Argitaratzaileen oharra
Leninek Estatua eta Iraultza 1917ko abuztua eta iraila artean idatzi zuen, iraultzaren bezperako egunetan hain zuzen. Hilabete horietan Behin-behineko Gobernuak boltxebikeak errepresio bortitzez jazartzeko kanpaina bat jarri zuen martxan, Lenin bera klandestinitatera bultzatuz. Hala ere, langile eta gazte boltxebikeek egin zuten lana bikaina izan zen, izan ere, jada armaturik baitzeuden, jada argi baitzeukaten mundu guztia astinduko zuen iraultzaren kontsignak zein izan behar zuen: “Botere guztia Sobietentzat!”
Jada 91 urte pasa dira Urriko Iraultzak langile eta zapaldu guztion historian ikasgaiez beteriko orrialde eredugarri bat idatzi zuenetik. Urte hauetan ez dira falta izan mihi gaiztoko burges, intelektual eta oportunistak. Hamaika gezur eta kalumnia entzun behar izan ditugu, loroen antzera behin eta berriz errepikatuak, bai sobietar iraultzaren bai marxismoaren ideien inguruan. Baina harrigarria badirudi ere, Leninek idazlan honetan gezur eta desitxuratze berberak borrokatzen ditu! II. Internazionaleko teorialarien gehiengo zabalak urteak zeramatzan Parisko Komuna nahiz Marx eta Engelsen ideiak modurik zitalenean faltsutzen eta desitxuratzen. Leninek zioen bezala, “benetako indusketetara jo behar zen desitxuratu gabeko marxismo bat aurkitzeko”. Jaun hauen aurkako erantzunak ordea ezin zuen argiagoa eta irmoagoa izan: esku artean dugun idatzia eta Urriko Iraultza.
Gaur egun, “XXI. mendeko kapitalismoren” zapalkuntza eta miseria guztiari aurre egin beharrean gaudenean, ezinezkoa da gai honen inguruan testu aberatsagorik aurkitzea. Bertan ezin modu argi eta zehatzagoan azaltzen dira marxismoaren ideiak iraultzaren puntu praktiko eta konkretu baten inguruan, Estatuaren auzian alegia. Idazlan honen euskarazko argitalpena ezinbestekotzat jotzen genuen, batez ere Estatuaren auziak euskal langile eta gazte militanteen borrokan berebiziko garrantzia hartzen duelako eta idazlanaren edukia izugarri baliagarria gertatzen delako.
Kapitalismoaren krisi sakonak, are modu gordinago batean erakusten digu Estatu aparatua kapitalisten interesak babesteko eta langile mugimendu iraultzailea armekin zapaltzeko makina bat besterik ez dela. Askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokan, Leninek behin eta berriz azpimarratzen zuen langile klasea iraultza sozialistaren perspektibaren gainean hezteko, formatzeko eta antolatzeko beharra. Berak, 1917ko Urriko Iraultza, Lehen Mundu Gerrak mundu mailan eragingo zituen iraultzen hasiera bezala ikusten zuen. Ez zitzaion arrazoirik falta izan. Gaur egungo kapitalismoaren krisia ere, dudarik gabe, gure herrian nahiz mundu osoan mugimendu iraultzaile handiak eztandarazteko dinamita jartzen ari da nonahi. Etorriko diren aukera paregabe hauetarako prestatuz, beharrezkoa dugu sozialismo iraultzailearen kontsignak berreskuratzea: “Lantegien, bankuen, lur eremu handien desjabetzea!” “Botere guztia Sobietentzat (langileen batzorde demokratikoentzat)!”
Hitzaurrea
Ted Grant
Gizartetik jaiotako botere hori, baina beraren gainetik jarri eta berarengandik geroz eta gehiago banatzen den hori, da Estatua.
F. Engels, Familiaren, jabetza pribatuaren eta Estatuaren jatorria
Estatuaren auzia funtsezkoa izan da betidanik marxistentzat, marxismoaren testu garrantzitsuetako batzuetan gai nagusia izan delarik, hala nola Friedrich Engelsen Familiaren, jabetza pribatuaren eta Estatuaren jatorrian edota Marxen Luis Bonaparteren Brumarioaren 18an. Baina dudarik gabe, Estatuaren teoria marxistaren esentzia hobekien azaltzen duen obra Leninen Estatua eta Iraultza da, XX. mendeko idatzi garrantzitsuenetariko bat.
