Xiberta 1977: haustura historikoa.

 

 

 Zergatik itzuli 1977ra, 1981ean zendu zen Telesforo Monzonen heriotzaren 30. urteurrenean? 1977ko udaberrian, Angeluko Xiberta hotelean, Franco hil ondorengo mugimendu abertzalearen osagarri guztiak biltzea lortu baitzuen Telesforo Monzonek, hasi ETA Militarretik eta EAJ-PNVraino. Monzonen iritziz, nahitaezkoa zen indar guztiek bloke bat eratzea, frankismoaren ondorengo zen Madrilgo botereari herriaren eskakizunak galdatzeko. Saiakera hark ez zuen emaitzarik eman, baina bakoitza bere erantzukizunen aitzinean kokatu zuen. Horrela, euskal mugimendu politikoak bi bide hartu zituen, diametralki ia aurkakoak.

2011ko udaberrian, Monzon zendu eta hogeita hamar urte geroago, ETAk bere autodesegiteari ekin dio nazioartearen kontrolpean, eta ezker abertzalea inoiz baino indartsuago jalgi da udal-hauteskundeetan: Franco hil ondoren ere konpondu ez ziren sakoneko arazoen aurrean aukera berriak sortu dira. Inportantea da jakitea zergatik, nork eta nola.

 

Frankismoaren ondorengo Historiari ekarpena

 

Xibertara itzultzea frankismoaren ondorengo historiografiari eginiko ekarpen xumea baino ez da, urte batzuetatik hona berritzen ari den historiografia, eta egungo Espainiako demokraziaren sorreraren ikuspegi mitikoa emeki-emeki zuzendu nahi duena.

Aitzitik, hasieran «trantsizio demokratikoa» edo Trantsizioa izendatu zena berrikusi behar da, zeren luzaz eman den irudi indartsu hori, trantsizio horren aktoreek berek emana baitute. Eta noski, haien ustez, prozesu hori erabat eredugarria da.

Baina iragana atseginik gabe ikertzen duten historialarien iritziz, Francoren oinordeko goiargituenek inposatu zieten Trantsizioa diktadorearen biktimei, euren funtsezko eskakizun zenbaiti uko eginaraziz.

Alabaina, 40 urtez iraun zuen diktatura eroraraztetik urrun zeuden. Lehenik, Estatu Espainolaren kanpoan eta barnean iraun zuen oposizioak Errepublikari uko egin behar izan zion, haren oinordeko izateko Francok berrezarri zuen monarkiaren mesedetan. Ondoren, Estatuko nazioaniztasunari ere uko egin behar izan zion, nahiz eta bere planen barnean zegoen. Eta Gerra Zibileko krimenen amnistia ere sinatu behar izan zuen, 1977an. Gerora, 2008an, ONUko Giza Eskubideen Batzordeak lege hori ezeztatzea eskatu zuen nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa izateagatik, izan ere, amnistia- eta preskripzio-neurriak baztertzen baitzituen bortxazko desagertzeen, torturen eta humanitatearen aurkako krimenen kasuan. Azken finean, borrero eta biktimak bizkarrez bizkar eman ziren eta frankismoaren oinordekoak legitimatu ziren haien aurka borrokatu zirenen kaltetan.

 

Xiberta euskal historiografian

 

Trantsizioaren ingurumari horretan gertatu ziren Xibertako elkarrizketak. Monzonek antolatu zituen, jakinik euskal mundu politikoko bi norabideak hurbiltzeko azken saiakera zela: batetik, EAJ-PNV historikoa, gerra zibilean Euskadi zuzendu zuena, Madrilengandik bereizia eta praktikan independentea, bere armada, bere moneta, bere diplomaziarekin, eta bestetik, hamabost urte lehenagotik, borroka soziala, propaganda politikoa eta borroka armatuaren bidez frankismoaren aurka egiten ari zena, elementurik ezagunenak ETAren bi adarrak zituen sare bat: ETA Militarra edo ETA (m) eta ETA Politiko-Militarra edo ETA (pm).

Monzonen ustez, bi joera horiek, «jelkidetasuna» (EAJ-PNVren aldekoak) eta «etismoa» (independentziaren aldekoak, ETA eta bere inguruko mugimendu guztiak) ez ziren bateraezinak. Haren ustez, Estatu frankistaren biolentziaren aurka altxatu zirenek 36ko EAJ-PNVko gudarien borroka segitzen zuten, haien seme-alabak ziren. Frankoren oinordekoen aurkako batasuna behar-beharrezkoa eta presakoa zela uste zuen «etxearen» zimenduak segurtatuak izateko, hau da, Nafarroa barne hartuko zukeen eta, autodeterminazio eskubideaz baliatuz, demokratikoki eta era baketsuan independentziarantz jo ahal izango zukeen Euskal Herria.

Horrela, 1977ko maiatza hasieran, berehalako helburua euskal familia politikoaren kide barreiatuak biltzea zen. Denek erantzun zuten, baina denak ere beren iraganaren zama bizkarrean eta berehalako eskakizunak ahoan bildu ziren Xibertara.

