Irakurri dokumentu osoa     

 

Kapitalismoaren Laugarren Globalizazioa

 

Kapitalismoa, gizakiak har lezakeen milaka zibilizazio formetariko bat besterik ez da. Gure prozesu zehatzan gauzatu dena. Prozesu hori dialektikoa da eta bere barnean, periodikoki iragapen kualitatiboak erakusten dizkigu. Iragapen kualitatibo horietariko bat, mundu mailarako hedapen berria egiten duenean gauzatzen da. Guk, globalizazioa izendatzen diogu horri.

Baina globalizazioak ez du adierazten orokortze orekatua. Globalizazio bera, iharduera ekonomiko batzuetan bereziki bideratzen da; eskualde batzuen artean bereziki kokatzen da eta makroeskualde batzuen barnean bereziki garatzen da. Egungo globalizazioa, kapitalismoaren historiaren laugarren globalizazioa da; eta mundu mailako akumulaziorako oinarri berria eta hedapen berria erakusten dizkigu.

Kapitalismoaren laugarren globalizazioa, iharduera industrialean, finantz elkartrukeetan eta banaketarako sistemetan bereziki gauzatzen da; egungo lurralde industrializatuetan kokatzen da eta nahiz Asian, nahiz Iparramerikan eta nahiz Europan, makroeskualde horien barnean bereziki garatzen da; ia Afrikako kontinente osoa eta Amerika Latinako zonalde zabalak baztertuz . Baina, hori bai, nahiz eta mundu mailako prozesu integratzaile orekatua ezin bideratu, mundu barneko zonalde eta iharduera guztiak baldintzatzen ditu.

 

Lehen Globalizazioa

Kapitalismoaren lehen globalizazioa merkatal kapitalaren hedapenari dagokio. Honen abiapuntua, aditu batzuek, XVgarren gizaldietako Italiar hirien garapena eta diasporarekin lotzen dute, eta besteek, Amerikako konkistaren hasierarekin. Merkatal kapitalaren hedapenak erabilitako tresna extraekonomikoak gizadiaren historiaren garai lotsagarriena eta ikaragarriena eman dizkigu: Amerikako indigenen genozidio erraldoia, Afrikako kontinentean gauzatutako esklabuen trafiko masiboa; Asiako herrietan, herritarrak elikatzeko ezin bestekoak ziren ureztatzeko eraikuntzen deuzeztapena eta abar.

Oinarri ikaragarri hauetan, nekazaritzan eta mehatzaritzan ezarritako munduko ekonomia dugu, zeinean kafea, kotoia, azukrea, kakaoa, urrea,eta zillarra hustiratzeko, lan bortxatua eta produkzio esklabista erabiliko dituzte. Mundu mailako hustirakuntza honetan oinarriturik, hiru gizaldietan zehar, Espainia, Frantzia, Portugal, Britania Haundia eta Nederlanda, beraien hizkuntz , kultura, erligioa eta baloreak mundu mailan ezarri zituzten. Eta hemen dugu Kapitalismoaren mendiaren magalea; egungo gizateria eta egungo izatea baldintzatzen duten benetako oinarri ekonomiko, sozial,politiko,kultural, linguistiko, erlijioso eta etikoa.

 

Bigarren Globalizazioa 

Bigarren globalizazioa, XIXgarren gizaldiaren bukaeran, kapital bankario eta kapital industriala uztartze prozesuarekin formatutako kapital finantzieroari dagokio. Europako herrialdeetan industrializazio prozesuak eta Nazio-Estatu berrien formakuntza ditugu. Azken hauen eredua: Estatua-Hizkuntz-Nazioa, da. Estatua da nazioaren eragilea eta hortarako gehiengoaren, edo talde dominatzailearen, hizkuntza eta kultura erabiltzen ditu beste guztei inposatzeko eta kontrolatutako eremua homogeneizatzeko. Nazio-Estatuaren eraikuntzaren muina "besteen izaeraren exiztentziaren ukapena" da, arrazismoa, bazterketa eta inperialismoa, nazio berri eraikuntza hauetan, estrukturalki txertatuz..

Hirugarren Mundura begira, bigarren globalizazioaren helburu nagusia lurralde hauetan ekonomia monetario kapitalistaren ernamuina gauzatzea izango da. Hasieran hortarako lan bortxatua erabiliz, progresiboki moldakortasun prozesua ezagutuko dugu eta bukaeran garaiko frantzesek esandakoa gogorapenera dakarkigu: beltz batek, bere lan indarra libreki soldataren truke saltzen duenean, Estatuari zergak ordaintzen dizkionean eta kontsumitzaile amorratua bihurtzen danean, kolonialismoaren garaipena dugu, eta zuriaren egitasmo zibilizatzaileal irabazi du.

