HITZAURREA
Orain gutxi Vienan agertu den Proletalgoaren diktadura deitutako Kautskyren liburuxka (Wien 1918, Ignaz Brand, 63 orr.), II Internazionalaren erabateko lur-jotze ideologiko lotsagarrienaren adierazle da, herrialde guztietako sozialista zintzoek aspaldi honetan aipatzen ari izan diren lur-jotze horren adierazle da. Nahikotxo herrialdetan iraultza proletarioa gaur eguneko afera izatera igaro da. Horregatik, Kautskyren sofismak, damutu baten ahotan ohikoak direnak aztertzea eta honek marxismoaz nola arnegatzen duen ikustea beharrezkoa da.
“Kautsky, II Internazionaleko autoritate gorena; marxismoa hitzez onesteak, praktikan “struvismora”[1] edo “brentanismora”[2] (hau da, proletalgoaren nolabaiteko “klasearteko borroka” ez iraultzailea onartzen duen doktrina liberal burgesera, Struve[3] errusiar idazleak eta Brentano[4] alemaniar ekonomistak garbitasun osoz adierazi dutenera) nola eraman gaitzakeenaren gaineko adibide ezin arruntagoa da. Plekhanoven[5] adibidean ere, hori ikusten dugu. Ageriko sofismen bitartez, marxismoari bere arima iraultzaile bizia idokitzen zaio; hauxe borrokarako bide iraultzaileak ezik, bide hauetarako prestaketa eta propaganda ezik, masak hona bideratzeko heziketa ezik onartzen da. Kautskyk, ideologiak alboratuz, sozialchovinismoaren[6] oinarrizko pentsamoldea, hots, guda honetan nazioaren defentsa egitea eta ezkerrari eginiko emakida diplomatiko nabarmenen bat, kredituak bozkatzerakoan abstenitzea, gudari aurkakotasuna aldarrikatzea eta abar “adiskidetzen” ditu. 1909an iraultzen aro baten hurbiltzeari buruz eta guda eta iraultzaren arteko harremanari buruz liburu oso bat idatzi zuen Kautskyk, 1912an zetorren guda iraultzaren onerako baliatzeaz mintzatzen zen Basileako Manifestua[7] sinatu zuen Kautskyk; orain bereak eta bi egiten ditu sozialchovinismoa justifikatzeko eta zuritzeko, eta Plekhanoven antzera, iraultza-ideia oroz, borroka iraultzaile efektibo batetara bideratutako ekintza oroz trufa egiterakoan burgesiarekin bat egiten du.
Langile klaseak ezin izango du bere mundu mailako iraultzaren helburua erdietsi baldin eta apostasia honi, nortasun falta honi, oportunismoarekiko menpeko jarrera honi, marxismoaren egundoko faltsutze teoriko honi bihozgabe gudarik egiten ez badio. Kautskysmoa ez da kasualitatez sortu, II Internazionalaren kontraesanen emaitza da, hitzez marxismoari leialtasuna aldarrikatzearren eta egitez oportunismoaren aurrean makurtzearen arteko nahasketa da”. (G. Zinoviev eta N. Lenin, Sozialismoa eta guda, Geneva, 1915, 13-14 orr.)
Jarrai dezagun. 1916an idatzi nuen (Petrogradon 1917an agertu zen) Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena[8]liburuan, inperialismoari buruzko Kautskyren arrazoiketa guztien aizuntze teorikoak zehatz-mehatz aztertu nituen. Hor, Kautskyk inperialismoaz ematen zuen definizioa aipatzen nuen: “Inperialismoa, kapitalismo industrialaren maila handiko garapen egoera baten emaitza bat da. Nazio kapitalista industrialetako bakoitzak, nekazari-eskualde (kurtsiba Kautskyrena da) gero eta handiagoak bertan bizi diren nazioen iritzia kontutan hartu gabe anexionatzeko edo menperatzeko joerak bereizten du”. Definizio hau guztiz okerra zela nabarmentzen nuen; inperialismoaren kontraesanik sakonena estaltzeko eta horrela oportunismoarekin kontziliazioa bilatzeko “egokia” zelakoan. Inperialismoaren gaineko nire definizioa ematen nuen: “Inperialismoa, monopolioen eta finantza- kapitalaren nagusitasuna gauzatu izan deneko, kapital esportazioak lehen mailako garrantzia hartu dueneko, mundua trust internazionaletan banatzen hasi deneko eta munduko lurralde guztiak herrialde kapitalista garrantzitsuenen artean banatuz bukatzen direneko garapen urratsean dagoen kapitalismoa da”. Kautskyk inperialismoaz egiten duen kritika, kritika burgesarena baino are kaskarragoa, filistiarra zela frogatzen zuen.
