1. GOGORATUZ

 

Jesus Larrañaga (Goierri gaitzizena zuena), langile aintzindari bikaina, langile zintzoa, antolakuntza-gaitasun handiko lankidea, gizartearen aldaketagatik bere bizia eman zuen heroia, gidari berezia eta Euskadiko Partidu Komunistaren sortzailea zen, igarotzen zen lekuetan bere begikortasunaren eta nortasun handiaren arrastoa uzten zuena eta beharra zuten pertsona guztiei laguntzeko prest ageri zen beti. Bere bizitzaren norabidea oso adierazgarria, sufritua eta eredu jartzekoa izan zen; milaka eta milaka komunistek begiratzen zuten ispilua zen eta giza aurrerapena nahi zuten eta giza eskubideetan pentsatzen zuten sozialisten, anarkisten, abertzaleen eta partidurik ez zuten pertsonen begirune handia izan zuen.

Goierri  Beasainen bizi izan zen, Jose Marin Arana kalean eta CAFen lan egin zuen. Bertan estimu eta elkartasun handiak izan zituen; bere bizitza bizi-bizia izan zen arlo politiko eta sindikalean eta bera bezelako pertsonak ezin dira ahaztu, ahaztezinak dira eta.

Diktadura garaian, oztopo egiten zuenari bizia kenduz guztia konpontzen zen garai zail hartan, bere bizia arriskuan jarri eta galdu egin zuen, beraz bidezkoa da bere pertsonaren oroimena bizirik mantentzea.

Eta Jesus, justizia, demokrazia eta bizi-kalitate hobea nahi zuten eta hil zituzten beste milaka pertsonen arteko bat izan zenb. Bere hitzaldietan herri zapalduen aldeko hitz errebindikatzaileak ahoan zituen gizona izan zen; euskaldun ona, baita espainola ere, internazionalista zen eta Leninen filosofiaren interpretatzaile ona; giza klase guztiak eta munduko herri zapaldu guztiak maite izan zituen, baina Euskadi  batipat, eta horregatik kendu zioten  bizia.

Goierri oso animatua zen, bere ikasia, leial, marxismo-arloan ongi prestatua, hiztun joria eta euskera menderatzen zuena. Euskadi, Demokrazia eta Askatasunarengatik guztia eman zuen belaunaldikoa izan zen. Orduan ametsak ziren helburuen alde egin zuen borroka eta helburuetako batzuek lortu egin dira eta gaur egun errealitate dira. Gara i hartan zenbait pertsonak ulertu ez bazioten ere, gaur egun guztiek ulertuko liokete eta batez ere dugun gazteria eskuzabal, zoragarri, dinamiko eta kultuak.

1936ko otsailaren 16an Diputatuen Kongresurako Gipuzkoako Fronte Herrikoiaren zerrendan hautagai izan zen. 1936k uztailean, Gipuzkoako Defentsa Batzordean  Gerra-Komisari izendatua izan zen, eta geroztik armada frankistaren aurka borrokatzen eta jendea zuzentzen ja­rraitu zuen Gipuzkoan, Bizkaian, Kantabrian eta Asturia­sen, Espainiar estatuaren iparraldeko borroka amaitu arte eta heroi moduko erresistentziaren azken unean, Yeuko irlara (Frantzia) eraman zuen itsasontzi bat hartu ahal izan zuen Xixongo portuan bere eta beste gudari batzuen bizia salbatzeko 1937ko urriaren 22an, eta handik Espainiara itzuli zen gerra guztiz amaitu arte borrokan jarraitzeko.

Baina 1942ko urtarrilaren 21eko egunsenti hotzean, Goierriren gorputza eta beste bost burkideenak Madrilgo La Almudena hilerriko horma baten oinean erori ziren exekuzio talde baten deskargaz erahilak. Egia okertu eta pertsona onak gaiztotzat nahiz ankerrak ohoretsutzat azal­tzen zituzten garaiak ziren haiek.

Jesus Larrañaga Kultur Elkartea osatzen dugunok, non komunista, sozialista eta independenteek elkarbizitza egiten dugun, egun batetan Elkartea eratzea erabaki genuen eta bere izena ematea bere oroitzapena iraunarazi asmoz eta borondateoneko pertsona guztiei irekita daukagu.

Beasaindarrok harro egon gaitezke, Goierrikoa iza­teagatik eta Beasaingo langile-mugimenduan bizitasun eta adore handiz parte hartzeagatik; gerran ez zen erreza izaten bere taldea,Larrañaga batailoia, zegoen luebakia igarotzea.

