loturak eta abokatu egin zen. Bere karrera jarraitzeko, prusiar legeek murriztapenak ezartzen baitzituzten juduek har zitzaketen postuei buruz, Heinrich kristautasunera konbertitu zen (luteranismora, nahiz eta Rhinaldea nagusiki katolikoa izan) Karl, haren semezaharrena jaio baino lehentxeago. Marx bera 1824an bataiatu zuten.
Trier Prusiari erantsia izan zen 1814an, baina aurreko urteetan Napoleonen mendeko tropa frantsesek okupatu zuten, eta Ilustrazioaren eta Iraultza Frantsesaren ideiek sapa handiagoa izan zuten han Prusiako ekialdeko alderdietan baino. Giza aurrerakuntza, arrazoia, erlijio eta tradizioarekiko eszeptizismo nozioak, aldaketa sozialaren sustapena etasozialismo utopikoa bera ere bala-bala zebiltzan Marxen lehen urteetan. Marxen aitak oro har onartzen zituen Ilustrazioaren ideiak eta zalantzarik gabe Marx haren obran nabarmen agertuko ziren gaien eraginpean ezarri zuen lehen aldiz. Bulkada arrazionalista hori neurri bateraino orekatu egin zuen von Westphalen baroiaren partetik zetorkion erromantizismorako suharrak, zeina Marxen gaztaroan eragin handiko auzokidea izan baitzen eta, zeinaren alaba Jennyrekin ezkonduko baitzen gerora.
1835ean, Marx Bonneko unibertsitatean sartu zen legea ikastera aitak nahi zuenez. Hala ere, unibertsitateko haren lehen urtea ez zen arrakastatsua izan. Zurruta, duelua eta poesia erromantikoa idaztearen sareetan harrapaturik ibili zen, eta urtebete igaro ondoren, aitak behin eta berriz eskaturik, Berlingo unibertsitatera aldatu zen. Berlinen, ikasle serioago bihurtu zen eta legearen irakurketak Filosofiako Fakultatera gidatu zuen. Garai hartan Berlingo unibertsitateko filosofiak artean Hegelen eragin handia zeukan, zeina izan baitzen irakasle 1818tik hil arte 1831n. Hegelen filosofiak teoria historiko eta metafisiko handios bat eskaintzen zuen, zeinean Arrazoiak, giza gogamenean txertaturik, natura, historia eta espirituaren (azken horrek bere baitan artea, erlijioa, eta filosofia hartzen zituela) sailak kausatzen eta azaltzen baitzituen. Historia giza kontzientziaren garapena bezala ikusten zen kontraesan eta alienaziozko zenbait estadiotan zehar harik eta autoulerkuntzako puntu bat lortu arte. Puntu horretan, askatasuna erabat burutu zitekeen eta alienazioa gainditu. Hegelen filosofiak itxuraz agintzen zuena giza burutzapeneranzko progresuzko mundu arrazional bat zen. Aro modernoa, zeina etorri baitzen existentziara instituzio politiko eta ekonomiko berrien forman, promes filosofiko horren lorpen historikoa bezala hartu zen.
1830.aren azkenerako Hegelen jarraitzaileak banaturik zeuden borrokan ziharduten taldetan, batez ere hegeldar eskuin kontserbadoreak eta gazte liberalago edo hegeldar ezkerra deituen artean. Auzitan zegoen Hegelen filosofiak haren idazkien bitartez interpretatzen zen bezala laguntza ematen zion gero eta kontserbadoreagoa zen estatu prusiarrari, ala Hegelen ulerkuntza zuzenak oinarri filosofikoa hornitzen zuen estatua kritikatzeko. Kontrobertsiaren parte batek bazuen zerikusia erlijioaren estatusa eta izaerarekin, zeina hegeldar gazteek estatuari gotorleku kontserbadore bat ematen ziona eta horrela kritikara irekia bezala ikusteko joera baitzuten. Marx laster jarri zen hegeldar gazteen alde eta, batez ere, Bruno Bauer, filosofo gazte erradikalen zirkulu hartako kide gailenetako baten ideia filosofiko eta politikoek erakarri zuten. 1841ean, Aristotelesen ondoko filosofia grekoari buruzko disertazio bat osatu zuen eta Jenako unibertsitatean hartu zuen doktoregoa, izan ere Berlin politikoki kargatuegi zegoen beste hegeldar gazte baten disertazioari ongietorri egiteko.