 

Hausturaren eta erreformaren arteko hautua

 

EAJ-PNV, frankismoko azken urteetan politika erasokorra izan zuena, PSOE ardatz zuen «Plataforma de Convergencia Democrática» delakora atxiki zen 1975eko ekainean. Estatu espainiarrean naziotasun eta nortasun etnikoko erregioak bazeudela jakinik, plataforma horrek Estatuko nazionalitateen autodeterminaziorako eta autogobernu-organoak eratzeko eskubidea aitortzen zien haustura demokratikoa gertatuko zen unetik. Espainiako Estatuaren Konstituzio federala egiteko engaiamendua zen. Baina, 1975eko ekaina eta 1977ko apirilaren 7a bitartean (Espainiako Alderdi Komunista legeztatu zen eguna), «haustura adostua» delakotik (ruptura pactada) oposizioko alderdi handien arteko «erreforma adostua» delakora (reforma pactada) pasa ziren PSOE eta frankismoaren oinordekoak, «Movimiento» delakoaren buruzagi izandako Adolfo Suarez gidari zutela.

PSOEk, 1974ko Suresneseko kongresuaz geroztik Felipe Gonzalezen ekipoak zuzenduak, erreformaren alde egin zuen. Suarezekin adosturik, 1976ko abenduan bere 27. Kongresua antolatu zuen Madrilen. Gertakari hori enblematikoa izan zen Ekialdea-Mendebaldea gatazkak menderaturiko munduan, Olof Palme, Mitterrand, Soares, Nenni eta, batez ere, Willy 77 Brand bezalako buruzagi sozialista handiak bertaratu baitziren. PSOEk bere irudi atlantista zaindu zuen eta bere atzerriko finantzamendua segurtatu, batez ere, Willy Branden SPDren bidez. Era berean, Suarezen politika erreformista legitimatu zuen.

Bestalde, PCE, eurokomunista bilakatua, Suarezek arrapaladan aitortu zuen 1977rako aurreikusitako hauteskundeetan parte hartzeko, Francoren oinordekoek ezarritako mugak zituen demokrazia bitxi horren baitan, herritarrek libreki boza eman baino lehen. Bere printzipioen aurka, erreforman sartzeko eskubidea ordaindu zuen PCEk: errepublikari uko egitea, Estatu bateratua onartzea, Francoren oinordeko zen monarkia eta bere sinbolo guztiak onartzea, biolentzia kondenatzea… Jada Xibertaren garaian legezkoa zen EAJ-PNVrentzat, eta beste guztientzat, hauteskundeetan parte hartzea «erreforma adostua»ri abala ematea zen.

EAJ-PNVtik kanpoko mundu politiko abertzalea osatzen zutenek, ezkerrekoek, haustura egiten ziharduten azken 15 urteetan. Errepresio salbaia, milaka atxiloketa, salbuespen egoera, heriotza zigor, exekuzio, eta abarren ondorioz, jomugadun ehunka atentatu, hildakoak eragin zein ez, grebak, manifestazioak… Talde horietako engaiatuenak Koordinadora Abertzale Sozialistan (KAS) bildu ziren, eta ez haiek ez eta ETA (m)-k eta ETA (pm)-k ez zuten Caudilloaren oinordekoekin «erreforma adostua» bat egin nahi, batetik, «erreforma» hori ez baitzen bateragarria KAS alternatibaren funtsezko zenbait punturekin: amnistia osoa, alderdi gisa antolatzeko askatasun osoa estatutuak inongo autoritateren pean ezarri beharrik gabe, edo Euskal Herriaren subiranotasun eta autodeterminazio eskubidea aitortzea, kasu, eta bestetik, nahiz eta Suarezek erreformak egin, Estatu frankistaren biolentziak bere horretan segitzen zuenez, alderdiak ezin baitziren libreki eratu eta, hain justu ere ETAko presoak, terrorista gisa sailkatuak, ez baitzituzten amnistiatu.

 

Haustura

 

Xibertako elkarrizketak hasi baino lehen, Madrilek bere funtsezko helburuak lortuak zituela argi dago. PSOE eta PC «erreforma adostua» delakoaren baitan bilduta, Kataluniako indar politiko nagusiak bezala, partida ia irabazia zuen Estatu mailan. Suarezentzat, plusa Euskal Herriko indarrak zatitzea zen une hartan, Estatuaren puntu neuralgikoa baitzen.

Jakina zen abertzale guztiek hauteskundeak boikotatzeak eragin esanguratsua izan zezakeela Madrilentzat, baina dudarik ez zen era berean, horrela sortutako hutsunea arerio politikoek baliatuko zutela.

