HITZAURREA

 

Tamalez, gutxi dira euskaldunok gure hizkuntzan irakur ditzakegun pentsamendu marxistaren lan idatziak. Horregatik, gure ekimenak argitaratuko dituen liburuxken artean Klasikoak bilduma osatzea ezinbestekoa dugu, eta Pello Oxandabaratzen lan eskuzabalari esker, hasiera eman diezaiokegu zerrenda horri gaurkotasuna galdu ez duen izenburu batekin: MARXISMOA ETA NAZIO-AUZIA.

Leninen eskakizunez, Stalinek 1912. eta 1913. urteetan zehar idatzitako lan honetan, nazioa zer den definitzeaz eta mugimendu nazionalen izaera identifikatzeaz gain, materialismo dialektikoan oinarrituz garaiko sozialdemokraziaren adar ezberdinek tokian toki nazio-auziari proposatutako erantzunak aztertzen ditu eta, azkenik, Estatu errusierarentzako konponbidea aurkezten du.

Lan hau une aproposean argitaratzeko aukera izan dugu. Aipatu bezala, gaurkotasuna galdu ez duela esan baino, beharrezko giltza bihurtzen dela baieztatu dezakegu Euskal Herrian nazio-auziari buruzko eztabaida berpiztu dela ikusita, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren estrategia aldaketaren ondorioz.

Aldaketa estrategiko horrek suposatu du, batez ere, independentzia eta iraultza sozialistaren arteko loturaren apurketa. Izan ere, garai bateko ENAMen estrategia independentista iraultzailearen arabera, zapaldu, esplotatu eta zatitutako Euskal Herri Langileak bere arazoei erantzuna emanez, Estatu zapaltzaileen aparatu guztiak suntsitu behar zituen gure lurraldeetan, Atturritik Ebrorainoko Estatu independente eta sozialista baten eraikuntza ahalbidetzeko, proletalgoaren diktadura, beharrezko forma historikoa Euskal Herrian. Argi zegoen orduan: independentista iraultzaileek, injustizia guztien aurkako borrokalariak ziren aldetik, klase zein nazio askapena bilatuko zutela eta batera lortuko zituztela. Txanpon bereko bi aurpegiak baitziren, eta dira.

Areago, independentziaren aldeko borroka Mundu Iraultza Sozialistaren zatia izango zen. Estatu Sozialista horrek behin behinekoa izango zen eta, internazionalistak ziren aldetik, beste herrialdeekin berdintasunean batuz, mundu mailako klase eta Estaturik gabeko gizartea eraikitzea helburu zuten: komunismoa.

Estrategia berriak, berriz, euskal Estatu burges independente bat ezartzea du helburu. Izango bide dena ENAMen egitasmo historikoaren modu errealistan “garai berri” batera egokitzea. Batzuk diotenez, sozialismorako aurreko urratsa ere izango da. Errealitatea bestelakoa da oso. Ez da proiektu errealista bat, utopikoa baizik. Bere helburu burges mizkinei dagokienez zein, are gehiago, ENAMen helburu historikoak lortzeari begira. Egitasmo berritzailea ere ez da. Bere baitan ez baitago XIX. mendeko erreformista burges txiki baten idazkietan (Proudhon, Rodbertus, Sismondi, Bernstein...) aurkitu ezin den idei bakar bat ere. Eta zer esan sozialismorako aurreko urratsa izateko asmoari buruz? Hasteko, sozialismoa zerbait bada, komunismorako trantsizio fase bat da. Ez dago argi, beraz, zer esan nahi duen sozialismora heltzeko aurreko urrats bat. Dena den, Euskal Herri Langileari sinestaraztea bere onurako erreforma sozial eta politiko sakonak posible direla kapitalismoarekin apurtu gabe ez da sozialismorako urrats bat, kapitalismoa edertzea baita.