Azkenik, 1917ko abuztuan/irailean, hau da, Errusiako Iraultza Proletarioa (1917ko Urriak 25/Azaroak 7) baino lehenago, estatua eta Iraultza. estatuari buruzko doktrina marxista eta proletalgoaren eginkizunak iraultzan[9] idatzi nuen, Petrogradon 1918an agertu zen liburuxka. Lan honen VI kapituluan, Marxismoaren pailardatzea oportunisten aldetik izenburutzat daukanean, Kautskyri arreta berezia jartzen diot, Marxen doktrina guztiz itxuraldatu duela eta oportunismoaz ordeztu duela, “hitzez onetsi egiten badu ere, eginez iraultzari muzin egin diola” frogatuz.
Funtsean, Kautskyk bere proletalgoaren diktadurari buruzko liburuxkan egiten duen oinarrizko akats teorikoa, Marxen estatuari buruzko teoria nik neuk estatua eta Iraultza nire liburuxkan zehatz-mehatz azaldu nuen moduan itxuraldatzean datza.
Aurretiaz eginiko ohar hauek beharrezkoak dira. Boltxebikeek boterea lortu baino lehen eta, beraz, Kautskyren gaitzespena izan baino lehen, Kautskyri damutu bat izatea publikoki leporatu izan diodala argi frogatzen baitute.
Lander Perez
SOBIETAR ARGITALETXEAREN OHARRA
Leninek 1918ko urriaren hasieran ekin zion Iraultza proletarioa eta Kautsky damutua liburua idazteari, Karl Kautskyren Proletalgoaren diktadura liburuxka irakurri eta berehala. Liburuxka horretan, II Internazionaleko buruzagi ideologikoak iraultza proletarioari buruzko teoria marxista itxuraldatu eta erabat faltsutu egiten zuen eta sobietar estatua kalumniatzen zuen.
Leninen arabera, iraultza sozialistari eta proletalgoaren diktadurari buruzko Kautskyren ideia oportunistak agerian uzteak egundoko garrantzia zuen. 1918ko abuztuan, Sozialistische Auslandspolitik (Kanpo Politika Sozialista) aldizkariak Kautskyren artikulu bat argitaratu zuen, non alderdi sozialdemokratei boltxebikeen kontra borrokatzeko deia zabaltzen zen.
Leninek, herrialde eskandinaviarretarako Errepublika sobietarraren ordezkari guztiahalduna zen Vorovski jaunari, Kautskyren diktadurari buruzko liburuxka eta honek boltxebikeei buruz idatzitako artikulu guztiak argitaratu orduko bidali ziezazkion eskatu zion.
Urriak 9an, liburuxka bukatu aurretik, Leninek Iraultza proletarioa eta Kautsky damutua izeneko artikulua idatzi zuen. Urriak 11an Pravda egunkarian argitaratu zena. Geroago, 1918an Bernan eta 1919an Vienan alemanez argitaratu zen, eta urte horretan italieraz argitaratu zen Milanen.
Leninen Iraultza proletarioa eta Kautsky damutua liburuxka, 1919an Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian agertu zen.
IRAULTZA PROLETARIOA ETA KAUTSKY DAMUTUA
I. Kautskyk Marx liberal eskas bat nola bilakatu duen
Kautskyk bere liburuxkan tratatzen duen oinarrizko afera, langile iraultzaren funtsezko edukia, hau da, proletalgoaren diktadura da. Une honetan herrialde guztientzako, batez ere herrialde aurreratuentzako eta are gehiago gudan daudenentzako, bereziki garrantzi handiko afera bat da. Arrandikeriatan erortzeko arriskurik gabe, proletalgoaren klase borroka ororen afera nagusia dela esan dezakegu. Horregatik arreta handiz aztertzea beharrezkoa da.
Kautskyk modu honetan planteatzen du afera: “bi korronte sozialisten arteko aurkakotasuna” (hau da, boltxebikeen eta ez- boltxebikeen artekoa) “arras ezberdinak diren modu biren arteko aurkakotasuna da: modu demokratikoareneta diktadurazko moduaren artekoa” (3. orr)
Bide batez, Errusiako ez-boltxebikeak, hau da, mentxebikeak[10] eta eseristak[11] sozialistatzat hartuz; Kautskyk hitza, hau da, izendapena eta ez proletalgoak burgesiaren aurka daraman borrokan daukaten lekua aintzat hartzen duela ikus dezakegu. Hori da hori marxismoa ulertzeko eta aplikatzeko modua! Baina honetaz aurrerago arituko gara.