Borroka elektorala besterik aurreikusten ez zuen EAJ-PNVrentzat, hauteskundeetan ez parte hartzea sakrifizioa baino gehiago zen; egin ezin zuen ekintza politikoa zen. Xibertan izan zuen jarrerak argi utzi zuen hori, bere aukera argia, garbia eta behin betikoa zen: hauteskundeetan parte hartuko zuen. Hori horrela izanik, elkarrekin boikota egitea ezinezkoa zen eta, horren ondorioz, gainerako abertzaleengandik (geroago Herri Batasuna osatuko zutenak, ETAren bi adarrak eta Alkateen ordezkariak) bereizi ziren. Izan ere, hauteskundeak batasuna bazegoen soilik boikotatzeko agindua zuten talde horien ordezkariek. Baina, hortik aurrera, zalantzarik gabe haustura gertatua zen, batetik EAJ-PNV eta bestetik EHAS eta ETA (m)-ren artean; azken hauek, Xibertako elkarrizketetan, denentzako amnistia eta alderdi politikoak eratzeko askatasun osoa eskuratzearen menpe ezarri baitzuten hauteskundeetan parte hartzea.

Azken finean, Xibertako elkarrizketak amaituta, EAJ-PNVk «erreforma adostua»ren aldeko hautua egina zuen. EHASek eta ETA (m)-k, eta ETA (pm)-ren zatiketatik sortutako «Bereziak» taldeko kideak bertan zirela, «haustura»rekin jarraitzeko asmoa agertu zuten, eta ezkerreko zenbait alderdi zalantzan zegoen. Monzonek aitortu zuen porrot egin zuela. Ezin izan zuen haustura historikoa ekidin.

 

1977ko ekainaren 5eko hauteskundeak

 

1977ko ekainaren 15eko hauteskundeak Suarezen lehen Gobernuak antolatu zituen. Gobernu horretako 16 kideetatik 14 frankismotik etorriak ziren, Estatuko idazkari ohiak, administrazio zentraleko edo Estatuaren konpainietako zuzendari orokorrak, eta baita «movimiento»ren arduradun ohiak ere, Suarez bera bezala.

Euskal Herrian sortu ziren aliantzek erakusten dute indar politiko abertzaleak sakabanatuak zeudela.

EAJ-PNV bakarrik aurkeztu zen Gorteetako hauteskundeetara, baina argi zegoen PSOErekin zenbaketa prestatua zuela, izan ere, bi alderdiek independenteekin fronte autonomista eratu baitzuten Senatuko hauteskundeetarako. Horrek, ondotik, Xibertan izan zuen jarrera argitu zuen. Alta, Nafarroan, ESB eta EAE-ANVrekin egin zuen bat Union Autonomista de Navarran.

Ezker abertzalea sakabanatuta aurkeztu zen. Legezko ziren ANVk, ESBk, ESEIk, eta Euskadiko Ezkerra koalizioan MCErekin bat egin zuen EIAk parte hartu zuten. EHASek galdeketa boikotatu zuen.

Zenbaketaren ondotik, zenbait ohar egitea nahitaezkoa da.

Lau euskal probintzietan, Gorteetarako 8 diputatu atera zituen EAJ-PNVk, eta PSOEk eta UCDk aurrea hartu zioten hamarna aterata. Alianza Popularrek eta Euskadiko Ezkerrak diputatu bana atera zuten. Beraz, PNV + PSOE fronte autonomistarentzat abantaila.

Senaturako bete beharreko 16 aulkietatik 4 eskuratu zituen EAJ-PNVk, 3 PSOEk, 6 UCDk, 1 ESEIk, 1 EEk. Independenteek ere 1 eskuratu zuten.

Hala ere, 1936 baino lehenagoko lurralde autonomoen arabera kalkulatuz gero, Euskadin EAJ-PNV buruan ageri zen, baina, Nafarroan, UCDk erraz irabazi zuen 5 diputatu-aulkietatik 3 (2 PSOEk) eta 4 senatari-aulkietatik 3 (EAJ-PNVk 1) aterata.

PC suntsitua gertatu zen, bunker frankista irudikatzen zuen Alianza Popular bezalaxe. Emaitza hauek ikusirik, lau probintziak erkidego autonomo bakarrean biltzeko exijitzeak zaila zirudien.

Baina, zenbaketa hauen ondorengo beste aipamen zenbait ere egin behar da.

Lehenik, Espainia Europako gainontzeko herriekin lerrokatu beharraz ohartzen ziren eliteen bidez, frankismoa birziklatzea onartu zuten maila bereko gainontzeko buruzagiek, 79 izan PSOEkoak, EAJ-PNVkoak, Kataluniako alderdietakoak, eta abar. «Erreforma adostua» funtzionatzen zuen afera zen. Gainera, 40 urteko diktaduraren eta despolitizazioaren ostean, bozkatu ahal izate hutsa aski zitzaion gehiengoari sinesteko demokrazian zegoela, eta erregeari esker gainera!

Era berean, hauteskunde horiek sortutako egoerak boteretik baztertu zituen azken 20 urteetan, herriaren sostengu handiarekin, gisa guztietako borrokak egin zituztenak.

Azkenik, argi zegoen ezker abertzalea ezin izango zela luzaz hauteskundeetatik bazter ibili, eta, lehia horretan, bat eginda baizik ezin izango zuela burua zutik atxiki.

 

 

 

Irakurri liburu osos