 

Hirugarren Globalizazioa 

Hirugarren globalizazioa, lehen guda eta bigarren guda mundialen tartean hasi eta deskolonizazio prozesuari dagokio. Iparraldean, lehen iraultza sozialistak emandako Soviet Batasuna baldintzatuz, eredu fordistak emandako ongizatearen gizartea daukagu. Hirugarren munduko herrietan nazio askapenerako gatazkaren bitartez, independentzi politiko berriak lortuko dira. Alabaina, independentzia berri horiek, ia arlo guztietan metropoliarekiko dependentzia erakusten digu: elkartruke ekonomikoetan, sistema teknologikoetan, heziketa eta osasun egituretan, hizkuntza eta kulturan, eta abar. Eta ugazaba berriek, beraien interes propioak konsolidatze nahian, antzineko kolonialisten eginbeharra jarraitzen dute. Bertako elite berriak, zurien ordez ezarriko dira. Horrela neokolonialismoa dugu.

Neokolonialismoarekin batera, garapen kapitalistarako ezinbestekoak diren bi egitura politiko nagusituko dira herri hauetan: Estatu-Nazioa eta ordezkaritzazko demokrazia. Alabaina, Europan bezala, Estatu-Nazioa ezartzen da bertako gizarte hauen izaera nazional anitza ukatuz. Eta bertako komunitateetan erroturik zegoen demokrazia zuzena ezabatuz, Estatuko eremu berrian demokraziarik gabeko ordezkaritzazko demokrazia inposatuko dute. Eta prozesu osoa zilegia izan dadin, bertako intelektual eta funtzionario berriek botereak eskatutako ekoizpen ideologiko eta kultural aproposa bideratuko dute.

 

Laugarren Globalizazioa

Hirurogeitahamar hamarkadan gauzatutako mikroelektronikaren iraultzarekin batera, oraingo laugarren globalizazioa dugu. Hemen akumulaziorako oinarri berriak gauzatu dira. Lehen, sistema teknologiko fordista geneukan, eta orain mikroelektronikak bideratutako teknologiak berriak. Lehen Nazio-Estatuak ziren ekonomiaren motorea eta orain, gero eta gehiago, munduko merkatuak ezartzen ditu denontzako legeak. Egoera berri honetan, Nazio-Estatuaren eremua gainditu dezakeen prozesu integratzaile berriak Europan, Amerikan eta Asian agertzen dira. Aldi berean enpresa multinazionaleen arteko uztartze prozesuek, hauen garrantzi estrategikoa berrindartuko dute. Eta mundu mailako soldaten eta lan baldintzen arteko ezberdintasunak enpresa handien akumulaziorako ezinbestekoak bihurtuko dira; produkzioaren leku aldaketak ugarituz.

Laugarren globalizazioarekin batera, ezagutzaren gizartea, kapital intangiblearen aldeko dirkurtsoa, mundu mailako eredu neoliberalaren inposaketa,komunikabideen garrantzi estrategikoa, internet, produkziorako sistema berriak eta abar, gure egunerokotasuna, gure aurre ikuspena eta gure etorkizunerako begirada eraldatu dizkigu. Halaber, laugarren globalizazio honetan, mundu mailako american way of life, homogeneizazioa eta inperialismo kulturala ditugularik, maremoto berria izango bailitza bezela, intentsitate ezberdineko gudetan isladatuz, zazpi mila kultura eta herrien matxinaden bultzakadak ditugu.

Horrela, eta gaur egun dugun zibilizazio kapitalista, mendebaleko zibilizazioaren izenaz ezagutzen duguna, posible izan zitekeen mila zibilizazio ezberdinen artean, bat dela kontsideratuz; egungo laugarren globalizazioa osatzeko elkartzen diren diseinu eta koloreak aipatuko ditugu.

 

Aberastasun eta pobreziaren metaketa

Estatu haundien pean eta enpresa multinazionalen pean dagoen egungo sistema ekonomikoa, merkatuaren "eskariak" betetzen dituena, baina ez alderantziz, behar sozialak, bi mundu ezberdin eraikitzen ditu. Batean, etekin pribatuen inguruan dagoen "Iparra" gero eta garatuagoa agertzen zaigu. Alderantziz, planetaren "Hegoa" osatzen duten estatu gehienentzat, "kanporatze" prozesuetara mugatzen da, hots, infernuaren ispilua, behar sozialen azpigarapen nabaria isladatzen delarik.