Eduardo GAMARRA BRAULIO

 

GAZTAROA

 

Jesus 1901eko apirilaren 17an jaio zen Urretxun(orduan Villarreal de Urrechua ofizialki), bere bizitzari buruzko oharren batek"oso behartsutzat" jotzen duen sendi batean. Aita, Joakin, kontratista zen. Izango zen hura baino sendi behartsuagorik herri hartan. Egia da hala ere, aitak lan egiten zuen tokietara aldatu behar izaten zuela familia guztiak.

Aitak eginak ziren Altzotitako uren ekarria eta Castro Urdialesko zenbait txalet. Azkoitian jaioa zen, “Goierri” izeneko baserri batean.

Ama ere, Margarita Txurruka, Azkoititik zetorren; lisatzailea zen ogibidez. Bera zen senitartekoen adorea eta kemena. Kosme Damian Txurruka, mutrikuarraren senitartekoa zen, Espainiako armadan Itsas Ofiziala zela kainoi bala batek hanka errotik atera eta hala ere bere tokian iraunik, 1805eko Trafalgar-eko hondamenaren heroi bihurtuarena alegia

Margaritak indar handiko izaera zuen, apala zen, erlijio-sinestuna eta bihotz handikoa. Sendiaren zamari eus­ten dioten eta harria bezain sendoak diren ama euskaldun horietako bat zen. Jesusen izaeran eragin handia izan zuen eta honek beti izan zuen bere amarekiko begirune berezia.

Lau anai-arreben artean hirugarrena zen Jesus.Luis Mari, zaharrena, eta Esteban, bigarrena, jesuita izan ziren eta gaztetan hil ziren etxetik urrun. Estebanek Filosofia eta Letren ikasketak egin zituen Burgosen eta sukarrak jota hil zen Kolonbiatik Euskal Herrira zekarren itsasontzian.

Gazteenak,Maria Josefak (Maribel deitua), bizitza luze eta gorabehera askokoa bizi izan du eta gaur egun Gasteizen bizi da. Buru oso ona, begikotasun handia eta aurpegi ederra ditu, bere amaren antzera eta Jesusena ere izan zenaren modura.

Beasainen jaio zen Maria Josefa, familiak 1903an edo 1904ean etxea hartu zuen tokian."Aranaren etxeetako"etxe­bizitza batean bizi izan ziren, J. M. Iturriotz kalearen eta Oria ibaiaren artean dauden bi etxe-multzo sendoetako batean.

Demografiak iraultza handia eragin zuen ekonomi garapena hasi zen Beasainen garai hartan.1900ean1.932 bizilagun zituen, 1910ean 2.973 jada, 1918an berriz 3.659. 1857an Km2-ko 44,5 bizilagun izatetik 99,15 izatera pasa zen.

Burdingintzaren aurrerakada izan zen biztanlekopurua igotzeko arrazoia. Honen inguruan garatu bide ziren etxegintza eta zerbitzuen eskaintza, eta Joakin La­rrañaga kontratistari bide zabala ireki zion.Larrañaga familia bizi izan zeneko Jose Martin Arana kaleko etxeak egin berriak ziren.1900 inguruan eraiki ziren errebote, erremonte eta puntako pilotalekua zeuden orube berean.

Margaritak bere izate erlijioso eta euskalduna erakutsi zien bere seme-alabei. Urretxun bizi zirenean, Jesusen Bihotza etxean jartzen lehenegoak izan ziren. Aldare mugikorra ezarri zuten gela batean eta hara etor­tzen zen Luisen amari aitorpena entzun eta jauna ematera sendiaren arima-zuzendaria zen apaiz bat. Hala dio Maria Josefak apaiz horri buruz:"Apaiz jatorra zen.Garai hartan zegoen apaiz gutxitako bat. Baserritarra zen, oso baserrita­rra, ohitura oso baserritarretakoa. Biziki maite zuen Euskal Herria.Asko erakutsi zion amari" ([1]). Anaia zaharrenek laster hartu zuten apaiztegirako bidea. Loiolan egon ziren eta Bogotara(Kolonbia) bidali zituzten.Euskaraz egiten zen senitartean, noski, eta pentsatzekoa da Jesusek 1912an Zangotzan (Nafarroa) Xabierren Ikastetxe Apostolikoan (Colegio Apostólico de Javier) hasi zenean lan handiak izan zituela gaztelerara ohitzeko, ez baitzuen hura bere ama-hizkuntza.