Honen aurrean, hirugarren bide bat aurkezten zaigu, independentismo iraultzailea arbuiatu duten bere burua komunistatzat dutenena. Bainuontzian dagoen ur zikinarekin batera bainatzen ari ginen umea botatzea dela, gure ustez. Zeren eta independentzia ez baita soilik nazio zapalkuntza amaitzeko modu bakarra, Euskal Herriko errealitate historikoa kontutan hartuta. Independentziaren aldeko borroka izan da eta izan liteke eragile iraultzaile indartsua. Egia esan, 1950 hamarkadatik ENAM eta Irlandako Mugimendu Errepublikanoa izan dira Mendebaleko Europako mugimendu iraultzaile bakarrak. Zerbaitegatik izango da, ez da?

Honek guztiak ez du esan nahi estrategia independentista iraultzailea akatsik gabekoa zela. Eta, ondorioz, ENAMen aldaketa estrategikoa indar ilunen konspirazio hutsa izan dela. Hau irrazionala bezain idealista baita. Izan ere, erreformisten arrakasta ez zen posible izango independentismo iraultzailean gabezi teoriko eta ideologiko garrantzitsuak ez baleuzka.

Horregatik behar dugu taburik gabeko independentismo iraultzailearen balantze kritiko bat. Iraultzaile euskaldunon arteko eztabaidaren bidez egin behar duguna.

Espero dugu, beraz, betebehar honetan liburuxka hau lagungarri izatea.

IRAULTZA GARAIA,

2015eko apirilean

 

MARXISMOA ETA NAZIO AUZIA

 

Sarrera[1]

Errusian, kontrairaultzaren garaiek, “ekaitza eta kazkabarra” ekartzeaz gain, mugimenduarekiko desilusioa eta amankomuneko indarrekiko fede falta ekarri dituzte. “Etorkizun dirdiratsu” baten esperoan, jendeak, bere nazionalitateaz gaindi orobatean borrokatzen zuen: denon arazoak guztiaren gainetik! Baina barrenean zalantzak agertzen hasi zirenean, jendea multzo nazionaletan sakabanatzen hasi zen: norbera bere buruaz ardura dadila! “Arazo nazionala” guztiaren gainetik!

Aldi berean, herrialde osoan ekonomia eraldaketa prozesu bat ematen ari zen. 1905. urtea ez zen alferrik iragan: nekazalgunean zirauten joputzaren apurrek kolpe gogor bat jasan zuten. Gosearen urteen osteko uztaro onek eta honen atzetik etorri zen goraldi industrialak kapitalismoaren aurrerapena lagundu zuten. Nekazalgunean eman zen diferentziazioak, hirien hazkundeak eta salerosketaren eta komunikazio bideen garapenak aurrerapauso bat eman zuten. Gertaera hau, batez ere, periferiako eskualdeetan ematen da, eta honek Errusiako nazionalitateen garapen ekonomikoa sendotu besterik ezin zuen egin. Eta hauek mugitu beharrean hasi ziren.

Urte hauetan ezarritako “erregimen konstituzionalak” ere nazionalitateen suspertzea lagundu zuen. Egunkarien eta oro har, literaturaren hazkundeak, prentsa eta kultur instituzioen nolabaiteko askatasunak, herri-antzerkien garapenak eta abarrek “nazio sentimenduak” sendotzea ekarri zuen. Dumak[2] zein hauteskunde kanpainak eta bere talde politikoek, nazioei bizitasuna emateko aukera berriak eta hauek mobilizatzeko esparru berri bat zabaldu zituen.

Goitik hasitako nazionalismo oldarkorrak eta “boterearen ahaldunek”, periferiaren “askatasunarenganako maitasunaz” mendeku hartzeko hasitako errepresio uholdeak, erreakzio bezala behetik sortutako nazionalismo uholde bat ekarri du, hauxe askotan txobinismo hutsa izatera iristen zelarik. Denok ezagutzen ditugu gertakari hauek: judutarren artean, sionismoaren sendotzea; Polonian, txobinismoarena; tartariarren[3] artean panislamismoarena; armeniarren, georgiarren eta ukrainarren artean, nazionalismoaren gogortzea eta burges-ttipi ororen barrenetan, antisemitismoranzko joera.