Horrela, datu hotzek 1.200 milioi pertsona baina gehiagoko probrezia-poltsa dagoela erakusten dute. Latitude horietan gatazka nazionalak eta intentsitate txikiko gerrateak hedatzen diren artean, estatu pobreetako 3.500 milioi biztanle baino gehiagok Frantzia baino ingreso global txikiagoa dutelarik. Horrela, munduko biztanleriaren % 23a estatu industrializatuei dagokie eta munduko produktu gordinaren % 85a dute, estatu txiroetako 4.800 milioi biztanlek baino gehiago gainerako % 14arekin konformatu behar dutelarik. Era berean, estadistikek isladatzen dute, urtero 14 miloi haur hiltzen direla gabeziaz eta beherakoak, bitartean munduko zientifiko eta ikertzaileen % 25 gerra industrian ari delarik.

 

Internazionalizazioarenganako Prozesua

Kapitalismoaren berezkoa den indar produktiboaren sozializazioaren prozesua "internazionalizazioara" eraman gaitu, egungo prozesu produktiboaren interdependentziaren hazkundea nabarmenduz. Internazionalizazioarenganako prozesua, bereziki hiru arlotan gauzatzen da.

  • Lehena, instituzionalizatze mailan duguna. Horrela, bigarren gerrate mundialaren ondoren eta Estatu Batuen hegemoniaren menpean, munduko harreman ekonomikoak arautu nahi zituzten erakundeak sortu ziren (GATT, FMI, MB, G-7), eta asmo berberakin, harreman juridiko-politikoak (N.B., NATO).
  • Bigarrena, erregionalizazio prozesua dugu. Horrela, erabaki ekonomiko-politikoen zentralizazio-prozesu hori Estatu-Nazioa baino gune zabalagoetan, nazioarteko ekonomiaren bilakaera multipolarraren bidez zehazten da, munduko hegemonia, dominazioko hiru ardatz nagusitan (Estatu Batuak, Alemania, Japonia) berrosatzen duen "erragionalizazioa prozesuan" isladatuz .
  • Hirugarrena, enpresa multinazionalak dira, behar bada, kapitalaren konzentrazio, zentralizazio eta internazionalizazio prozesuaren adibide garbiena. Enpresa erraldoiak dira, hamarka et ehundaka mila langilearekin (General Motors: 775.000, IBM: 383.000, Ford: 370.000, Daimler Benz: 370.000, Siemens: 365.000, Philips: 305.000, Unilever: 300.000, General Electrik: 292.000, eta abar). Multinazional horien inbertsio itzelen esku dago gaur sarritan estatu askoren produzioa eta enplegua, eta horrela, planetako estatu eta herrialde gehienek euren politika ekonomikoa inbertsio horien eskuraketan oinarritzen dute. Halaber, enpresa transnazionalek, beren ezarrerako beharrezkoak diren baldintza ekonomiko, sozial, politiko, kultural eta ekologikoak inposatzen dituzte.

 

Globalizazio ekonomikoaren Prozesua

Globalizazio prozesua internazionalizazio-prozesuaren adierazpen gordinena bezala agertzen da eta Estatu-Nazioan oinarritutako metatze-sistematik, mundu mailako merkatuan oinarritutakora iragatea egiten du, planeta hiri-global batean bihurtuz eta bere barneko ekonomia ezberdinen interdependentzia areagotu egiten du. Badagokio ere Fordismoan oinarritutako nekazal-industrial metatze sistematik, mikroelektronikaren iraultzaren teknologietan oinarritutako industria-zerbitzuzko sistemara iragatea. Globalizazio hori prozesu historiko baten bidez agertzen da. Hasieran, 70 hamarkadan gauzatutako deslokalizazio produktiboak; estatu garatuetako zonalde industrializatuaren beherakadarekin, Asiako herensugeen gorakada: Singapur, Hego Korea eta Taiwan dugu gero, eta egun Txinako Errepublika Popularrean bost zonalde ezberdinetan eta kostako 40 hiritan dugun kapitalismo basatia.

Globalizazioak mundu mailako esklusioa birbanatzen du, gero eta gehiago, hirugarren munduko zatiak lehen munduan daudelarik (35 milioi pertsona EEBBetan, 55 milioi EEEetan eta Japoniako familien laurdena pobrezian bizi da). Prozesu hau estatu garatuetan ariden deslokalizazioen produktiboen, gastu sozialen eta lansarien murrizpenaren, babes sozialaren inguruko ahazturen eta lan merkatuaren desrregularizazioaren joeren oinarrian dago.