Halabaina, bitxia badirudi ere, Estatuaren auziak, duen garrantzia izanda, normalki ez du langileen atentzio handiegirik pizten, ezta langile aurreratuenengan ere. Egoera hau ez da kasualitatea ordea. Estatuak ez luke erabilgarritasunik izango klase agintariarentzat jendeak hau zerbait hutsala, inpartziala, klaseen eta pertsonen interesez gaindikoa, edota “hor dagoen zerbait” dela pentsatuko ez balu. Beraz, ez zaie bat ere interesatzen instituzio honek egiaz ordezkatzen duena masek jakitea. Auziari buruzko eztabaida serio bat lekuz kanpokotzat kontsideratzen da, onartezina, eliza baten barruan ohiuka hastearen parekotzat. Konstituzioa, monarkia, ejertzitoa, “Justizia”... praktikoki tabu bilakatu dira bere burua “demokraziatzat” izendatzen duen sistema honetako politikan. Azken finean Estatua “denona da”, ez al da horrela?
Marxismoak, Estatua, hau da, Estatu oro, klase batek bestea zapaltzeko instrumentua dela erakusten digu. Ondorioz, Estatuak ezin du neutrala izan. Manifestu Komunistan, Marxek eta Engelsek “Estatuaren gobernua klase burges osoaren negozio amankomunak kudeatzen dituen kontseilu bat besterik ez dela” azaldu zuten. Eta benetan hala da. Demokrazia burges formal batenpean bakoitzak nahi duena esan dezake (gutxi gora behera!), baina bankuek eta monopolioek erabakiko dute gertatuko dena. Beste era batera esanda, demokrazia burgesa kapital handiaren diktadura adierazteko beste modu bat besterik ez da.
Bere hitzak kontu handiz aukeratuz, Leninek Estatua “itxuraz gizartearen gainetik dagoen botere bat” bezala marrazten du. “Legedi inpartzialaren”, “denentzako justiziaren”, etab.en itxura hau Elizak eta garaiko moralitateak bedeinkaturik dago. Anatole France idazle frantziar ospetsuak Legearen maisuzko inpartzialitateari buruz hitz egiten du, zeinak bai aberatsei eta bai txiroei gosea pasatzeko edota zubi baten azpian lo egiteko eskubidea ematen dien. Inpartzialitatezko itxuraren atzean klase interesak ezkutatzen dira. Hala ere, garai arruntetan jendea berau onartzera ohitzen da ezer baldintzatu gabe. Arrunta eta aldagaitza iruditzen zaie. Eta hau erabat ulergarria da, beronekin jaiotzen baitira, eta bizitza osoan zehar inguratzen baititu. Soilik gizartea bere zimentuetatik astintzen duten krisi sakoneko aldietan hasten da jendea ohituraren, errutinaren eta tradizioaren pisu hila apurtzen, eta errealitate gordinari egin behar dio aurre. Une honetan, zapalduak euren zapaltzaileen aurka altxatzen hasten direnean gelditzen dira agerian Estatuaren benetako koloreak.
Zenbait garaietan, klase borroka puntu hil batean gelditzen denean, klase agintariak metodo zaharren bidez agintzen jarraitzeko gaitasuna galdu duenean, baina langile klasea, bere zuzendaritzek geldiarazirik, beste klasea garaitzeko baldintzetan aurkitzen ez delarik, Estatua gizartetik aldendu eta independentzia gehiago hartzeko joera handitu egiten da. Historian zehar askotan ikusi izan dugun fenomeno bat ematen da: “zesarismoa” Errepublika erromatarraren gainbeheraren aldian, monarkia absolutisten erregimenaren azken aldia feudalismoan, eta bonapartismoa aro modernoan. Aldaki guzti hauetan, Estatua —“Exekutiba”— gizartearen gainetik ezartzen da, kontrol moeta guztietatik askatuz, baita klase agintariarenetik ere. “Ezpataren agintea” da, militarren aginte argiarena, normalki indibiduo bakar baten aginte absolutuan adierazten dena —joan den mendean Napoleon Bonaparte, Louis Bonaparte eta Bismarck; garai modernoan Peron, De Gaulle, Pinochet eta mota guztietako “Hirugarren Munduko” diktadoreak—. Askotan, erregimen bonapartista klase desberdinen artean orekatzen saiatzen da, batzuen aurka egiteko besteengan sustengatuz. Diktadoreak “Nazioa”ren izenean hitz egin ohi du. Baina demagogia ororen atzetik, Estatu honek, beste edozeinek bezala, dauden ekoizpen erlazioen defentsa ordezkatzen du.