Nazionalismoaren uholdeak, langile masak irenstea mehatxatuz aurrera egiten zuen. Eta askapen mugimendua gero eta gehiago ahultzen zelarik, zenbat eta gar handiagoz loratzen zen nazionalismoa.

Une latz hauetan, sozialdemokraziak[4] eginkizun handi bat zuen: nazionalismoari aurre egitea, masak “izurrite” orokorretik babestea. Izan ere, sozialdemokraziak bakarrik lor zezakeen hori, nazionalismoari internazionalismoaren eta klase batasunaren eta banaezintasunaren arma kontrajarriz. Eta nazionalismoaren uholdea zenbat eta indartsuagoa izan, zenbat eta bortitzago entzun beharko zatekeen Errusiako nazionalitate guztietako proletarioak anaitzearen eta batzearen aldeko sozialdemokraziaren oihua. Halako momentuetan, nazionalismoarekin zuzenean topeka ari ziren periferiako eskualdeetako sozialdemokraten aldetik sendotasun berezi bat beharrezkoa zen.

Baina sozialdemokratek, eta inork baino gutxiago periferiako eskualdeetakoek, ez zuten eginkizunak eskatzen zuen mailarik eman. Bundek[5], lehen eginkizun amankomunak nabarmentzen zituenak, orain helburu nazionalista hutsak jartzen ditu lehen mailan: joera hau hain muturreko egin zen, ezen bere hauteskunde kanpainako puntu nagusietako bat “larunbateko ospakizunak[6]” eta “jiddisharen[7] aintzatespenak” osatzen zutela. Bunden atzetik Kaukaso etorri zen: sozialdemokrata kaukasiar batzuek, lehen beste sozialdemokrata kaukasiarrekin batera “autonomia nazional-kulturala” errefusatzen bazuten ere, orain berehala lortu beharreko aldarrikapen bezala aurkezten dute. Eta hori, zalantza nazionalistak aintzatesten zituen ebazpena onartu zuen likidatzaileen konferentziaz[8] hitzik ez egitearren.

Guzti honetatik, nazio-auziari buruzko Errusiako sozialdemokraziaren ikuskerak sozialdemokrata guztientzat guztiz argi ez daudela ondorioztatzen dugu . . . . . . . . . . . . . . . . .

 

 

 

 

[1] Stalinek liburu hau nagusiki 1912an idatzi zuen, Vartsovian eta gero Vienan bizi zelarik. Lehen aldiz 1913ko martxoaren eta maiatzaren artean artikulu gisa argitaratu zen Prosvestxenie (“Ilustrazioa”) deituriko aldizkari boltxebikearen 3, 4 eta 5 zenbakietan, “Nazio arazoa eta sozialdemokrazia” izenburupean. Artikuluaren sinatzaile gisa “K. Stalin” agertzen zen, K horrek Stalinen lehenagoko “Koba” ezizenari egiten zion erreferentzia (garai batean, Stalinek ezizen biak, zaharra eta berria, batera erabiltzen zituen, bere burua “Koba Stalin” bezala aurkeztuz).

Prosvestxenie aldizkaria, boltxebikeen aldizkari legala izan zen, prentsa ilegal boltxebikearen ikur zen Pravda (“Egia”) egunkariari loturik zegoen. 1911ko abenduan hasi zen editatzen, Lenin zuzendari zelarik. Stalin zuzendaritza taldeko kide izan zen, 1913an atxilotua izan zen arte. 1914an I Mundu Guda hastean aldizkaria legez kanpo geratu zen. 1917ko uztailean zenbaki bikoitz bat atera zen, aldizkariaren azken alea izan zelarik.