 

Finantza Burbuila 

Baina, inbertsio produktiboan errentabilitate espektatiba ezagatik, kapital-masa handiek espekulaziora jotzen dute eta kontrolaezin bihurtzen dira Horrela, finantz ekonomia gero eta gehiago ekonomia errealetik gero eta aldenduago dago, eta prozesu ekonomiko oro menderatzen du. Kapital masa hauek libreki zirkulatzen dira interesen-tasen, politika fiskalen eta hazkunde zurrumurruen arabera eta munduko elkartrukerako harremanak aldatzeko gaitasuna daukate. Dibisa merkatuetatik, balore merkatuetara igarotzen dira etekin errezaren bila, eta esku pribatuetan uzten ditu banku-depositoetatik, inbertsio-fondoetatik, pentsio-fondoetatik eta abarretatik datozen kapital kopuru erraldoiak.

Fénomeno hau hain indartsua izanez, egunero munduan zehar dabiltzaten moneta bolumen handiek, bere moneten defentsan banku zentralen eskuhartzea gainditzen dute. Horrela, ekonomia osoak jartzen dira kolokan eta Asiako Hego-Ekialdeko herriak prozesu honen biktima izan dira. Lehen kapital mordoa sartu bazen ere, orain, beren ahalmen esportatzaileak ahuldu egin diranean, kapital espekulatiboek ihes egiten dute, herri horien ekonomia desorekatuz.

Azken 15 urteetan, ondasun eta zerbitzuen ekoizleek sortutako aberastasunaren zati handi bat, espekuladoreek eskuratu dute eta egungo 450 fortuna handiek humanitatearen erdiaren urteroko errenta gainditzen dute. Ekonomia errealarekin inolako loturarik ez dutenez, 1995 urtean, kapital trukeen bolumena bilioi eta erdi dolarrekoa izan zen; alegia, planetako banku zentral guztien truke-erreserba osoa baino gehiago.

Munduko ekonomiak elkarren artean gero eta menpekoagoak diren egungo munduan, merkantzia eta inbertsio fluxuak kapitalen truketaren %2koak edo direla soilik estimatzen da; gelditzen den %98a fluxu espekulatiboa izanez. Horrela, egungo ekonomia espekulatiboak bere menpean hartu du ekonomia erreala.

 

Mikroelektronikaren Iraultza

Laugarren globalizazio honetan Mikroelektronikaren iraultzatik datozten teknologia berriek ordezkatzen dute fordismoak ezarritako sistema teknologikoa. Ikus ditzagun lan-munduan ekarriko dituen aldaketak.

  • Enpleguaren egitura;ekonomiak hirugarren sektorera joko du, nekazaritza eta industriaren kaltetan. Beraz, enplegua hazi egingo da hezkuntzan, ikerkutzan, aholkularitzan, hostalaritzan, osasun zerbitzuetan, aire-garraiobideetan eta antzekoetan. Gaitasun eta kualifikazio-egitura aldatu egingo da; mantenimenduan, informazioan, ikerkuntzan eta zenbat sektoreetan, pentsamoldeak, jokaerak eta iharduerak eraldatuz.
  • Lanaren antolakuntzan;teknologia berriek daukaten ahalmen produktiboa bideratzeko sorkuntza, ekimena, enpresarekiko atxikimendua eta kualifikazioa dituen langilego berria behar dugulako. Jakina, fordismoak zekarren ekimen gabeko eta kualifikazio gabeko langilegoa hemen ez da balio. Teknologia berriek produkzio-serie motzak egiteko ahalmena daukate eta horrek malgutasun handia eskatzen du, aldaketa azkarrak egin ahal izateko.

Balio aniztasun produktuboa eskatzen du sistema produktibo berriak eta lan-taldeak bihurtzen dira gestio-sistemaren oinarria. Jakina, ahalmen produktibo berriak bideratzeko, kapitalak enpresa barneko boterea birbanatzera derrigortua dago eta ondorioz hemen dugu, kapital eta erakunde sindikalen arteko gatazka, egoera berria bakoitzaren kontrolpean ezartzeko.

  • Enpresaren egituran; hiru joera nagusituko dira. Alde batetik informazioaren garrantzia haunditzen da produkzioa ordenagailuen laguntzaz egiteko.; beste aldetik malgutasun produktiboak gero eta konpetibitatearen oinarri nagusi bihurtzen ari da. Alabaina, just-in-time jarraituz, produkzio berriak eskatutako produktoak -eta ez bestea- eskatutako unean -eta ez bestean- egitea exigitzen du. Hirugarren tendentziak zeregin guztien integrazioa, informazio-trukaketa multidirekzionalean oinarrituta -informatikari esker- bideratzen du.