Apaiztegian sartzeko aurretiko pausoa izan zen ikastetxea. Ikasketen eta adimenaren antolamendu zorro­tza aurkitu zituen han.Goiz jaiki, nork bere burua eta gela garbitu, gosari urria, mezak, errosarioak, gogamena lan­tzeko irakurketak, Latin eta Histori ikastaroak, bazkaria, ikastorduak eta soinketa. Hiruhileroko azterketak.

Bere nebaren bizkortasunari buruzko Maria Jose­faren esanak, ez dira arrebaren grina soila, gaur egun itxia dagoen ikastetxeko agirietan gordeta dauden Jesusen no­tek,aita Castillok gogo onez eskuratu dizkidanek,egiazta­tzen dituzte esan horiek. Jesusen hiru ikasturteetako nota guztiak (1912-1913,1913-1914, 1914-1915) "bikain" dira.

Jesuiten irakaskuntzaren oinarrizko hizkuntza zen latina ondo ikastea lortu zuen. Heziketa klasikoona jaso zuen (erromatar idazlanak latinez irakurri zituen) eta oratoria ikasi zuen hizlari jesuita izan zedin. Ez zuen berak inolako susmorik orduan, eta are gutxiago bere irakasleek, ondorengo ihardun iraultzailean hain baliagarri izango zitzaionik irakaspen hura.

Apaiztegiko igaroaldiak aztarna sakona utzi zion; hala erakusten du Jesus zinez begiko izan zuen eta Parisko Sorbonako bere irakasle izan ondoren gaur lanetik jubilatua dagoen Manuel Chiapuso donostiar anarkistak:

"Beti geratu zitzaion zerbait apaiztegiko igaroalditik.Aztarna ba­tzuek iraun egiten dute. Jesuitek eztabaidatzen irakatsi zio­ten eta horregatik zen hain eztabaidatzaile ona. Ikasleak eztabaidatzera bultzatzen dituzte, batzuek besteengandik ikas dezaten. Errusiar dialektika entzutetsua inaziotarra baino ez da. Stalinek mesanotxean gordeta zituen San Inazioren gogojardunak. Guk «jesuita gorri» esaten genien komunis­tei, eta haserretzen ginenean “jesuita narrats”. Haien diale­ktika entzutetsua, inaziotarren dialektikatik datorkie" ([2]).

Gero eta ikasle gutxiago zegoen, baina bikain atera­tzen zituen Jesuek hiruhiletako notak. Besteren artean Arzelus, Bolunburu, Redin, Peña, Areitio eta Gorostiaga zituen ikaskide. Hauetako bat Ricardo Garcia Villoslada zen, jesuita eta ordena horren historigile handia, 1991n hila.

Baina Jesus betidanik izan zen bihurria eta berezko bihurritasun hori zela eta, eskola utzi egin zuen. Jesusen Lagundiak garrantzi handiko gizona galdu zuen.

Mari Josefak horrela kontatzen du pasarte hura:

“Jesus beti izan sen bihurri samarra. Inoiz ez zuen onartu zer egin behar zuen beste norbaitek esatea. Amak aurpegia garbitzeko esan, eta Jesusek aurpegia garbitu baina belarriak garbitu gabe uzten zituen. Nire ama oso garbia zen eta “Jesus ez al dituzu belarriak garbitu behar?” esaten zion.Galtzekin izandako gorabehera bategatik haserretu zen behin. Orduan buelta emanda eramaten ziren galtzak ez zituen bere gustoko eta amak berriz galtza haiek jaztera behartzen zuen. Hainbesteraino haserretu eta nazkatu zen, giltzapetu egin gintuela etxean. Giltza hartu eta baratza batera bota zuen. Baina ondo zekien giltza non zegoen. Jesus kontu handiz tratatu beharra zegoen. Zakar jokatuz gero jai zenuen.

Apaiztegian fruitu-zuhaitz ugari zituzten eta debakatua zuten haietara igotzea. Debekua ezartzea nahikoa, zuhaitzez zuhaitz ibiltzeko. Eraña aita Zuzendariak bere bulegora deitu zion, eta Jesusek “Ni banoa hemendik” esan zion.  “Banoa apaiztegitik”. Erañak, bere mehatxua beteko ez zuelakoan “Zoaz, bada” esan zion. Jesusek gehiago itxaron gabe, bere gelara joan, bere gauza urriak bildu eta Iruñera alde egin zuen. Han , ezagun batek dirua eman zion bere etxera itzultzeko, eta hara non azaldu zen”. Xabierko fitxak Comillasko (Cantabria) Unibertsitate Pontifizioan sartu zela eta 1916-1917 ikastaroa han igaro zuela esaten du.

1917 edo 1918 urtean hasi zen Jesus lanean. Peoi sartu zen Beasaingo “Construcciones Auxiliares de Ferrocarril” (CAF) lantegian.