Liburuari dagokionez, esan bezala, lehenik artikulu gisa atera zen, bere lehen izenburua “Nazio arazoa eta sozialdemokrazia” zelarik. Lenin bera liluratuta geratu zen irakurritakoan eta Stalini sekulako loreak bota zizkion. 1914an San Petersburgoko Priboi argitaletxeak liburu bakun gisa argitaratu zuen, Nazio arazoa eta marxismoa izenburupean. Baina handik gutxira, Errusiako Barne Ministeritzak liburua debekatu egin zuen eta liburutegietatik erretiratua izan zedin agindu zuen. 1920an artikulua berriz argitaratu zen, Errusiako Errepublika Sobietarraren Nazioetarako Herri Komisariotzak, Stalin beraren zuzendaritzapean, Stalinen Artikuluen Bilduma bat atera zuenean, artikulu hau ere bertan agertzen zelarik. Hortik aurrera hainbatetan izan zen argitaratua, adibidez 1934an Stalinen artikuluen bilduma berri batean sartu zuten; Nazio eta kolonial arazoa izenekoan. Denborarekin batera, Stalinen lanik ezagunenetako bat bilakatu zen.

[2] Duma: Errusiako parlamentua; 1905ean tsarrak herriaren iraultza nahiak asetzeko deitutakoa. Halere, argi zegoen Duma ez zela hasieran piztu ziren itxaropenek aditzera emandako parlamentu demokratikoa, tsarraren interesetan erabiliko zerbitzu-parlamentua baizik. Boltxebikeek, hasieran boikota egiten bazioten ere, gerora, Dumaren iruzurra deslegitimatzeko asmoz, intsurrekzio iraultzailea ezinezkoa zen testuinguru batean Duman parte hartu zuten, ez hau indartzeko asmoz, baizik eta hau monarkiaren eta burgesiaren aurkako plataforma bezala, iraultzaren onerako tresna (eta ez helburu) bezala erabiliz. Guztira Duman lau legealdi izan ziren eta azkenengoan Gobernu tsaristak hauteskundeetan langileen bozka eskubideak eta ordezkaritza mugatu egin zituen, iraultzaileen presentzia eta parte hartzea mugatu asmoz.

[3] Tartariarrak: SESB osatzen zuten lurretan zehar hedatutako herri turkikoa; turkiar familiako hizkuntza batez hitzegiten dute, eta alfabeto zirilikoz idazten dute. 10 milioi bat tartariar daude, horietako bi Tatarstanen bizi direlarik, kopuru hauek zehazten zailak badira ere. Euren izena “Ta-ta” mongoliar tributik dator, eta gerora, tribu hau beste tribu turkiko edo mongoliar batzuekin batzerakoan eta Erdi Aroan zehar errusiar lurrak inbaditzerakoan, errusiarrek halako tribu mongol-turkikoak izen generiko horrekin ezagutuko zituzten. Historian zehar “tartariar” izenak eztabaida handia sortu du, izen honetan sartutako taldeen sailkapena gutxi arte aldakorra eta ez oso zehatza baitzen. Gehienak musulman suniak dira eta horixe da euren erlijio tradizionala; Errusian hainbeste denbora egon eta gero batzuk kristautasun ortodoxora aldatu badira ere. Oso barreiaturik bizi dira, beraz tartariar guztien arteko batasun sentimendua ahulduz joan da. V mendean Gobiko desertuan lokalizaturik zeuden, eta IX-XII mende artean mendebalderantz mugitu ziren eta Erdi Aroko errusiar Estatuak inbaditu zituzten, Erdi Aroko mundu eslaviarraren mapa aldatuz: Estatu eslaviar batzuk suntsitu edo konkistatu egin zituzten eta beste batzuk menperatu (tartariarren inbasioak errusiar eta oro har Ekialdeko eslaviar historian mugarri garrantzitsu bat dira). Gehienbat, Krimean eta Volgaren arroan finkatu ziren, eta bertan euren Estatuak sortu zituzten: Krimeako khanerria eta Kazango khanerria. Azken hau, Iban IV Izugarria tsarrak konkistatu eta Errusiar Inperioan sartu zuen, hala ere tartariarrak euren presentzia eta euren eragina (batez ere merkatari gisa) mantentzeko gai izan dira. Krimeako khanerria oso boteretsua izan zen eta Otomandar Inperioaren aliatu gisa jardun zuen Ukrainako kosakoen edota Poloniar erresumaren aurka borrokatuz. Kattalin Handia tsarinak Krimea konkistatzerakoan desegin zen; eta XIX mendean Gobernuak eslaviar jatorrizko biztanle asko Krimeara joatea babestu zuen bertako tartariarren presentziari kontrabalantza egiteko. Hori dela eta, mende horretan Krimeako tartariar askok Turkiara emigratu zuten eta Krimean tartariar presentzia asko murriztu zen. Sobietar Iraultzarekin batera, Volgaren arroko tartariar boltxebikeek, Sobietar Batasunaren barruan Tatarstango Sobietar Errepublika Autonomo Sozialista aldarrikatu zuten Kazan hiriaren inguruan, eta hala tartariar hauek euren burujabetza berreskuratu zuten. 1992an, Sobietar Batasuna desegin eta urte batera, Tatarstango Errepublika sortu zen, eta bere Konstituzioaren arabera “Errusiako Federazioari atxikitako Errepublika bat da”.