Horrela,enpresa moderno berriak funtzio ezberdinak komunikazio sistema berean integratzen ditu, errentabilitate globalaren bila. Hemen, lanaren eta kostuaren kontrol zuzenak bere garrantzi historikoa galtzen du, ikusmolde estrategikoago baten mesedean. Horregatik, gero eta gehiago, motibazioa, konpetibitatearen funtsezko auzi bihurtzen da.

  • Lan kontratuan; gizarte industrializatuetan paradigma zibilizatorioa izan den "lan-kontratu" kapitalista ere eraldatzen da. Orainarte, soldataren truke langilegoak saltzen bazuen bere lan indarra; egoera berri hontan soldataren truke langilegoak saldu behar ditu bere lan indarra eta baita ere enpresarekiko atxikimendua. Horrela, egoera berri hontan, zenbait elementu politiko eta ideologikoak txertatzen dira lan kontratuaren egituran.
  • Lan merkatuan; zeinean automatizazio prozesuaren ondorioz produktibitatea ikaragarri haunditzen da; eta eskariaren igoera txikia gizarte hauen ikurra den artean, eskaintzaren hazkundea biderkatu egiten da eta aipatutako eskaria betetzeko behar ditugun langileak gero eta gutxiago dira; langabezia gero eta estrukturalagoa bihurtuz. Horrekin batera malgutasun produktiboak, malgutasun sozio-laborala bihurtzeko ahaleginak egingo du eta ondorioz noizbehinkako kontratuak jaun eta jabe, zenbait gizarte industrialetan, hedatuko dira. Azkenean, prekaritatean oinarritutako gizarteak zuzenki modelatuko du gazteen, emakumeen eta baztertuen bizi etorkizuna.

 

Neoliberalismoa

Hirurogeitahamarreko hamarkadaren erdialdean eredu fordista lur jota gelditzen da bere alde guztietatik: lanaren antolaketa gisa; metaketa erregimen gisa eta erregulazio eredu gisa. Horrela, produkzioak eta merkatuak internazionalizatu egin diren bitartean, Nazio-Estatuaren eremuan gauzatzen diren erregulaketa-sistemak zaharkituak gelditzen dira. Nazio-Estatu eta mundializazioaren arteko hutsunea kapitalismo basatiarrak betetzen du, konpetibitatearen logika esklusiboaren menpe. Ondorioz, logika sozial eta politiko osoa jartzen da merkatu mundialak ezarritako logika ekonomikoaren menpe. Errentagarri jotzen ez diren zerbitzu nahiz enpresa publiko eta sozio-kulturalak kentzekoak izango dira. Lehen munduan esparru publiko urria desmantelatuz eta Hirugarren Munduan esparru publiko minimoa ere sortzea eragotziz.

Ofentsiba neoliberalarekin batera eredu kultural indibidualista areagotzen da, ezegonkortasun sozio-laborala orokortzen da, eta korporatibismoa ohizko kultura bihurtzen da. Aldi berean, gizarte dualak, emakumearen diskrimazioa,eta behin behineko lan kaskarrak areagotuko dira. Egoerari aurre egiteko boterearen aldeko kultura berriak, ordena, hiri-segurtasuna eta bakea, aldarrikatuko ditu.

 

Sozialista izandako herriak

Merkatuaren hegemoniaren pean txertatzeko dabiltzaten sozialista izandako herriek, lorpen ezin gaizkiagoak gauzatu dituzte: pobreziaren hedapena, ezberdintasun sozialak, langabeziaren haunditze ikaragarria, zorduntze prozesuak, ustelkeria, eta abar.

Herri hauek (Polonia, Txekia,Eslobenia, Hungaria eta Herri Baltikoak kenduz) hirugarren munduan birkokatzen ari dira. Dena den prozesu honetan formatutako 24 nazio berriak, aurrera pausu ikaragarria adierazten du Nazional Askapenerako gatazkarentzako. Era berean prozesu honetan gertatutakoa azpimarratzen dizkigu berriz ere, eskubide indibidualak, partaidetza, konkista sozialak, autogestioa, autodeterminazioaren eskubidea, eta iraultza kulturala bezelako elementuak, ezinbestekoak izateaz gain, proiektu berriak gauzatzeko duten garrantzi estrategikoa.