Orain jar dezagun arreta gauzarik garrantzitsuenean: “modu demokratiko eta diktadurazkoaren” arteko “antitesi erradikalari” buruzko Kautskyren aurkikuntza handian. Hor dago koxka. Hori da Kautskyren liburuxkaren mamia. Eta nahasketa hain izugarri batez, marxismoarekiko erabateko apostasia batez ari garenez, Kautskyk Bernstein[12] oso atzean utzi duela ohartaraztea beharrezkoa zaigu.
[1] Struvismoa edo marxismo legala: Errusian, XX. mende hasieran, batik bat inguru intelektual burgesetan ugaldu zen ildo filosofikoa. Bere ordezkaririk ezagunena Piotr Struve izan zen, eta beste kide ezagun batzuk Nikolai Berdiaiev eta Sergei Bulgakov izan ziren. “Marxista legalek”, marxismoa, legalitatera mugatzeaz gain, Errusiako estatu feudalean kapitalismoaren hazkundea justifikatzeko erabili nahi izan zuten. Korronte honetako partaideen arabera; Errusia, feudalismotik atera eta garapen industrial kapitalistan sartu behar zen, modu honetan, pixkanaka-pixkanaka askatasun liberalak lortzen hasiko zelarik eta “mendebaldartu” egingo zelarik. Ildo honek “mendebalzaletasun” handia zuen, puntu hori ildo honen oinarrietako bat zen; azken finean marxismoa (batez ere Kapitala liburua) Errusia “asiar atzerapenetik” “europar kapitalismo aurreraturanzko” igarobiderako justifikazio teoriko bezala erabiltzen zuten (ekoizpenaren garapena, kapitalismoaren hazkundea...). Marxista legalen arabera, errusiar burgesia oso ahula eta politikoki ezgaia zen, beraz, gertatu beharreko iraultza liberalak beste mota batetako justifikazio teoriko bat behar zuen (laburbilduz; marxista legalentzat, marxismoa kapitalismo liberalaren tresna gisa erabili behar zen). Struvistek hasiera batean Errusiako Alderdi Sozialdemokratan militatzen zuten, laster bertatik atera eta Alderdi Liberal Konstituzionalistan sartuko ziren. 1905eko iraultzaren ostean gobernu tsaristaren aldeko sutsu izango ziren, errepresioa iraultzaren aurkako babes bakarra zela esanaz (azken finean, burges antiiraultzaile batzuk ziren). Euren ikuspegiak 1909an ateratako Vekhi (Norabideak) liburuan azaldu ziren. Hauetako batzuek, Piotr Struve berak adibidez, Armada Zuriko buruzagi politiko bezala bukatu zuten. (Itzultzailearen oharra)
[2] Brentanismoa edo katedra-sozialismoa: XIX. mendean, Alemanian batez ere, zenbait intelektual burgesen artean zabaldutako ideologia (alemanaz, Kathedersozialismus). estatuak ekonomian esku sartzea eskatzen zuten, lan- munduaren esparruko legeak onar daitezen galdatuz. Katedra-sozialismoak klase borroka ukatzen zuen eta sindikatu erreformisten alde zegoen, kapitalisten eta langileen arteko interes batasuna emango zela uste zutelarik. Katedra sozialista gehienak Lujo Brentanok sortutako Verein für Sozialpolitik (Politika Sozialerako Elkartea) taldean batzen ziren. XIX. mendeko Alemanian, lassallearren alderdiarengan eta geroago Bismarcken erreforma sozialengan eragin ideologikoa izan zuten. Geroago, keynesianismoan eta Ongizate estatuaren oinarri teorikoan (“merkatu-ekonomia soziala”) ere influentzia izan zuten. (Itzultzailearen oharra)
[3] Piotr Struve: Errusiar politikari eta filosofo atzerakoia. Gaztetan marxismoarekin bat egin bazuen ere,a laster “marxismo legala” zeritzon korronte filosofiko burgesaren buru izango zen zen; ideologia marxista Errusia atzeratuaren “zibilizatze” burgesari justifikazio teoriko bat ematera mugatzearen aldekoa, eduki politiko iraultzailearen aurkakoa eta marxismoa kapitalismo liberalarekin elkartzearen aldekoa. Geroago, “marxismo legaletik” liberalismora joko zuen eta demokrata-konstituzionalistekin bat egingo zuen. 1905eko Iraultza eta gero, Gobernuarekin lerrokatuko zen, erabat monarkiko egingo zen eta errusiar intelektualitatearen eta monarkiaren arteko iraultzaren aurkako aliantzaren alde agertuko zen. Guda inperialistaren aldekoa izango zen, eta Errusiar Guda Zibilean, Armada Zuriaren buru politikoetako bat izango zen. (Itzultzailearen oharra)