PARISKO KOMUNA
Marxisten betebeharra historia aztertzea da, baina ez denbora-pasa akademiko bat bezala, ondorio praktikoak ateratzeko baizik. Modu berean, burgesiaren akademia militarretan, ofizialek Napoleonen eta Julio Zesarren gerrak aztertzen dituzte etorkizuneko gerretarako prestatzeko. Parisko Komunaren eta 1905 urteko Iraultza errusiarraren esperientziarik gabe, Alderdi Boltxebikeak ezin izango zituzkeen 1917an boterea hartzeko egokiak izango zitzaizkion programa eta ikuspegiak garatu. Marxek ez zuen bere Estatuaren teoria asmatu, hau Parisko Komunaren esperientziatik sortu zen baizik.
Marxek Komunaren benetako esangura azaltzen du Kugelmanni 1871ko apirilaren 12an bidalitako gutun batean: “Nire Brumarioaren 18ko azken kapitulua begiratzen baduzu, Iraultza frantsesaren hurrengo saiakera ez dela makineria burokratikoa eta militarra esku batzuetatik besteetara igarotzea bakarrik izango adierazten dudala ikusiko duzu —orain gertatu den bezala—, apurtzea baizik (‘zerbrechen’); eta hauxe da edozein zinezko herri iraultzarentzat aurre-baldintza (...) Hauxe da gure lagun frantses heroikoen saiakerak inplikatzen duena zehazki”.
Esperientzia honetan oinarrituz, aldaketa garrantzitsu bat sartu zen 1872ko Manifestuaren argitarapen alemaniarrean, langile klaseak ezin duela bere helburuetarako jada existitzen den aparatu estatala erabili azalduz, baizik eta hau suntsitu eta langile Estatu berri bat sortu behar duela, edo zuzenago esanda, semi-Estatu bat, gizartearen aldaketa aurrera eramateko armatu eta antolatu den herria beste ezer ez den Estatu bat. Hau izan zen kasua Parisko Komunarekin eta baita 1917ko azaroko Iraultza errusiarrarekin ere (urria egutegi zaharraren arabera).
MILITARISMOA ETA INPERIALISMOA
XX. mendearen historiak inperialismoak esan nahi duenaren adibideak soberan ematen dizkigu, Leninek “kapitalismoaren fase goren” bezala definitzen duena. 1948an eginiko ikerketa baten arabera, bi gerra mundialek 22 bilioi dolarrei (1997ko zifretan) dagokiena kostatu zuten. Eta militarismoak ez du bere izaera aldatu garai haietatik. Kapitalaren kontzentrazio graduak aurretik inoiz ikusi gabeko mailetara iritsi dira. Banku handiek eta monopolioek lotura oso estuak dituzte gobernu nazionalekin eta hertsiki erlazionaturik daude eurak babestu, diruz lagundu eta euren produktuentzat merkatu berriak ahalbidetzen dizkien Estatuarekin. Estatu Batuetan, gobernuak industria armamentistikoarekin eta militarrekin duen aliantzak izen bat dauka: “Konplexu Militar-Industriala”. Antzeko egoera aurkitzen da beste herrialde inperialistetan. Halako munstro bat mantentzeko, beharrezkoa da era berean munstro-itxurakoa den Estatu bat, burokraten masa handi bat, zeintzuek ezer ekoitzi gabe, baliabideen kantitate izugarri bat zupatzen duten, sistema sozioekonomiko arrazional batean helburu produktiboetara bideraturik egongo liratekeenak. Baliabide hauen erabilera arrazional bat, bera bakarrik, nahikoa litzateke mundua eraldatzeko. Sozialismoarenpean, xahuketa eskandalagarri hau gauetik egunera eraldatzea posible litzateke. Une hauetan, Britainia Handiaren gastu armamentistikoak 22.000 milioi liberatan (bost bilioi pezetetan) zifratzen dira urteko; Japonekoak, 44.600 milioi dolarretan (6,5 bilioi pezeta); eta Amerikako Estatu Batuetakoak, 100.000 milioi dolarretan (14,5 bilioi pezeta). Zifra harrigarri hauek beraiek bakarrik Estatu burges modernoaren izaera barbaroaren zantzuak dira. Kantitate ikaragarri hauek urtero gastatzen dira ekoizpenan, zeren ekoizpenean?: txatarrarenean. Izan ere misil, tanke eta kainoi hauen gehiengo handia ez da sekula erabilia izango. Eta erabiltzen direnean, Golkoko Gerran bezala, multinazional handien irabaziak defendatzeko erabiliko dira esklusiboki, zeinak estuki loturik dauden Estatuari AEBtan eta gainerako herrialde inperialistetan. Unites States Nuclear Weapons Cost Studyren azterketa baten arabera, 1940an hasi zenetik 1995era, AEBren programa nuklearra bera bakarrik lau bilioi dolar kostatuko zen gutxienez. Baina Stephen Schwartzek, azterketaren argitaratzaileak berak, benetako zifra “nabarmenki altuagoa” izango dela dio orain.