 

Eta emakumeen egoera 

Esperientzia historikoa erakusten digunez herri industrializatuetan Ongizate Estatuaren ezabaketarekin batera "gastu publikoa" murriztu egiten danean edo Hirugarren Munduko herrietan "doikuntzarako plangintzak" aplikatzen direnean, emakumeen bizkarrean jausten da ia esfortzu osoa. Herri industrializatuetan gero eta gehiago emakumeak gehiengo zabala dira langabezia-zerrendetan, soldata txikietan, kualifikazio eskasean, kanporaketa sozialean, prozesu produktibo tailoristetan, eta izkututako edo murgildutako ekonomian. Aldiz, Hirugarren Munduan bideratutako industrializazio prozesuetan, zonalde frankoetan edo enpresa makiladora horietan, 15 eta 25 urte bitarteko emakumeak modu masiboan erabiliak izaten dira, inolako eskubide sozio-politiko gabe eta ikaragarrizko lan baldintza eta bizi baldintzetan ezarriz.

Famili egitura ere eraldatzen da, batez ere gizarteko sektore txiroenetan, babes eta biziraupen mekanismo nagusia familia delako. Horrek atzera botatzen du emakumearen emanzipazio prozesua, etxeko lanera berriz itzularazten duelako.

 

Homogeneizaziora

Internalizazio eta mundualizazio horrek bilakaera bat isladatzen du, kapitalismoaren baldintzetan indar produktiboen garapenak "homogeneizaziora" bideratzen duelarik. Homogeneizaziorako joera honek inolako trabarik gabe egiten du aurrera prozesu produktiboen, industria tekniken, kontsumo moduen eta bizi moduen alorrean eta zailtasun handixeagoz pentsamolde eta politika sailetan.

Kultura mailan, garapen eredu horren aurrerakadak kultura ezberdinen amaiera adierazten du (amerikar kulturaren onarpena oinarritzat hartuz) eta halaber, gizaki kontsumidore-produktorea, zeinak zori indibidualaren bila dago, non "hobe bizi" ahalko duen, solidaritate, komunitate edo izate sozialik gabe, inperialismo indartsuenaren menpean, honek daramatzan kategoria, hizkuntza eta kultura onartuz.

Hizkuntza eta kultura nazionalen alorrari dagokienez, planetako giza bioaniztasuna osatzen duenetik, horien bereganatze abiadurak bizkortu egiten ditu homogeneizazio-prozesuak, erasoa areagotuz eta babesik ez dutenen biziraupena arriskutan jarriz. Horrela, Estatu Nazionalek, estatuaren indarra erabiliko dute beraien kultura defenditzeko, eta estatu gabeko nazioak egoera jasan ezin batean aurkituko dira. Halaber, mendebaldeko kulturaren zapalkuntzaren aurka, hirugarren munduko herrietan erreakzio bereziak gauzatuko dira: islamismoa, askapenerako teologia eta abar.

 

Inperialismo kulturala

Egoera horretan inperalismo kulturalen helburu nagusia, injustiziaz beteriko globalizazio kapitalista-inperialista normala bezela onartuko dezakeen "sujeto berria" gauzatzea izango da. Horretan "american way of life" dakarren pertsona berria mundu mailan inposatuko du. Bere fortuna indibiduala, bere botere indibiduala eta bere profesioaren garapena soilik bilatzen dituen sustrai gabeko pertsona; zeinak inoilako sustrai soziala, nazionala edo komunitarioa ez ditu, hedatuko da munduan zehar. Jakina, kapitalismo mundializatu eta inperalista, normala bezala onartuko duen sujetua ez da antzineko katoliko- tradizionalista. Alderantziz, kapitalismo mundializatuak eskatzen du pertsona berria: unibertsalista eta kosmopolita; baina hori bai, sustrai gabekoa eta bereziki norberekerian oinarritutako pertsona indibidualista eta indibidualizatua. Sekula baino injustuagoa eta zentzugabekoa den gizartea, biztanle ezberdinek normala bailitzan kontsideratu dezatela, inperialismo kulturalaren egin behar nagusia dugu.

Komunikabideen monopolioa duelarik, auzi historikoa edo gatazka sustraiturik dauden gizarteetan, inperialismo kulturalak gatazkaren kausarekiko eta zergatietiko zentzibilizazioa ezabatuko dio gizartean eta aldiberean kausa horien ondorioz dauden efektuarekiko (borroka armatua adibidez) birsenzibilizatuko du. Horrela, inperialismo kulturalak "efektuarekiko terapiak" eta horrek eskatzen duen "efektuarekiko kontzentzu zabala" bultzatuko du; kausarekiko eta zergatiarekiko zapalduek ezartzen duen kontzentzua demonizatuz.

Orokorki, berdintasun, eskubide eta justiziaren aldeko egitasmo kolektiboak baliogabetuko ditu inperialismo kulturalak, bere ordez gizabanakook gizartean arrakasta pertsonala lortzeko daramagun gatazka goraipatuz.