[4] Lujo Brentano: Alemaniar ekonomista, “katedra-sozialismoaren” ordezkari nagusienetakoa izan zena. Ekonomi katedraduna izan zen hainbat unibertsitatetan. estatu burgesa “erreformatzearen” eta ez suntsitzearen aldekoa izan zen. 1914an alemaniar inperialismoaren aldeko manifestu bat sinatu zuen. Hala ere, 1919ko Alemaniar Iraultzan, Bavariako Gobernu sobietarrean parte hartu zuen Ekonomi Ministro gisa. (Itzultzailearen oharra)
[5] Georgi Plekhanov: Askoren ustez, marxismoa errusiar lurrean zabaldu zuena izan zen, nolabait esateko “errusiar marxismoaren sortzailea”. Alderdi Sozialdemokrataren II Kongresuaren ondoren, hasiera baten boltxebike eta mentxebikeen artean zalantzati agertu bazen ere, geroago azken hauekin bat egingo zuen. Hasiera batean, mentxebikeen barruan boltxebikeekin berrelkartzeko korrontea bultzatu bazuen ere, urteak joan ahala gero eta antiboltxebikeago izango zen, I Mundu Gudaren aurrean postura sozialchovinista izango zuelarik. Otsaileko iraultzaren ondoren, mentxebikeen barnean eskuin-eskuineko ildo bat bultzatuko zuen, Jedinstvo (Bateratzea) izenekoa, erabat sozialchovinista, gobernu burgesaren aldekoa eta boltxebikeekin lotura guztiak puskatzearen aldekoa; postura hauek mentxebikeen zuzendaritzak baino era argiagoan azalduz. Urriko Iraultzaren aurka agertu zen eta Finlandiara ihes egin zuen. Hurrengo urtean zendu zen. Halere, sobietar Errepublikak bere memoriari gorazarre egingo zion, eskola garrantzitsu bati bere izena jarriz. (Itzultzailearen oharra)
[6] Sozialchovinismoa: Guda inperialistaren garaian, mundu mailako mugimendu sozialistaren baitan sortutako korronte antimarxista, benetako sozialismo iraultzaile internazionalistaren erabat aurkakoa. sozialchovinisten arabera, langile sozialistek euren herrialdeetako burgesiarekin bat eginik guda inperialistan parte hartu behar zuten, lubakietan beste herrialdeetako langileen aurka borrokatuz. II Internazionaleko alderdi sozialdemokrata nagusiak, ordurako erreformismoak usteldurik, postura honetara atxiki ziren, adibidez II Internazionalaren ikur zen Alemaniakoa. Joera honek, ondorio bezala, inperialismoa eta burgesiaren politika sendotzea zekartzan. Ez da kasualitatea joera sozialchovinistarekin bat egin zuten gehienak, guda inperialistaren aurretik, burgesiarekin kolaboratzearen aldekoa zen sozialismoaren eskuin hegalekoak izatea. sozialchovinistak, izenez sozialistak baziren ere, praktikan chovinista burges inperialistak ziren. (Itzultzailearen oharra)
[7] Basilean 1912ko azaroaren 24 eta 25ean II Internazionaleko Biltzar Nagusia bildu zen; Balkanetako Lehen Guda zela eta. Guda honetan Balkanetako lur batzuengatik, alde batetik Liga Balkanikoa (Serbiak, Montenegrok, Greziak eta Bulgariak osatua) eta beste batetik Otomandar Inperioa lehiatu ziren. Basileako Kongresuan, guda honetan potentzia inperialista handiek interes batzuengatik parte hartuz gero; langileek europar mailako guda ekiditeko euren indarra eta borroka iraultzailea erabiliko zutela erabaki zen, eta “Guda gudaren aurka!” kontsigna adostu zen. Balkanetako Lehen Guda Liga Balkanikoak irabazi zuen, eta beraz, Turkiar Inperioak Europan zituen lur gehienak galdu zituen. (Itzultzailearen oharra)