Beasainen garapena burdingintza industrialarekin lotuta dago erabat, eta burdinbidetarako materialen lantegiekin batez ere.

1861ean elkartu zen Domingo Goitia Iurreko burdinolaren administraria zen Usabiaga familiarekin eta gaur CAF lantegia dagoen tokian San Martin burdin lantegia sortu zuten elkarrekin. Goitiak kapitalaren % 75 jarri zuen.

 “Hasieran, burdina gozatzeko labe batzuek eta zilindro bidez ijezteko tresnaz osatu zuten lantegia, baina 1862rako labegarai bat bazegoen, eta 1865ean beste bat, Espainiar Estatuko iparraldeko burdinbidea eta beste olen eskaera azkarra zela eta. Probintziako aitzindariak izan ziren horretan” Castells historiagileak dioenez ([3]).

Beasaingo burdingintza probintziako punta-puntakoa bihurtu zen horrela, aurreneko egur-ikatzezko labearekin. Azken karlistadak olaren goraldia eten eta geldiarazi egin zuen. Bere ekoizpena aldatu beharrean geratu zen gerra bukatu ondoren, eta burdin xaflak egiten hasi eta Espainiar Estatuko lehenbiziko lantegia izatera iritsi zen. Altzairua salduko zien lantegirik ezean, nagusiek, Goitiatarrek, egoitza gehienak Sestaora aldatzea erabaki zuten, eta bertan"La Iberia" izeneko lantegia sortu zuten Etxeberria anaiekin elkartuta. Beasaingo langile eta teknikari talde bat lantegia­rekin batera aldatu zen Sestaora eta bertan finkatu zen.

1982an ireki zen berriro lantegia, “La Maquinista Guipuzcoana” izenarekin. Burdinbideetako tresneria eta gai higikorrak egiten zituzten. 1901ean "Sociedad Española de Construcciones Metalicas"ek "La Maquinista" hartu zuen alogeran eta "Fábrica de Vagones de Beasain" izatera pasa zen; 1.307.000 pezetako kapitala zuen eta, Iberiar penintsulako ondare handiko burdingintza-gu­neak biltzen zituen enpresa-talde batetako partaide bihur­tu zen. Elkartearen bidez lehia uxatzen zuten, bakoitzaren ekoizpena zedarrituz. Beasaingo ola, aurreko ibilbideari jarraiki, burdinbiderako materialak egiten hasi zen, bagoiak batipat, eta Espainiako eskaeraren parte handi bat bereganatu zuen.

Lehengaia Bizkaiko labe garaiek saltzen zioten ba­tez ere, eta baita neurri murritzago batean bere lantegiek ere; horretarako Martin Siemens labeak, Bessemer bihur­gailuak eta altzairu-galdategia izanik([4]).

1905eko maiatzaren l3an aurreneko bagoia atera zen eta ekoizpena asko handitu zen. 1906an 556 bagoi egin zituen 690 langilerekin. Honakoa izan zen hurrengo urtee­takogarapena:1907an 608 bagoi 730 langilerekin. 1908an 1.120 bagoi 845 langilerekin.1914an 3.200 bagoi 1800 langilerekin.

Baina handiagoa izan zen garapena I. Mundu Ge­rran (1914-1918) eta "ordurarte ezagutu gabeko zabalkun­tza ekonomikoa eragin zuen" Hego Euskal Herri osoan. Lan ikuskatzailea zen Guzman de la Vegak 1918. urtean esan zuen gipuzkoar industria metalurgikoa "gerrak ge­hien lagundu zuena" izan zela ([5]).

Portugalgo eta Frantziako eskaerak iritsi ziren. 1917an alogeran hartu zuen lantegia CAF sozietate anoni­moak([6]). Enpresa berriak burdin lanketa eta iraketa lantegiak, mekanika-lategiak, aroztegia, malgukiak egite­ko eta burdina,altzairua eta metalak lantzeko lantegiak zituen

Hurrengo urtean peoi sartu zen Jesus seguruenik. 1925ean jabegoa eskuratu zuen; enpresaren dirutza20 milioi pezetakoa zen, garai haietarako dirutza garrantzitsua.

1914ko hazkundera bitartean probintziatik oldeka iritsi zen jendea Beasaina; herriak,  eta bagoi-lantegiak batez ere, asko nabaritu zuten biztanle-hazkundea, 1911ko mehatzetako Buruzagitzako txosten batek CAF-i dagokionean zera dio: “Gaur egun ez dago langile atzerritarrik; ia guztiak probintziakoak dira”.