 

Komunikabideen garrantzi estrategikoa

Ezagutzaren gizartean gaude orain eta informazio-komunikazio sistemak bihurtu dira garai berriaren zutabeak. Halaber, gatazka soziala eta politikoetan komunikabideen kontrola ezinbestekoa bihurtu da. Komunikabideek "informazioa" eman beharko lukete; baina egin behar horretan mezuaren konzeptu ezberdinak artikulatzen dituzte "iritzia" bideratzeko. Jakina, komunikabideen kontsumoa gizartean txertaturik dagoenez, zenbait "informatibo", "tertuliano" eta abarrekoa sartzen digute egunero gure etxebizitzan eta guk entzun edo ikusten ditugu guretako ordu aproposak izaten diren horietan. Gainera, "ausentzian" eta "presentzian" funtzionatzen duen sistema bat dago, zeinean, goraipatzen dira boterearen aldeko albiste eta ekimenak eta baliogabetu eta izkutatu egiten dira boterearen aurkako albiste eta ekimenak.

Horrela, komunikabideek eraikitzen dute gizartearen gehiengoaren "kontzientzia soziala". Globalizazioaren garaian komumikabideen mega- enpresa batzuek inperialismoaren eskusartzea legitimizatuko lukeen "kontzientzia unibertsala" bideratuko dute. Interneten inguruko eztabaida ere aipatu beharko genuke, zeinak batzuentzako informazioa demokratizatzeko aukera historikoa, gero eta gehiago hiritarrak kontrolatzeko orain arte ezagututako sistema sofistikatuenaren gisa agertzen zaigu.

 

Estatu-Nazioaren kontrako munduko herrien matxinada 

Estatu-Nazioaren kontrako borroka mundu osora zabaldu da eta Estatua-Hizkuntza-Nazioaren eredua finkatuta zegoen lekuetan askapen mugimendu zahar-berriak sortu dira. Nazio berrien askapenerako borroka sozialismo errealaren jausi aldiaren oinarrian dugu; Yugoslabiako herrietan gauzatutako gerrak, Txetxeniako lehen eta bigarrengo guda, Irlanda, Euskal Herria, Eskozia, Belgika, Korsika, eta abar Europan; Palestina, Kurdistan, Berberia eta Sahararen azpian iraultzen dituen egungo 30 gerra inguru Afrikan; dozena herrien matxinada Asia osoan zehar eta Amerikako indigenen esnatze prozesua argi erakusten gaitu munduko protesta sozial eta politikoan fenomeno honek duen garrantzia.

Egungo garaian, herri anitzen askapen mugimenduek borrokan dihar- dute inperialismoaren aurkako frontea osatuz. Egun, herrien aurkako gerra daramaten Estatu-Nazioek osatzen dute inperialismoaren aldeko frontea; eta haien artean artikulaketa hierarkikoa osatu dute. Artikulaketa horren gaillurrean, Estatu Batuetako inperialismoa dugu. Horrela, inperialismoaren kontraerasoa bi era ezberdinean bideratzen da. Alde batetik "Estatu Barneko arazoetan eskusartzearen eza"ren aldarrikapenaren bidez, Nazio Estatuaren biolentziaren monopolioa zilegitzen du; herriaren aurkako sarraskiak baimenduz. Aldi berean, Estatu Batuek munduko biolentziaren monopolioa aldarrikatzen dute; beraien hegemoniaren aurka diharduten Estatu Nazioek erasotzeko "eskusartzerako eskubidea" aldarrikatuz.

 

Demokrazia ordezkatzailaren inposaketa mundu zabalean

Kapitalismoaren hirugarren globalizazioak bideratu zuen demokrazia ordezkatzailearen mundu mailako inposaketa baina ez zuen lortu. Herri industrializatuetan "faxismo ezberdinez "pikutara bidali zuen egitasmo hori. Aldi berean Hirugarren Munduko herrietan mendebaleko eredu demokratikoaren gerizpean mota guztiko diktadore eta militarrak sortu ziren. Alta, kapitalismoak bere garapen egokirako demokrazia burgesa edo ordezkatzailea behar du eta laugarren globalizazioan honen aldeko saio berria bideratzen da.