[4] Errusiako sozialdemokrazia: Kontzeptu hau aipatzerakoan, orokorrean, Errusiako mugimendu marxistaz eta batez ere Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataz ari gara. Alderdi hori 1897an sortu zen, eta 1903an bere barruan boltxebikeen eta mentxebikeen korronteak azalduko ziren. 1912an, korronte hauek guztiz bananduko ziren (ikus 8 oharra). Hala ere, Stalinek liburu hau 1913an, oraindik apurketaren arrazoi eta ondorio denak oso argi ez zeudenean idatzi zuen; beraz, Stalinek kontzeptu hau sarritan erabiliko du, agian apurketaren sakontasunaz eta bere ondorioez oraindik kontziente ez zelako, edo baita apurketaren aurretik alderdiak batuta izan zuen historiari so egitean.

[5] Bund: Bund erakundea langile judutarrak biltzen zituen alderdi sozialista judutarra izan zen. Bere izen osoa “Poloniako, Lituaniako eta Errusiako Langile Judutarren Federazio Nagusia” zen (Bund hitzak jiddishez Federazio esan nahi du). Bund erakundea 1897an sortu zen, Errusiar Inperioko langile judutar guztiak elkarte bakar batean batzeko asmoz. Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata 1898an sortzean, Bund erakundea mugimendu marxista bateratuaren parte izatera pasa zen, baina azken honen II Kongresuan, Bund erakundeak alderdi bateratua utzi egin zuen, honek Bunden autonomia nazionalerako proposamena onartu ez zuelako. 1906an, IV Biltzarrean, berriz batuko bazen ere, batasun hori formazkoa izan zen, ez benetakoa. Bundistek, errusiar mugimendu marxistaren zatiketaren aurrean, gehienbat mentxebikeen alde egiten zuten (adibidez, 1912ko abuztuko Likidatzaileen Konferentzian parte hartzerakoan). Bund erakundea sionismoaren aurka zegoen, Europako judutarrentzat Palestinan Estatu judutarra eraikitzeko emigratzea baino autonomia kulturala defendatzen zuelako eta judutarren hizkuntza legez hebraieraren ordez jiddishera defendatzen zuelako; halere, judutar askok Palestinara emigratzeak, Bunden militantziaren murrizketa ekarriko zuen. Bund erakundea, batez ere Bielorrusian eta Ukrainan zen indartsua eta judutarrak pogrometatik defendatzeko miliziak antolatzen zituen. 1917an otsaileko iraultza burgesa babestu zuen, baina Urriko Iraultza Sozialistaren aurka agertu zen. Hala ere, zuriek eramandako pogrom gogorrek bundista asko boltxebikeengana hurbildu zituzten, Bunden barruan zatiketa prokomunista bat sortuz. SESBen, Bunden “post mortem” lorpenik handiena, SESBk Birobidzhaneko Judutar Oblast Autonomoaren sortzea izan zen. Polonian alderdi aktiboa izan zen II Mundu Guda bukatu arte, eta nazismoaren aurkako erresistentzian (esaterako Vartsoviako Ghettoko Matxinadan) parte hartu zuen. Gaur egun ez da alderdi bezala existitzen, baina badaude Bunden ondarea bizirik mantentzen duten zenbait judutar zentru kultural