[8] Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena: Lenin, El imperialismo, fase superior del capitalismo. Ez dago euskarazko itzulpenik. Gomendatutako liburu bat da; lan honetan (Lehen Mundu Gudan idatzia izan zen), Leninek, kapitalismoak inperialismora eta inperialismoak guda inperialistara eramaten duela azaltzen baitu. Leninek inperialismoa sorrarazten duten arrazoiak eta bere garapena ikuspegi marxista batetik aztertzen ditu eta langile mugimenduak zein paper izan behar duen azaltzen du. Lan honen oinarrizko ondorioak inperialismoa kapitalismoaren ondorio logikoa dela eta kapitalismoaren kontraesanak muturreraino eramatean datzala dira; beraz gurpil hau apurtzeko, langile mugimenduak iraultzara jo behar duela ezartzen da. (Itzultzailearen oharra)
[9] Estatua eta Iraultza: Leninismoa ulertzeko ezinbesteko lana da, iraultza proletarioaren eta proletalgoaren diktaduraren ezaugarriak azaltzen dituelako, eta azken honek burgesiaren diktadurarekiko duen ezberdintasunak zehazten dituelako. estatuaren definizio marxista egiten du, eta baita estatuaren eta Iraultzaren gaineko kontzepzio marxistak azaldu eta kontzepzio hauek eta kontzepzio oportunistak zertan ezberdintzen diren zehaztu. (Itzultzailearen oharra)
[10] Mentxebikeak: Hitz honekin, 1902an Errusiar Langileen Alderdi Sozialdemokrata banandu zenean agertutako boltxebikeen aurkako korronte burges-ttipi bati izendatzen zitzaion. Izen hori jarri zitzaien, banatzeko unean euren postura gutxiengoarena zelako (errusieraz, “gutxiengo” menxinstvo esaten da). Mentxebikeak, hasiera batean, boltxebikeengandik hauen diziplina iraultzailea (zentralismo demokratikoa, koadro-militanten Alderdia, Alderdiarenganako konpromisoa eta abar) onartzen ez zutelako banandu ziren, baina sakoneko ezberdintasun ideologikoak laster agertuko ziren: laster burgesiaren bidaide izatearen aldeko agertuko ziren. 1905eko Iraultzarekin batera bi korronteen arteko ezberdintasunak handi-handi egin ziren eta 1912an erabateko banaketa eman zen. Guda inperialistaren garaian, mentxebike gehienak sozialchovinista egin ziren. 1917ko Urriko Iraultza Sozialistaren aurka azaldu ziren, joera erabat antikomunistara atxikiz. (Itzultzailearen oharra)
[11] Eseristak: SR sigletatik (sozial-iraultzaileak) datorren hitza. Hitz honekin, Errusiako alderdi jakin bat izendatzen da, XIX. mendeko errusiar mugimendu populistan jatorria zuena. Eseristek, laborantza-giroaren eta errusiar tradizio zaharren idealizazioan oinarritutako sozialismo populista baten alde egiten zuten. Alderdiaren ideologiak; sozialismo zientifikoa, marxismoaren baliabideak eta klase borroka ukatzen zituen. laborantza burgesia-ttipiaren ordezkari politikoa zen. Eseristen eskuin atala, 1917ko Urriko Langile Iraultzaren aurka jarri zen eta Armada Zuriarekin borrokatu zen Guda Zibilean; ezker atala hasieran alde jarri bazen ere, 1918an kontrairaultzara pasa zen. Alta, eserista batzuek Alderdi Boltxebikearekin bat egin zuten. (Itzultzailearen oharra)
[12] Eduard Bernstein: Alemaniar ideologo oportunista eta errebisionista. XIX mendeko 80ko hamarkadan Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren egunkariaren editorea izan zen. 90eko hamarkadan, Neue Zeit aldizkarian, “Sozialismoaren arazoak” izenarekin zenbait artikulu atera zituen, geroago Sozialismoaren aurrebaldintzak eta sozialdemokraziaren eginkizunak izenburuarekin liburu bezala argitaratuko zirelarik. Artikuluotan, ikuspuntu ezin errebisionistagoa ematen zuen: Alderdiaren muin iraultzailea ezereztatzearen aldekoa, Alderdia legalitate burgesera moldatzearen aldekoa eta liberalismoaren aldekoa. Honek, mundu mailako mugimendu sozialistan hautsak harrotu zituen, eztabaida sakona piztuz. Bernsteinek, nahiz eta bere burua “marxistatzat” jo, egia esan, bere idatzietan marxismotik erabat aldentzen zen eta marxismoaren oinarri ideologikoak “berrikusi” egiten zituen. Hori dela eta, Bernsteinen eta haren jarraitzaileen ikuspuntuak definitzeko “errebisionismo” hitza sortu zen. (Itzultzailearen oharra)
Ver el documento completo documento original