Demokrazia burgesa berri horiek dominazio sistemak eta zapalkuntzak egokiago zilegitzen dituzte eta jadanik, ez dute funtzionamendu demokratikoa gehiago bermatzen. Gai honetaz Garzon epailearen kasua paradigmatikoa da. Amerika latina osoan demokrazia ordezkatzailearen defentzaile sutsuena bezela agertzen den bitartean, Espainako Estatuaren barnean berak gidatzen du disidentziaren aurkako eta erreibindikazio demokratikoaren aurkako errepresioa. Alabaina, demokraziaren defentsan Nazioartean egindako lana itxura soilik da; Espainiako Estatuan benetako bilakaera faxista izkutatu eta bermatu egiten duena.

Bereziki Estatu Nazioetan, demokrazia dominazio tresna ia soilik bihurtzen da; hauteskunde sistema, ordezkapen sistema eta ebazpen sistema herrien eta gizabanakoen borondatea ito egiten dutena, sistema osoa enbutu handia bihurtuz. Demokrazia ona da, demokratizazio prozesua eragozten badu eta hemen ere, Espainako kasua paradigmatikoa da, Perukoa edo Turkiakoa bezelatsu. Ordezkapen sistema, alegia gehiengo-gutxiengo sistemaren arabera mugitzen dena, eskubideen menpekoa beti izan behar du eta ez alderantziz, agertzen zaigun bezela.

 

Muga Ekologikoak

Eta gelditzen zaiguna zera da, eskariaren ahalmenari soilik mugaturik dagoen ekonomiaren hazkundeak planetako airea, ura eta lurra, pozoindu dituela. Enpresa multinazionalen interesetan egindako munduko baliabideen hustirakuntza egurkoaren agorpenaren arazoa ekarri digu (gaurko abiadura jarraituz 50 eta 200 urte bitartean gure errekurtso energetikoak agortuko direlarik). Horretaz gain, egun akumulatutako arazoak edo inguru- giroaren desorekak (ozono geruzaren zuloa, klimaren aldaketa, uraren kutsadura, ohian tropikalen suntsipena, euri azidoa, hondakin toxikoak, berotegi efektua, erosioa, arazo nuklearrak eta abar), denen iraun bizitzaren baldintza materiala den gure ekosistema, kili-kolo dagoela adierazten digu. Era berean, hazkunde ekonomikoaren mugak erakutsiz, egun daukagun garapen ereduari buruzko ikerketa eta eztabaida soziala ezinbestekoa bihurtzen da.

 

Konklusio gisa

Baldintza hauetan, planetako biztanle guztiei oinarrizko estaldura bermatuko dien "karta sozialik" eta zenbait baldintza sozialik, betetzen ez badira, azpikontratazioa, soldata txikiak, gastu sozialen murrizpena eta malgutasun laborala, denen kalterako hedatuko dira. Etorkizuna argitzeko, nahiz produkzioan eta nahiz ekosistemarekiko, mundu mailako erregulazio ekonomiko-soziala ezinbestekoa agertzen da.

Halaber, kulturaren merkantilizazioa, kapitalaren erreprodukzio hedatuaren adierazpen politiko-kulturala isladatzen du, zeinak munduko herrien identitate kultural eta nazional guztiak ezabatzeko tendentzia du (munduan dauden 8.000 hizkuntza dezagertzeko arriskuan ezarriz).

Eta dagoen hustirakuntza sozialaren aurka eta sufritutako akulturalizazioa eta desnazionalizazioaren aurka, gaur munduan dauden 50 inguru erresistentzien arteko artikulaketa- solidario egitea premiazko beharra bihurtu da; Hirugarren Munduko Herriak eta Lehen Munduko Herrien arteko artikulaketa eta Nazionartekotasun berri bat gauzatuz.

 

Antxon Mendizabal

 

 

Bibliografia

  • Amin, S. Les défis de la mondialisation. L´ Harmattan, París, 1996.
  • Amin, S. Capitalism in the age of globalization, Zed Books, Londres, 1997.
  • Chesnais, F. La mondialisation du capital.Syros, 1994.
  • Dieterich H.; Dussek E.; Franco R.; Peters A.; Starhmer C.; Zemelman H. Fin del Capitalismo Global. El Nuevo Proyecto Histórico. Txalaparta, 1999.
  • Estefanía, J. La Nueva Economía. La Globalización. Debate. 1997.
  • Gouverneur, Jacques. Les Fondements de L´ Economie Capitaliste. L´Harmattan, París. 1994.
  • Informe Anual. La situación del mundo 2.000. Icaria, 2000.
  • McChesney, R. Corporate Media and the Threat to Democracy. Seven Stories Press/ Nov York, 1997.
  • Mendizabal, Antxon. La Globalización. Ed. Hiru, 1998.
  • National Geographic. Cultura Global, Agosto 1999.
  • Petras J. El Imperialismo Resurgente. Hiru, 1999.