[6] Larunbata (Sabbath): Judutarrentzat larunbata Jainkoaren otoitz-eguna da, eta egun horretan zerbitzu erlijiosoak bete behar dituzte. Kristauentzat igandea denaren baliokidea da

[7] Jiddish: Europa erdialdeko judutarren hizkuntza, germaniar hizkuntzen familiakoa. Hizkuntza honek alemanieraren antza handia du, hizkuntz-enborra alemanierarena da, hiztegi aldetik hebraieraren mailegu batzuk baditu ere. Gaur egun 2-3 milioi hiztun ditu mundu osoan zehar barreiatuta, eta gehienbat hebraitar alfabetoz idazten da, latindar alfabetoz ere idatzi badaitekeen arren. XVIII mendean, Ilustrazioarekin batera, Haskalah mugimenduaren eraginez europar judutar askok, “kultura hartzeko” eta “integratzeko” nahi horrek bultzatuta, jiddisha alde batera utzi zuten, “hizkera ez-zibilizatu trakets” bat eta “berezitasun mugatzaile” bat zelakoan; horrela europar kultura eta hizkuntzetara asimilatzen hasi ziren. XIX eta XX mendeetan, normalizazioari eta literatur produkzio handiari esker, jiddishak berpizkunde bat izan zuen. Halere, nazismoak judutarren aurka burututako jazarpen kriminalak jiddisharen hiztun kopurua asko murriztu zituen, asko genozidioan hil baitziren eta beste askok heriotza saihesteko ihes egin behar izan baitzuten. Beste alde batetik, judutar nazionalismo sionistak hebraieraren mesedetan jiddish hizkuntza alboratu egin zuen (gaur egun Israelen ez da hizkuntza ofiziala eta guztiz baztertua dago). Errusian, Sobietar Iraultzarekin batera, SESBeko toki batzuetan, hala nola Bielorrusian, Ukrainan edo Moldavian hizkuntza aintzatetsia izan zen, eta 1934an sortutako Birobidzhan Judutar Oblast Autonomoan (Errusian), hizkuntza ofiziala da.

[8] Likidatzaileen konferentzia: Mentxebikeen eskuineko ildoak, likidatzaile izenaz ezagutua zenak, 1912an antolatu zuen konferentziaz ari da Stalin. Likidatzaileen Konferentzia, 1912ko abuztuan, Vienan, errusiar mugimendu sozialistako talde antiboltxebike guztiek (trotskistek, mentxebikeek, bundistek, kaukasiar errebisionistek eta abar) burutu zuten konferentzia bat izan zen. Konferentzia honen helburua, boltxebikeak bakartzea eta hauen eragina murriztea izan zen. Konferentzian hartutako erabakien arabera, Alderdiaren egitura iraultzaile ilegalak likidatu egin behar ziren, alderdi guztiz legal bat eraikitzeko bidean, autodeterminazioaren eskubidea alde batera utzi behar zen autonomia nazional-kulturalaren mesedetan, lurraren banaketaren ordez, nekazal erreforma moderatua defendatu behar zen, eta bide iraultzaileen ordez, bide konstituzionalista legalak hartu behar ziren. Konferentzia honek Duma tsaristan parte-hartzearen garrantzia handietsi egin zuen, burgesia liberalarekin akordio politikoa lortzea onesteraino. Konferentzia honek mentxebikeen eta boltxebikeen arteko behin-betiko apurketa ekarri zuen.

 

 

 

 

Ver el documento completo