Julio Lazurtegi idazlearen esanetan “Sociedad Española de Construcciones Metálicas”ek “ez zuen batere atzerriko langilerik; ia denak probintzia bertakoak ziren, urrunetik etorritakoak Arabakoak eta Nafarroakoak, gutxiengo kaxkar bat beste probintzietakoa”. Gipuzkoatikako etorrera horretan iritsitakoa izan zen Larrañaga familia ere.

1914 urtetik aurrera Espainiako lurraldeetako langileak etortzen hasi ziren.

Beasaingo bizilaguna den Jose M. Ibarbiak gaztaroan CAFen lan egin zueneak eta gaur egun bere 88 urterekin sasoi ikargarria izanik bere  kontatuz barre egiten une ona gogoratzen du:”3.000 eta gehiago langilek lan egiten genuen han. Mundu Gerra, 1918an amaitzean, Zuzendaria gerran beso bat galdutako frantses bat zen. Ni bagoi lantegian lanean hasi nintzenean ez segoen inongo eskupekorik, eta Zuzendari frantses horrek Gabonetan lehen eskupekoa eman zuen.

Valladolidetik asko etorri ziren lanera. Haietako bati «Valladolideko enbaxadorea» deitzen genion".

Garapen honi esker, Gipuzkoako itzal handikoen artean egokitu zen Goitia familia. Frantzisko Goitiak aldi berean hartu zituen bere enpresa-ardurak eta gizarte eta politikazkoak.1891n "La Prudencia" eta "La Maquinista Guipuzcoana"  lantegietako akzioak zituen.1901ean"Es­pañoles de Construcciones Metáilicas" elkartea sortu zuen, "Compañia de Asfaltos de Maeztu", "Sociedad española de piedra, vidrio y construcciones Gardiey"ko akziodun zen, eta Iberiako Gobernu Batzordeko kide. Bizkaiko eta Gipuzkoako ekoizle-elkargoetan (ugazaben sindikatua) ihardun nabarmena burutu zuen.Kongresuko Diputatu eta probintziako Diputatu izateko hauteskundetara aur­keztu zen Errepublika garaian.

Beste sail batzuetara ere heldu zen ekonomi garapena. 1908an egurra distilatzeko zegoen ola bat erabiliz idazteko tinta egiteko lantegi txiki bat sortu zuen Jose Martin Aranak Beasainen. "Tintas de Escribir Euskalduna" izena zuen lantegiak.1912an Emilio Hunoltek eskuratu zuen lantegia eta idazteko tintak egiten hasi zen.

Garapen hau Goierriko beste herri batzuetan ger­tatutakoaren antzekoa da; honela Ander Gurrutxaga irakasleak dioenez "ezin da hitz egin zentralitate izaera duen Udalerri bakar batez. Zeregin hau betetzen duen arda­tza aipatzea zuzenagoa da; Beaain-Ordizia-Urretxu eta Zumarraga Udalerriek osatzen dutenaz ari gara hain zuzen ere. Aipatutako lau herrien multzoa1900-1930 urteen artean Goierrin gertatutako biztanle-hazkundearen %92a jasotzen du" ([7]). 1900ean Beasaingo biztanlegoa Goierriko eskualde osokoaren %9,3a zen, 1910ean %12,65a, 1920an %14,39a,1930ean %16,98a, 1940an %15,18a eta 1950ean %14,81a.Goierri osoan Beasaingo jendetzaren pisuaren gehikuntza-joera bat badago, eta 1930ean lortu zuen bere goren puntua garai hartan.

Militante abertzalea zen lagun baten bidez hasi zen Jesus abertzaletasunarekin harremanetan. Eusko Gaztedin sartu zen Ordiziako (orduan Villafranca de

 

[1]1992ko ekainaren 6an egilearekin egindako elkarrizketa.

[2] 1992ko ekainaren 6an egilearekin egindako elkarrizketa

[3] “Modernización y dinámica política en la Sociedad Guipuzcoana de la Restauración 1876-1915”. Luis Castells. Siglo XXI argitaletxea. Madril. 1987.58.or.

[4] Liburu berean, 62 orrialdea.

[5] “Política obrera en el Pais Vasco 1880-1923”. Juan Pablo Fusi Aizpurua. Turner argitaletxea. Madril. 1975.364.or

[6] “Beasain: Historia de un municipio guipuzcoano” Miguel Angel Lopez  beste idazle batzuk. 1987.

[7] “Estructura y procesos sociales en el Pais Vasco”. Ander Gurrutxaga eta beste idazle batzuk.EHU. Bilbo. 176.or.

 

 

Ver el documento completo