Estatuaren izaera parasitarioa, batez ere Estatu modernoarena, Marxen klase borrokari buruzko maisulanean nabarmendua izan zen, Luis Bonaparteren Brumarioaren 18an: “Botere betearazle hau, bere antolaketa burokratiko eta militar izugarriarekin, bere Estatu makina konplexu eta itxuratiarekin, milioi erdi bat pertsona biltzen dituen funtzionarioen ejertzito hau, beste milioi bat gizonen ejertzitoarekin batera, gizarte frantsesa sare batek bezala estutu eta poro guztiak ixten dizkion organismo parasitario beldurgarri hau, monarkia absolutuaren garaiean sortu zen, erregimen feudalaren dekadentziatik, aipaturiko organismoak berak hori azeleratzen lagundu zuelarik”.
Marxek milioi erdi bat pertsonako Estatu baten ideia bitxi aurkitu bazuen, zer esango zukeen gaur Estatu modernoak irensten dituen bilioiei buruz, herrialde guztietan langile klaseak ekoitzitako plusbaliaren zati handi bat xahutzen duten bere burokrazia puztuekin, bere ejertzito iraunkorrekin eta bere gastu militar astronomikoekin? Estatu Batuen kasua soilik hartzen badugu, urtero armamentura bideratzen den dirua nahikoa litzateke bi eta hiru milioi inguru lan postu berri sortzeko; edota etxebizitzaren arazoarekin amaitzeko hamar urte baino lehenago. Halaber, desarmatzearen aldeko pazifisten eskaerek ez dute eragin txikienik ere izan, “jostailu” hilgarri hauek erabat beharrezkoak baitira klase agintariaren interesentzat. Eta azken finean, deabru batek ez ditu inoiz bere atzapar propioak ebaki modu boluntario batean. Beharrezkoa da langile klasearen indarra mobilizatzea eta antolatzea gizartearen eraldaketarako.
Munstro honen suntsiketa, Estatu burgesarena, lehen baldintza da gizarte benetan demokratiko eta gizatiar bat eraikitzeko, sozialismorako trantsiziorako oinarriak ipiniko dituelarik: klaserik gabeko gizarte bat, zeinetan Estatua, barbariearen erlikia hori objetu zaharren museo batera baztertua izango den, diruarekin, presondegiekin, familia burgesarekin, erlijioarekin, eta gainerako zentzugabekeria guztiekin, zeinak pentsatzeko gai den edozein gizon edo emakumerentzat askotan ulertzea zaila egiten den arrazoiengatik, bizitza “zibilizatu” baterako nahitaezko osagaitzat kontsideraturik dauden.
ERREFORMISMOAREN OINARRI OBJETIBOAK
“Garapen erlatiboki baketsuko hamarkadetan zehar pilatutako oportunismo elementuek, mundu osoko alderdi sozialista ofizialetan nagusi den sozialtxobinismo korrontea sortu zuten” (Lenin, Estatua eta Iraultza).
Bere garrantzia begibistakoa izanik ere, Estatuaren auzia ez da kontuan hartua izan herrialde kapitalista aurreratuetako langile mugimenduen zuzendarien eskutik hamarkadetan zehar. Hau ez da istripu bat. Gizartearen eraldaketa sozialista aurrera eramateko ideia erabat alboratu dutela esateko beste modu bat da baizik. Baina bada beste arrazoi garrantzitsu bat ere. Bigarren mundu gerraren osteko goraldi kapitalistaren garai luzean, klaseen arteko kontraesanen nolabaiteko leuntzea eman zen. Britainia Handiko, Suediako, Alemaniako, AEBtako eta beste herrialde batzuetako bi langile belaunaldi enplegu osoaren, erreformen eta kontzesioen esperientziatik igaro ziren. Baina kontestu historiko honetako konkistak ere langile klasearen eta mugimendu sindikalaren borroken eta presioaren bitartez lortu ziren, burgesiak ez baitu sekula doako kontzesiorik egiten.. . . . . . . . . . . . . . . . .
Ver el documento completo documento original