Marxek ezin zuen lortu izendapen akademikorik bere ikuspuntu politiko eta erlijiosoengatik, eta, Bauerri jarraituz, kazetaritzan sartu zen. Laster bihurtu zen Rheinische Zeitung, Koloniako oposizio-kazeta baten editore, baina dimisioa aurkeztu zuen 1843an protesta gisa estatuaren zentsurarengatik. Bitartean, idazten jarraitu zuen, 1843ko udan,besteak beste, «Juduen auziaz», Bruno Bauerren liburu berri baten erreseina kritikoan lan eginez, eta Hegelen filosofia politikoan, saiakera baten zirriborroa eginez, inoiz osatu ez zuen Hegeli buruzko liburu baten sarrera izan nahi zuen batean. Saiakera ezagutu zen «Hegelen Zuzenbide Filosofiaren Kritikarantz: Sarrera» eta Marxen erlijioazegindako ohar ospetsuenetako batzuk dauzka bere baitan. Puntu honetan, jadanik bere hegeldar gazteen erro filosofikoetatik aldentzen ari zen, Bauerrengandik nabarmen urrunduz, eta gero eta gehiago erakartzen zuten Moses Hessen eta Ludwig Feuerbachen ideia erradikalagoek, besteak beste.
1843ko udazkenean, Jenny von Westphalenekin ezkondu ondoren Parisa jo zuen bere obra politikoa kazetari gisaa jarraitzera. Paris garai hartan Europaren hiriburu politikoa zen, eta Marx zirkulu erradikalenen erdian aurkitu zen. Parisen sartu zen lehen aldiz harremanetan langileekin eta proletalgoaren, sortzen ari zen langile-klase industrialaren lehen eskuko zentzuaz jabetu zen. Deutsch-Französische Jahrbücher, Alemaniako bere sozio zahar asko elkartu zituen kazetarentzat lan eginez, buru-belarri murgildu zen politikaren eta ekonomia politikoaren azterlanean. Lan saiatu horren fruitua eskuizkribu bat izan zen, zeinaren edizio osoa ez baitzen argitaratu 1932 arte eta Eskuizkribu ekonomiko eta politikoak izenpean ezagutua izan baitzen, halaber Parisko Eskuizkribuak edo 1844ko Eskuizkribuak bezala ere. Obra goiztiar hori, mendearen azken erdian, eztabaida eta interpretaziorako gune nagusi bihurtu zen. Askorentzat, Marxen posizioa humanista erradikal gisa definitzen duen testu erabakigarria da. Aldi horretan, bere erreakzioen berri ere eman zuen ekonomialari politiko zenbaiten obra irakurri ondoren, James Mill, John Stuart Millen aitarena barne. Gogoeta horiek, zeinek beren baitan baitauzkate komunismoari buruzko haren pentsamendu goiztiar interesgarri batzuk, gerora Hautapena-1844ko oharrak izenpean ezagutu izan dira.
1843-44 bitartean, Ludwig Feuerbachen obraren eragin handia izan zuen Marxek. Feuerbachek izen bat irabazi zuen kristautasunaren kritikari gisa, 1841ean Kristautasunaren esentzia argitaratu zuelarik. Bertan argudiatzen zuen erlijioa giza esentziaren proiekzio alienatua zela. Gero Hegelen idealismoa kritikatzera jo zuen ikuspuntu materialista batetikFilosofiaren erreformarako atalaurreko tesiak (1842) obran. Filosofiak jende errealarengandik, mundu materialeko izaki zentzumendun gisa errealki existitzen direnengandik abiatu behar duelako Feuerbachen argudioak, eta ez Arrazoia, Ideia, edo Geist (Gogamena, Espiritua) hegeldar abstrakzioetatik, inspiratu egin zuen Marx bere pentsamenduan zeuden hegeldar idealismoaren edozein aztarna astintzera.
Ez zuen luzaroan iraun materialista feuerbachiar gisa, hala ere. 1845eko udaberrirako Marx ohartu zen, agian Hegelen dimentsio historikoaren eraginpean, Feuerbachen posizioa ez zela behar bezain soziala eta historikoa. Intuizio horiek eskuizkribu labur batean laburbildu zituen aforistikoki eta postumoki baizik ez zuten argia ikusi, Feuerbachi buruzko tesiak izenpean.
[1] Robert L. Heilbronner, Marxism: For and Against (New York and London: W.W. Norton and Company, 1980) 15 or.
Ver el documento completo ORIGINAL